Zein ondorio nagusi atera zenituzten ikerketa horretatik?
Gipuzkoan eragin ekonomiko nabarmena dute baserritar azokek. Kontsumitzaileei eta ekoizleei galdetuta, ondorioztatu dugu, azoka horiek guztiek 27 milioi euro inguru mugitzen dituztela urtean. Bestalde, ikusi dugu kontsumitzaile askok azokarekiko lotura handia dutela, eta horrek fideltasuna dakar: maiztasun handiz bertaratzen dira merkatura, eta azoka egun bakoitzean egiten duten erosketa 20 euro ingurukoa izaten da, batez beste.
Urtean 27 milioi euro: nabarmentzeko modukoa da?
Bai, kopuru esanguratsua dela esango nuke. Gainera, azokako esparruaz gain, azoka egunek mugitzen dutena handiagoa da. Kontuan hartu behar da azoka egunak, leku askotan, gainerako sektoreentzako dinamizazio egun bilakatzen direla. Azokek herriko merkatal bizitza mugitzen dute eta, hor, urtean, beste 20 milioi euro inguru mugitzen direla ondorioztatu dugu. Areago, efektu biderkatzailea gehituta, Gipuzkoako azoken urteko eragin ekonomikoa 80 milioi eurokoa da: Gipuzkoako Barne Produktu Gordinaren %0,25, gutxi-gorabehera. Zenbaki horiek guztiek erdigunean jartzen dute azoka, zeresan handia dutelako, bai herrigintzan, bai herriko ekonomian.
Zein azoka baliatu dituzue ikerketa egiteko?
Donostiako Bretxa eta azoka ibiltaria, Tolosako azoka, Ordiziako azoka, Arrasateko azoka, Azpeitiko azoka, Eibarko azoka, Bergarako azoka, Zumarragako azoka eta Zarauzko azoka.
Batetik bestera aldetik bada?
Bai, hori ikusten da. Lehen maila batean leudeke Tolosako eta Ordiziako azokak, merkatu egun bakoitzean salmenta handiena duten azokak baitira. Horiekin batera, Donostiako Bretxan gertatzen dena ere esanguratsua da: nahiz eta egunero hainbeste ez saldu, astean zehar egunero izaten da azoka, eta salmenta bolumena ere ugaria da bertan. Aldiz, kontrako emaitzak aurkitu ditugu Eibarko eta Zarauzko azoketan; gutxien saltzen duten azokak dira.
Zein helbururekin ekin zenioten ikerketari?
Helburua azoken eragin ekonomiko eta soziala aztertzea izan da, finean. Baina, aldi berean, ikusi nahi genuen, azoka horiek salmenta zuzenareki edo produktu saskiekin batera zer nolako garrantzia duten lurralde mailako elikagai estrategian.
Datuok ikusita, akaso, herritarrek ere garrantzi handiagoa emango diote azokari, ezta?
Hala beharko luke, bai. Azoka tradizionalak, oro har, gainbehera egon dira azken hamarkadetan, merktaturatze bide berriagoek aurrea hartu dietelako. Hala ere, azokek garrantzi handia dute, nekazal munduaren eta herri nahiz hirien arteko lotura direlako, eta herriko merkataritzari bizia ematen diotelako. Bide horretan, ikerketa honek eta errealitateak ematen du zer pentsa. Etorkizunari begira azokak espazio bizi moduan mantendu nahi baldin baditugu, garrantzi hori eman behar zaie.