Betiko azoken eta ohitura berrien arteko zubiak, Topic zentroan

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko ekainaren 8a

Larunbateroko azoka aztertu zuten, Tolosaren kasuan; Gipuzkoako azoka garrantzitsuenen artean da. ITZEA URKIZU

EHUren udako ikastaroetako jardunaldi bat ospatzen ari dira, gaur, Tolosan; Landaola elkartea aritu da antolakuntza lanetan.

Atzo hasi ziren 2017ko Euskal Herriko Unibertsitatearen udako ikastaroak eta, gaur, bigarren egunez, Tolosako Topic zentroa egoitzetako bat izaten ari da. Azokak eta egungo gizarte urbanoaren beharrak izenburupean, elikadura, landa eremua nahiz gizartearen kontsumo ohiturak hizpide izango dituzte hainbat adituk.

Landaola elkarteak EHUrekin batera antolatu du mintegia, eta Tolosako Udalaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Haziren nahiz Elikaren laguntza izan dute. Iker Karrera Landaolako kide da, eta jardunaldia prestatzea «erronka txiki bat» izan dela dio: «Maila handiko egitasmoa da, eta uste dugu benetan egitarau erakargarria osatzeko gai izan garela, Espainian nahiz nazioartean aritzen den jendeak parte hartuko duelako hizlari moduan».

Gipuzkoako sei landa garapen elkarteren topagunea da Landaola elkartea eta, hain zuzen, horretarako sortu zuten: indarrak batuz, lurralde mailako proiektu berriak sortzeko.

Horrela, beraz, Gipuzkoako azokek duten eragin ekonomiko eta sozialari buruzko ikerketaren emaitzak plazaratuko dituzte gaur. Azken urtebetean garatutako ikerketa da, eta EHUko Mirene Begiristain, Eduardo Malagon eta Aitzina Oñederra aritu dira lanean. Besteak beste, Tolosako azoka izan dute aztergai.

Bide beretik, Ipar Euskal Herriko Idoki etxe ekoizleen elkarteko testigantzak ere mahai gainean jarriko dituzte, eta kontsumo ohiturez eta elikaduraz ariko dira, esparruko hainbat profesional eta akademiko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!