Gutuna: Ados

Maite Ruiz de Eguilaz 2016ko otsailaren 2a

Perspektiba, kolore zein konposizioan bikaina denarekin guztiz ados nago Tolosako Bilgune Feminista eta ahALGARA Moreak Batukada feministarekin, eta baita ere ados nago aurtengo iñauterietako kartelak berdintasun irizpideak betetzen ez dituenaren esanarekin.

Dakizuen bezala, Tomas Hernandez Mendizabalek iñauterietako kartela margotzen 47 urte daramatza, eta orain arte ez du berdintasun irizpideen berri izan. Orain badaki. Gu izan baikinen lehenak aurtengo iñauterietako kartela ikusi eta zituen berdintasun gabeziak konpontzen ahalegindu ginenak. Egilearekin harremanetan jarri ginen, baina “Polvo y Paja” txarangari egindako omenaldia zela eta beste arrazoi batzuk medio, ezinezkoa zela esan zigun.

Argi utzi nahi dut Tomas Hernandez Mendizabalek ez duela Udaletxearentzako egiten kartela, CITentzat baizik. Baina horrek ez digu ardurarik kentzen, eta jada eman ditugu beharrezko pausuak datorren urteari begira berdintasun irizpideak bete daitezen.

Gaineratu nahiko nuke aurten Udaleko berdintasun sailak behar duen presentzia izan duela bai iñauterien aurkezpenean eta baita programan bertan ere, iñauterietako karroza/konpartsa berdinzaleena sarituko dugula, eta lan ildo berberari eutsiko diogula etorkizunean ere.

Olatzek iñauterietako programan aipatzen duenari helduz, izan daitezela jai umoretsuak, berdinzaleak eta elkarretaratzeko are aukera gehiago ematen dutenak.

Gora Tolosako Iñauteriak!

Maite Ruiz de Eguilaz, Tolosako Udaleko Berdintasun zinegotzia.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!