'Kontuz perretxikoekin!' hitzaldiarekin hasiko dira Mikologia Jardunaldiak

Asier Imaz 2013ko urr. 10a, 13:49
Tolosako Casino Elkarteak IV. Mikologia Jardunaldiak antolatu ditu. Urriaren 16tik 19ra, perretxikoen mundua gertutik ikusi eta ezagutzeko aukera egongo da. Antolatu dituzten ekitaldiak, mikologia aditu, zale eta jarraitzaile guztientzat dira.

Tolosako Casino Elkarteak IV. Mikologia Jardunaldiak antolatu ditu hurrengo asterako. Lau eguneko egitarauaren barruan, hitzaldiak, sukaldaritza erakustaldiak, mendi irteera eta abar egongo dira. Casino Elkarteko Joxe Mendizabalek aurkeztu ditu jardunaldiak, Solana 4ko Sonia Tapia eta Astelena Jatetxeko Peio Dohiarzabal sukaldarien laguntzaz.

Mikologia Jardunaldiak 2010ean berreskuratu zituen Tolosako Casino Elkarteak. Duela hiru urte, 125. urteurrena ospatzen ari ziren, eta garai batean egiten zituzten ekimenen artean Mikologia Jardunaldiak zeudela ikusi zuten. Urtemuga horren aitzakian, iragana orain bilakatzea erabaki zuten. Herritarren harrera ona ikusita, 2011n errepikatzea erabaki zuten, eta 2012an, Mikologia Jardunaldiek "oinarri sendoak" hartu zituzten, Mendizabalen esanetan. Aurten, laugarren edizioaren txanda iritsi da, eta Casinokoak arro daude herriari egiten dioten ekarpenarekin: "Tolosarentzat eta tolosarrentzat udazkeneko zita garrantzitsua bihurtu dela uste dugu".

Egitasmo ofiziala hurrengo asteazkenean jarriko dute martxan, baina aurrez, elkarteko kideentzat sukaldaritza ikastaroa eskainiko du Sonia Tapiak urriaren 14an, "bazkideen artean giroa berotzen hasteko". Perretxikoak oinarri izango dituzten jardunaldiak, esan bezala, hilaren 16an hasiko dira: "Egitarauak aurreko urteetako eskema bera izango du, aldaketa txiki batzuekin". Aurten, adibidez, Tolosara ekarriko duten sukaldari izarra, Bidaniako Iriarte Jatetxe Hoteleko Enrique Fleischmann mexikarra izango da. Joxe Mendizabalek bere ibilbidea kontatu du, eta Fleischmann Mikologia Jardunaldietan egotea "ohorea" dela esan du: "Enrique Subijanarekin hasi zen ikerketa lanetan, eta ondoren, Argiñano, Arzak eta beste sukaldari handi askorekin aritu da lanean. Mexikarra Fronton Jatetxeko Roberto Ruiz sukaldariarekin batera egongo da Zerkausian, ekimen miko-gastronomiko batean".

Ostiralean, duela 40-50 urte egiten zen bezala, Tolosa eta inguruko ikastetxeetako haurrekin mendira joango dira Casino Elkarteko kideak, perretxikoak biltzera. Ekimen honetan, Hirukide, Laskorain eta Anoetako Ikastolako DBH1eko gaztetxoek hartuko dute parte. Mendi itzulia egin ostean, bildutakoa Aranzadikoek sailkatuko dute ostiralean bertan, ondoren, larunbateko azoka berezian ikusgai jartzeko. Hilaren 18arekin amaitu aurretik, iazko berrikuntza aipatu behar da, Joxe Mendizabalek iragarri bezala, aurten ere elkarteen arteko sukaldaritza mikologiko lehiaketari eustea erabaki baitute. Zerkausian ibiliko dira partaideak perretxiko eta su artean.

Azken eguna hilaren 19a, larunbata, izango da. Azoka berezian Tolosako eta Goierriko hainbat sukaldari elkartuko dira, euren jatetxeak ordezkatuz. Mendizabalek ekimen hau behin eta berriz azpimarratu nahi izan du, "Mikologia Jardunaldietan sukaldari hauen presentzia oso garrantzitsua baita guretzat". Hauek egindako pintxoak euro batean salduko dituzte eguerdian, eta edaria ere egongo dela esan du Casino Elkarteko kideak. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!