Zabalak gaineratu duenez, "batzuk lau urte igaro dituzte, eta beste batzuei 'Parot' doktrina ezartzen zaie eta zigorra 40 urtetaraino luzatu. Horrelako neurriak hartzea lotsagarria da". Herrira-ren aurkako sarekada ere hizpide izan du Zabalak: "Ikusten da zer gertatzen zaien eskubideen defentsan aritzen direnei. Beste batzuk kalera errazago ateratzen dituzte".
Enrique Rodriguez Galindo lehen ere ez zegoen giltzapean. Gaixotasunagatik etxean zigorra betetzeko baimena eman zioten. Hirugarren gradua ere bazuen, alegia, zigorra betetzen duen tokira lo egitera joateko betebeharra, egun osoa han pasatu beharrik gabe. Orain, baldintzapeko askatasuna eman diote. Galindo Guardia Zibileko general ohiari 75 urteko espetxe zigorra jarri zioten Joxean Lasa eta Joxi Zabala bahitu, torturatu eta hiltzea egotzita, eta lau urte eta lau hilabete besterik ez du egin kartzelan.
Espainiako Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako Jose Luis Castro epaileak eman dio baldintzapeko askatasuna, «jarrera ona» duelako. «Berak izendatutako familiarrak» zaintzeko balditza jarri dio, non bizi den esatea, eta, aldatuz gero, jakinaraztea.
Joxean Lasa eta Joxi Zabala tolosar errefuxiatuak bahitu, torturatu eta hiltzea egotzita 75 urteko espetxe zigorra jarri zion Auzitegi Gorenak 2001ean. Haren aurretik Auzitegi Nazionalak zigortu zuenean sartu zuten preso, 2000, urtean. 2004an atera zen. Gaixo zegoela argudiatuta, zigorra etxean betetzeko aukera eman zioten.
Bihotzeko gaixotasuna zuelako atera zen Galingo giltzapetik, 2004an, Poliziaren zaitzapean, eta 2005ean, hirugarren gradua eman zioten. Orain, zigorraren hiru laurdenak bete dituela argudiatuta, baldintzapeko askatasuna eman dio epaileak, Zuerako espetxeak (Zaragoza) hala eskatuta.
Lasa eta Zabala auziko epaiketan, 73 urteko espetxe zigorra jarri zion Auzitegi Nazionalak Angel Vaquero Guardia Zibilaren teniente koronelari, eta 71 urtekoa Galindori, Julen Elgorriaga Gipuzkoako Gobernadore zibil izandakoari eta Vayo zein Leal guardia zibilei. Rodriguez Galindori eta Julen Elgorriagari 75 urtera luzatu zien zigorra, gero, Auzitegi Gorenak.
Urriaren 15ean beteko dira 30 urte GALek Lasa eta Zabala bahitu zituela.
"@tolosaldeataria: Mikel Zabala: "Lotsagarria da Galindo baldintzapean aske uztea" http://t.co/iPXwMaO9jd" hau da batzuen #zoluetikoa
— ibai iriarte (@ibaiiriarte) October 5, 2013