GAL (Askapenerako Terrorismoaren aurkako Taldea) 1983ko urrian abiatu zuten Ipar Euskal Herrian, euskal errefuxiatuen kontra ekiteko. Honela: «Egoera edozein dela ere, ekiteko modu gomendagarriena bahiketa bidez desagerraraztea dela uste da», ageri da CESIDeko zuzendari Emilio Alonso Manglanoren aginduz landutako eta GALen sortze agiritzat jotzen den 1983eko txosten batean. Esan eta egin, urte bereko urriaren 15ean Baionan bahitu eta desagerrarazi zituzten Joxean Lasa eta Joxi Zabala. Martinez Kolomo errefuxiatuak Arrangoitzeko festetara joateko utzi zien autoa hartzerakoan bahitu zituzten. Hortik aurrera gurutze bide bat hasi zen gazte bientzat eta haien seindeentzat. Lasa eta Zabalarentzat, bahitu, torturatu eta tiroz hil zituztelako, Bussoten (Alacant, Herrialde Katalanak). Eta senide eta lagunentzat, haien aztarnarik ez zutelako izan 1995 arte, desagertu eta hamabi urte igaro arte.
2000. urtean, epaiketa egin zen, eta Espainiako Auzitegi Nazionalak bost lagun zigortu zituen: Angel Vaquero, Felipe Bayo Leal eta Enrique Dorado Villalobos guardia zibilak, Julen Elgorriaga Gipuzkoako gobernadore zibil ohia eta Enrique Rodriguez Galindo komandantea. 67 eta 71 urte arteko zigorrak jarri zizkieten. Estrasburgoko Giza Eskubideen auzitegiak 2010ean epaia berretsi zuen. Inor ez dago preso egun. Hain justu, Galindo baldintzapean aske utzi berri dute. Lasaren arrebak atzo Radio Euskadin esan zuen mindu egin duela erabakiak: «Gogoratu nintzen espetxean egon beharko ez luketen guztiez, gaixotasun sendaezina izan eta kartzelan jarraitzen dutenez».
Hamabi urtez desagerturik
Bi gazte tolosarren bahiketaren urteurrenean, Berria egunkariak GALi buruzko multimedia gunea zintzilikatu du interneten (gaur aurkeztuko du jendaurrean, Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean, 19:30ean). GALen historia, atentatuen kronologia, hil zituen 27 lagunen soslaiak, ikerketen nondik norakoa, eta besteak beste, Lasa eta Zabalaren gorpuak identifikatu zituen Francisco Etxeberria auzi medikuari eginiko elkarrizketa bildu dituzte bertan. Haren hitzetan, osagai guztiek bat egiten dute Lasa-Zabala auzian: «Funtzionario publikoek diru publikoz jardun zuten, beren agintarien jakinaren gainean. Beste herrialde batean egin zuten bahiketa, muga igaro zuten, torturatu zituzten, eta Estatu espainiarraren jokabidea hain da negargarria, erabaki zuela biak hiltzea eta desagerraraztea. Hau baino gauza larriagorik ezin da».
Lasa eta Zabalaren gorpuzkinak 1985ean agertu ziren arren, hamar urte igaro eta gero identifikatu zituzte. Heriotzaren gaineko ikerketa zabaldu zen Espainiako Auzitegi Nazionalean, eta lehen ikerketek jada Intxaurrondo (Donostia) seinalizatu zuten.
Pedro Gomez Nieto 1983an CESIDek Donostiako Guardia Zibilaren komandantzian zuen gizonak CESIDeko buruzagi Juan Alberto Peroterekin izandako elkarrizketaren transkipzioak argitu zuen nola hil zituzten Lasa eta Zabala: «-Hori bi tiro buruan izan ziren», azaldu zion Gomez Nietok Peroteri. Perotek: «-Alegia, hil egin zituztela, kontua ez dela hil egin zitzaizkiela». Gomez Nietok: «Bai zera, bai zera... Hori, lehendabizi bi hobi egitera behartu zituzten, bi hobi eginarazi genizkien».
Garcia Goena auzia, itxi gabe
1983an Lasa eta Zabalarekin GALek hasitako bidea 1987an amaitu zen. Tartean, 27 hildako eta hainbat atentatu eta bahiketa saiakera egin zituen, gehien-gehienak Ipar Euskal Herrian. Juan Carlos Garcia Goena gazte tolosarra izan zen azken hildakoa. Soldadutzatik ihes egin eta Hendaian jarri zen bizitzen bikotekidearekin. Garcia Goena ez zen ohiko errefuxiatua, baina autoan bonba bat jarri eta hil zuten.
Jose Amedo eta Michel Dominguez Espainiako poliziak epaitu zituzten atentatuaren harira, baina errugabe jo zituzten.
Joxean Lasa (1963-1983)
Tolosako Olarrain auzoko Aldaba Txiki baserrian jaio zen eta bertan bizi izan zen ia 20 urtez. 1982an, Tolosako banketxe batean eginiko lapurreta baten ostean, ihes egin zuen Joxi Zabala lagunarekin batera. Harekin zegoela bahitu zuten 1983ko urriaren 15ean.
Joxi Zabala (1962-1983)
Tolosako Olarrain auzokoa, sei senideetatik bigarrena zen. «Saltsa guztietako perrexila» zela dute gogoan, eta musika, eskulanak eta mendia maite zituela. Lasa lagunarekin batera erbesteratu zen Ipar Euskal Herrian, eta harekin batera zegoela hil zuten.
Juan Carlos Garcia Goena (1959-1987)
Hiru senideetan zaharrena, txikitatik ezinezkoa omen zen bera menderatzea. Soldaduska egiten sei egun iraun zuen; ihes egin eta Hendaian jarri zen bizitzen bikotekidearekin batera. Autoan bonba jarrita hil zuten.