GAL, 30 urte

'Berria'-k GALi buruzko multimedia gunea jarri du sarean

Ataria 2013ko urriaren 10a

Asteartean beteko dira 30 urte GALek Joxean Lasa eta Joxi Zabala desagertarazi zituenetik. GALen azken hilketa, 1987, Juan Karlos Garcia Goena tolosarrarena izan zen. 'Berria'-k gertatutakoaren kontakizuna, errefuxiatuen ikuspuntua eta hildakoen soslaiekin abiatu du multimedia gunea.

Datorren asteazkenean betetzen dira 30 urte GALek Joxean Lasa eta Joxi Zabala bahitu zituenetik. Modu horretan hasi zen 1983tik 1987ra 27 pertsona hil eta beste hainbat zauritu zuen erakundearen ibilbide ankerra. Lau urtean hil zituzten, eta gehiago ere izan zitezkeen. Euskarazko egunkariak Lasa eta Zabalaren bahiketaren urteurrena baliatuz multimedia gunea jarri du martxan gaur, lehen hiru atalekin: 1983 eta 1987 urteen arteko kontakizuna, errefuxiatuen egoera eta hildakoen soslaiak.

Gainontzeko atalek datorren asteartera bitartean osatuko dute webgunea: bihar, prozesu judizialari eta ondorioei dagozkienak, eta etzi, ikerketa kazetaritzari eta atentatuei dagozkioenak, horien fitxa eta maparekin. Asteartera bitartean eduki gehiagorekin osatuko dira atalak, tartean, gerra zikinarena. Izan ere, hilaren 15ean jendaurreko aurkezpena egingo da Martin Ugalde Kultur Parkean, Andoainen (Gipuzkoa), 19:30ean.

ETAko kideak ziren hildakoetako batzuk, beste arrazoi batzuengatik errefuxiatutakoak beste batzuk, eta politikarekin batere zerikusirik ez zutenak ere izan ziren hildakoen artean. 'Berria'-k webgune berezian hildako horien soslaiak osatu ditu, ahal izan den kasu guztietan, senide eta lagunekin hitz eginda. Gainera, 1983-1987 kontakizun nagusian gertatutakoa jaso du Eider Goenaga kazetariak. 40 laguneko lan talde batek hartu du parte webgunean, tartean, kazetariak, bideogileak, 'Berria'-ren webguneko teknikoen lantaldeak eta euskara taldea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!