Iker Karrerak jaso du Orexa Saria

Rebeka Calvo Gonzalez 2022ko mai. 21a, 14:56
Iker Karrera eta Eneko Maioz, saria eskuetan dutela.

Orexako herriak urte hauetan jaso duen babes eta laguntza guztia eskertu nahi izan du Orexa Sarien bidez. Lehen edizio honetan Iker Karrerak eskuratu du oroigarria, Tolomendiko ordezkari moduan.

Orexak bidelagun asko izan ditu azken urteetan eta horietako asko bildu dira gaur, ostatuko ganbaran egindako ekitaldian. Orexa Sariak banatu dituzte lehen aldiz eta oraingoan Iker Karrera Tolomendiko ordezkaria saritu dute.

Orexan bidea ez dela amaitzen, hasi egiten dela esan du Eneko Maioz alkateak, eta ideia horren bueltan aritu da. Eskertza ekitaldi bat egin nahi zutela esan du, elkarlanaren bidez gauza handiak egin daitezkeela erakutsi ahal izan dutelako. Orexa marka da oinarria, eta hor kokatu behar da ostatuaren eredu berritzailea, nahiz eta horren bueltan hori baino askoz gehiago egin duten herritarren, herriko Oihan Txiki kooperatibaren eta bidelagun izan dituzten eragile eta erakundeei esker. "Betiko ostatuen eredua agortuta zegoen, eta elkarlanaren eredua abiarazi genuen egoera horri buelta emateko", esan du. Garbi zuten ostatuak herritarren biltoki izaten jarraitu behar zuela, baina baita bestelako balioak bildu behar zituela ere; bertako produktuak, lehen sektorea eta funtzionamendu berritzaileak behar zituen.

Eredu horren muinean kokatu du Oihan Txiki kooperatiba, nabarmenduz herriari "sekulako ekarpena" egin diola. "114 biztanle gara eta elkarlanean gauza interesgarriak egin daitekeela erakutsi dugu". Kooperatibari eta bertako produktu izarra den gaztari egin dio erreferentzia eta latxa esnez egindako lehen gazta urdina Orexa bezalako herri txiki batean egin dela esan du.

Ingurunea eta energia aipatu ditu alkateak. Ingurugiroa zaintzen dute orexarrek eta horretan ere Oihan Txikik sekulako garrantzia duela azpimarratu du. Energia berriztagarrien inguruan aitzindaria da ere eta hiru instalazio fotovoltaiko ditu ostatuan, frontoian eta Oihan Txiki kooperatiban. "Herrian behar den energiaren erdia sortzen dugu, eta bide horretan jarraituko dugu". Ez da edonolako apustua, izan ere, panelak udalarenak badira ere, herritarrek osatzen duten kooperatibak kudeatzen baitu, hau da instalazio publikoak dira.

Herritarrak izan ditu gogoan uneoro, eta herrian egindako lana harro egoteko modukoa dela esan du. Hor kokatu behar dira Orexa Sariak: "Aitzakia bat da lagundu digun jendeari eta herritarrei eskerrak emateko". Pertsonak jarri ditu erdigunean, eta horregatik, harreman pertsonal horietan sinesten dutelako, erakundeak baino, bidelagun izan dituzten erakundeetako pertsona zehatzak gonbidatu dituzte. Eta bukatzen ez den bide horretan, Iker Karrera saritu nahi izan dute, Tolomendiko ordezkari moduan.

"Orexan bide oparoa egin dute"

Iker Karrerak Tolomendiko lehendakari eta kide guztiak izan ditu gogoan saria jasotzerakoan. Orexan bide oparoa egin dutela nabarmendu du, "eskerrik asko bide hau konpartitzeagatik".  "XXI mendeko kooperatibak zer izan behar du? Horretan ari zarete eta gu babesa eta laguntza ematen ari gara, baina zuek ari zarete lan egiten". Elkarlana aipatu du ere, eta ez dela aukerazkoa esan du, egin beharra dagoela, batez ere, herri txikietan. Landa garapena pertsonek egiten dutela esan du eta pertsona guzti horiek egindako lana goraipatu du.

 

 

Erlazionatuak

Maioz ez da udal hauteskundeetara aurkeztuko

Rebeka Calvo Gonzalez 2022 mai 21 Orexa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!