Eguzki panelak eta bateria jarriko dituzte Segoretxen

Tolosaldeko Ataria 2022ko api. 20a, 19:59

Sorkuntza puntu berriarekin, energia berriztagarrien sare bat osatuko du Orexako Udalak, udalaren eraikin guztiak hornitu ahal izateko.

Energia berriztagarrien inguruko lerroan sakontzen jarraitzen du Orexako Udalak. Bide horretan hainbat proiektu egin nahi dituzte, aurten, zein datozen urteetan. 2022ari dagokionez, udal eraikinetako sare bat osatuko dute, eraikin horietan gastatzen den energia sortu eta partekatzeko. Horixe da abenduan onartutako aurrekontuetan jaso duten inbertsioetako bat.

Denera 310.000 euroko aurrekontua dute aurten. Eneko Maioz alkateak esan duenez, aurrekontu "nahiko altua" da aurtengoa, izan ere, iaz diru laguntza bat jaso zuten Oihan Txiki kooperatibaren eta udalaren artean egin nahi duten eraikina altxatzeko, eta horregatik igo zaie "hainbeste" aurreko urteekin alderatuta.

Lehen fasean eraikina bera egin nahi dute; "eraikin handia izango da". Oihan Txiki kooperatibaren gaztandegi berria joango da beheko solairuan, eta goiko solairua udalarena izango da. Gune hori zertara bideratu lantzen ari dira orain: "Ideietako bat da gaztaren interpretazio zentro bat egitea, tailerrak egiteko, gazta berrien probak egiteko, baina baita ere ikusten dugu lotura eman behar zaiola lanpostuak sortzeko". Coworking moduko bat egitea pentsatzen ari dira, "batetik, abeltzaintzari lotutako gauza berriak ikertzeko edota beste jende bat erakartzeko eta herriko gazteei aukera ezberdinak sortzeko". Maiozek dio, herrian esaterako arkitektoren bat edo bestelako lanbideren bat duena balego, bere bulegoa jartzeko aukera eskaini beharko lukeela eraikin horrek, "leku egoki bat". Elkarlaneko proiektu horrekin, Oihan Txikiri hazten lagunduko dio udalak, eta beste zerbitzu batzuk eskainiko ditu.

Energia berriztagarrietara

Denbora daramate energia berriztagarrien inguruko lanketa egin eta pausoak ematen Orexan. Batetik, energia berriztagarrien kooperatiba sortu zuten herrian, eta bere ildotik, etxebizitza pribatuetan eguzki panelak jartzeko proiektua eramango dute aurrera. Udalak egin beharrekoetan, berriz, udal eraikinetako sare bat osatuko du, eraikin horiek energia berriztagarriz hornitzeko.

Maiozek azaldu duenez, gaur egun, udal eraikinak frontoiko instalazioaren erabiltzaile bezala zeuden sartuta, eta Ostatuak bere instalazioa zuen. Orain, ordea, Segoretxen eguzki panelak eta bateria bat jarriko dituzte, eta Ostatuarekin eta udaletxearekin lotuko dituzte, sare horren bidez energia partekatzeko. "Horrela, udal eraikin guztiak hornituko lituzke".

Behin Segoretxen panelak jarrita, udal eraikin guztiek bi sorkuntza puntu edukiko dituzte: bata Ostatuan eta bestea Segoretxen, eta biek momentu berean sortuko dute energia. "Sortzen duten soberakina bateria bidez pilatuko da. Proba bat izatea nahi genuke aurrera begira, izan ere, etorkizunean bateriak etxebizitzetan jartzea aurreikusten dugu, sistema zentralizatu baten bidez".

Energia kontsumoari begira, bi helburu jarri ditu Orexako Udalak: hiru urteko epean behar duten energia guztia herrian bertan sortzea. "Momentu honetan behar dugun energiaren erdia sortu genezakeela uste dugu, beraz, aurrerapauso txiki hauekin portzentaje hori handitzea lortu nahi dugu". Bigarren helburua, datozen hamar urtetan berokuntza sare propioa edukitzea da. "Normalean herri txikietan ez dago gas sarerik, eta sare hori udalak egiteak eta publikoa izateak jabea zu zeu izateko aukera ematen du".

Aurten, lehen fase moduan, galdara gela prestatuko dute udal eraikinaren azpian dagoen sotoan. Berokuntzak pelletarekin funtzionatuko du. "Berez proiektu garestia da, ur beroko hoditeria herri guztian zehar pasa behar delako; obra hori da garestia, gainerakoan sistema bera ez da hainbeste kostatzen". Orexa "nahiko herri bildua" denez, aukera ikusi dute horrelako inbertsio bat egiteko, eta Europako Funtsetatik eta energia berriztagarrien inguruko lerroetatik datozen diru laguntzak baliatuko dituzte.

Inbertsio horrek, herriko etxebizitzentzat ur beroa eta berogailua eskainiko lituzke. Ikerketa bat egin dute, eta sare hori herriaren %80ra iritsiko litzateke, eta beste %20ari zein soluzio eman pentsatzen ari dira. Proiektu hau garatu ostean, herritarrei aurkeztu nahi die udalak, zein interes dagoen ikusi eta aurrera eramateko.

Ostatuari azken ukituak

Ostatuak denbora darama martxan eta sortzen diren beharretara egokitzen jarraitzen dute. Ganbaran jarduera desberdinak antolatzen ari dira, eta azpiegitura hobetzeko inbertsio batzuk egin behar izan dituztela kontatu du alkateak.

Era berean, terraza handituko dute aurten: "Gaur egungo terrazak bereziki itzal asko du, bere orientazioagatik, eta ertz batetik zabaltzeko aprobetxatuko dugu eguzki ordu gehiago edukitzeko". Esan duenez, jai egun eta asteburuetan jende asko joaten da mendi aldera Orexara, eta Ostatuari falta zitzaion azken ukitua emango diote horrela.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!