Orexan tokiko energia komunitatea sortzeko prozesua zein fasetan dago?
Guk alderantzizko bidea egin dugu. Lehenik energia komunitatea sortzeko baldintzak sortu ditugu, gero komunitatea bera sortzeko. Guk dagoeneko urrats batzuk eginak ditugu, azpiegitura batzuk sortuak ditugu herrian.
Zein azpiegitura sortu dituzue orain arte?
2019 urte bukaeran herriko ostatuaren teilatuan jarri genituen lehenengo eguzki plakak, 50 guztira. Beste 100 plaka jarri genituen iaz pilotalekuko teilatuan eta aurten Oihan Txiki kooperatibako teilatuan jarri ditugu azkenekoak, 80. Orotara, 130.000 euroko inbertsioa egin dugu azpiegitura horiek sortzen. Laguntza publikoa jaso dugu eta eskertuta gaude erakundeekin proiektuan sinetsi dutelako.
Zenbateko energia aurrezpena egiten duzue?
Zaila da kalkulatzen, azkeneko urte eta erdia berezia izan baita koronabirusagatik. Dena den, orain arte, energia berriztagarrien sorkuntzan egin dugu ahalegina. Autokontsumo komunitarioan parte hartzeko herritarrei eskatu zaien baldintza bakarra izan da euren etxebizitzetako teilatuak uztea egoki ikusten bada azpiegiturak bertan jartzeko. Pozik gaude denek eman digutelako baiezkoa. Aukera hori aurrera badoa, uste dugu Orexan behar dugun energia ia guztia sortuko genukeela hemen. Gero, energia horren aprobetxamendu egokirako eta banaketarako bide egokiak topatu beharko ditugu eta horretarako sortuko dugu tokiko energia komunitatea
Nola eratuko duzue energia kooperatiba?
Zazpi lagun ariko dira zuzendaritzan: lau herritar eta beste hiruak herriko erakundeetako udala, kooperatiba eta ostatua ordezkari. Sortuta dauden azpiegiturak kudeatuko dira kooperatibaren bitartez. Irabazi asmorik gabeko kooperatiba izango da eta irabaziak lortuko balira berriro herrian inbertituko ditugu, energia berriztagarrien arloan. Martxan dugun Orexa Bizirik proiektu estrategikoaren barruan herritarrak babesteko politikak sustatzen ditugu, herria bizirik mantendu dadin. Guk sortzen dugun energia horren banaketa soziala bultzatuko da. Aurrezpen guztia kalkulatu eta gero irizpide jakin batzuen arabera banatuko ditugu herritarren artean. Hobari handiagoa izango dute herriko enpresek edota familia zaurgarriek.