Erik Jaka pilotari lizartzarrak 2028ra arte luzatu du kontratua Baiko Pilota enpresa bilbotarrarekin. Jakak 2013an egin zuen debuta profesionaletan Aspe enpresarekin, Eibarko Astelena pilotalekuan. Handik hamar hilabetera, Bigarren Mailako Binakako Txapelketa irabazi zuen, Beñat Rezusta atzelariarekin; 22-4 irabazi zieten Gorka-Merino bikoteari. Handik urtebetera ere irabazi zuen Bigarren Mailako Binakako Txapelketa, kasu horretan, Xabi Tolosa anoetarrarekin; 22-17 gainditu zituzten Rico IV.a eta Larunbe. 2016an, Bigarren Mailako Lau eta Erdiko Txapelketa irabazi zuen, Dariori 22–10 irabazita.
2020an, buruz buruko txapelduna izan zen, Jokin Altunari 22-20 irabazita. Urte berean, txapeldunorde izan zen Lau eta Erdiko Txapelketan; final hura ere Altunaren aurka jokatu zuen, eta 9-22 galdu zuen lizartzarrak. 2021ean, Aspeko jokalari izateari utzi zion, eta Baiko Pilotak fitxatu zuen. Hamahiru denboraldi igaro dira debutatu zuenetik, eta Lizartzako aurrelariak onenen artean jarraitzen du.
Jokatu dituen azken bi partidak galdu ditu Jakak. Joan den ostiralean, binaka jokatu zuen Villabonako Bearzana pilotalekuan, Landarekin osatu zuen bikotea, eta 20-22 galdu zuten Larrazabal-Gabirondo bikotearen aurka. Lehenago, urriaren 10ean, Lasoren aurka jokatu zuen Iruñeko Labrit pilotalekuan Lau eta Erdiko Txapelketako final-zortzirenetako kanporaketako neurketa, eta 10-22 galdu zuen.
2026-2027 denboraldia abian dela, bukatu berri den urtea aztertu du lizartzarrak, eta aurrera begira, akordio berriak eskaintzen dizkion erronkei buruz hitz egin du: «Oso pozik nago kontratua luzatzeagatik. Erronka berriak ditut aurretik, eta horiek lortzeko lanean jarraituko dut. Ea nire maila onena ematen dudan».