Txapa airera, eta lehen sakea, gorri. Lehen tantoa ere bai, Altunak pilota txapara bota eta gero. Artekaririk ez zegoen aurtengo finalean; kontrakantxan, beraz, dirua mugitzeko aukerarik ez. Eta mugitu, lizartzarrak mugitu du amezketarra. Kantxaren alde batetik bestera aritu da Jokin, Eriken zuzendaritzapean.
Oso erasokor hasi da Erik, erabat agintzen: 5-0 eta Altuna aulkira. Atsedenaldi txikiaren ondoren ere, izaera berarekin jarraitu du Jakak. Hala ere, boleaz gaizki jotako pilota batean heldu da galdutako lehen tantoa. Hurrengoa, Altunak maisuki egindakoa: txokoan goxo-goxo utzia: 5-2. Gerturatzen amezketarra.
Tanto horren atzetik, partidako tanto gogorrenetako bat, abiadura handian jokatutakoa. Erikek atzera, eta Jokinek boleaz itzultzerik ez. Hurrengo biak, ordea, Altunaren alde; horietako bat, sakez: 6-4. Erikek berera jarraitzen zuen, era guztietako tantoak eginez. Jokin, berriz, normalean egin ohi ez dituen opariak egiten ari zen. 8-4 aurreratu da lizartzarra. Amezketarrak, baina, partidatik atera gabe jarraitzen zuen, eta pixka bat gerturatzea lortu du: 9-6, eta bigarren atsedenaldi laburra, kasu honetan, Jakak eskatutakoa.
Atsedenalditik bueltan, lehengo lepotik burua. Tanto bikaina egin du Altunak; segidan, ordea, beste opari bat lagunarentzat. Hurrengo bi tantoak sake on banaren bitartez lortu ditu Jakak. Ondorioz, aurretik zen lehen atsedenaldi luzean: 12-7.
Amaieran, kostata
Aire pixka bat hartzea, baina, ez da eraginkorragoa izan Altunarentzat. Jakak bere jokoa egiten jarraitu du, ausart jokatuz, indartsu. Fisikoki ere amezketarra baino gehiago zela erakusten ari zen. Lau tanto lortu ditu segidan, azken biak, Jokinen dejada banatara bere burua lurrera botaz iritsi, eta ozta-ozta txapa gainean jarriz: 16-7, eta finala apur bat hausten ari zela zirudien.
Altunaren erreakzioaren zain zeuden pilotazale ugari. Iritsi da, amezketar askoren lasaitasunerako. Baina ez da nahikoa izan, Erik are indartsuago hasi baita jokatzen, pilotari astindu handiagoak ematen. Horren adibide, 17-10ekoa: finaleko tanto gogorrenean, pilotatuenean, eskuin bolea beldurgarria jo, ezker horman baztertu eta Jokinek eramaterik ez. Lizartzatik gertuago zirudien txapelak.
Partida bideratuta zuelakoan, baina, gainbehera txiki bat izan du lizartzarrak; arazo fisikoak nabaritu ditu hanketako batean. Altunaren susperraldi txikia izan da: 17-14; oraindik ere dena erabakitzeke. Ia hogeita bigarrena egitea bezain beste eskertu du Jakak hemezortzigarren tantoa lortzea, pilotarientzat ezinbestekoa izaten baita bigarren atsedenaldi luzera aurretik heltzea: 18-14.
Ondoren, beste hiru tanto jarraian berarentzat: 21-14. Baina, Altunak ez du azken hitza esan, eta lau tanto egin ditu sakez. 21-20 gerturatu da.
Pilotan, baina, ezinbestekoa izaten da 22.era iristea. Are gehiago, gaur. Neke handiarekin amaitu dute partida biek, Jakak, gainera, arazo fisikoekin. Hala ere, berarentzat 22. tantoa: 22-20. Herrenka aritu arren, estreinako txapela lizartzarrarentzat.