Partidari eraginkor ekin dio lizartzarrak, aurkariak finalerako aukeratutako pilotetako batekin, gainera. 3-0 aurreratu da. Partida hasi aurretik, baina, argi zuen Altunak pilotakada bakoitzari ahalik eta probetxu handiena ateratzea izango zela garrantzitsuena. Sakea berreskuratzeak ere lasaitasuna emango liokeela zioen; horrela izan da. Erabat kontzentratuta aritu da hasieratik, eta joko bikainari esker lortu du lehen alde txikia: 3-5.
Ondorengo tantoa luzeagoa izan da, partida gogortzen ari zenaren seinale, eta horrekin batera, lehen akatsak, ia denak, erasoan. Dejada egiten hasi eta beheko koltxoira joan zaio amezketarrari; gero, zabalera zihoan pilota bati botea egiten utzi eta barruan izan da. Hala ere, bigarren berdinketaren ondoren, berriro aurretik jartzea lortu du Altunak: 5-9, Jakak eskatutako lehen atsedenaldi laburraren aurretik.
Lehen tanto horietan, gainera, deseroso zirudien Jakak, buruz buruko txapelketako finalean ez bezala. Sakea aurkariak egiten bazuen ere, erasora pasatzeko aukera izaten zuen tanto gehienetan, baina gero ez zuen asmatzen amaieran. Altunak asko asmatu du, pilotari abiadura emanez eta aurkaria batetik bestera mugiaraziz.
Kolore urdina nagusi
Bizi zihoazen tantoak, eta sekulako abiaduran zihoan partida. Lan erdietarako 71 pilotakada besterik ez zituzten joak, eta lehen atsedenaldi luzera 7 tantoren aldearekin heldu da amezketarra: 5-12. Erabat nagusi zen Altuna. Jaun eta jabe.
Aulkitik bueltan, eraginkor jarraitu du buruz buruko txapeldunordeak, joko bikainari jarraipena emanez. Lizartzarrak izan du tantoren bat edo beste egiteko aukerak, baina ez ditu behar bezala aprobetxatu. Altunak, erasoan ez ezik, lan handia egin du defentsan. Bazekien aurkariari sakea ematea arriskutsua izan zitekeela, eta beraz, azkenak balira bezala joan da pilotakada guztiak jotzera.
Guztiz nabarmentzekoa izan da amezketarraren 16. tantoa, ordura arteko tantorik gogorrena. Mendean hartuta zuen Jakak, eta ia harmailetaraino joan da amezketarra pilotakada bat jo ondoren, baina azkenean, defentsa ikaragarria erakutsi eta 20 pilotakada jo eta gero, eskuin sotamanoz egindako horma-biko dotore batekin amaitu du Altunak.
Buelta emateko, alde handiegia
Hurrengo tantoa ere, modu berean lortu du. 18.a, berriz, txokoan goxo-goxo utzitako pilota bati esker. Tantorik egin gabe jarraitzen zuen lizartzarrak, ezinean. Bigarren atsedenaldi luzean, 13 tantoren aldea markagailuan: 5-18.
Berriz kantxara itzuli direnean, sakea berreskuratu eta hurrengo tantoan nagusitzea lortu du Jakak. Orduan, bazekien txapelaren borrokan sartzeko arriskatzea beste erremediorik ez zuela. Horrela, pare bat tanto egin ditu. Erreakzioak, ordea, ez dio luzaroan iraun, eta Altunak berehala lortu du beste tanto bat: 7-19, 8-20 eta 9-21.
“Inoiz baino txapeldunago sentitzen naiz”
Azken tantoa, final osoa laburbildu zezakeen tantoa izan da. Sake ona Altunak, Jakak aukerakoa utzi, amezketarrak ondo markatutako gantxoa egin, lizartzarrak pilota frontisean jartzea lortu, baina azken pilotakada, kantxa osoa berarentzat zuela jo du Altunak. Amaieran, 22 eta 9. Amezketarra da Lau eta Erdiko Txapelketako txapeldun berria.
Finala amaitu berritan, ETB-n egindako adierazpenetan, partida osoan zehar oso ondo sentitu dela adierazi du. “Pilota luzatzen saiatu naiz, eta asko eskertu dut pilotak biziak izatea. Banekien asko jokatu beharko nuela Erik menperatzeko”.
Modalitate honetan bosgarren finala jarraian jokatu ondoren (historiako lehena da), bigarren aldiz lortu du txapela Altuna III.ak. “Inoiz baino txapeldunago sentitzen naiz gaur”, aitortu du. “Irabaztea oso zaila izaten da, eta geroz eta maila handiagoa dago pilotarion artean. Oso gustura nago”.
Lehen tantotik amaierara arte, erasokor eta eraginkorra izatea zen Jakaren asmoa. Ez da horrela izan, ez baitu bere jokoa egitea lortu. Deseroso egon da final guztian zehar lizartzarra. "Pozik nago, hemen egotea ez da gutxi eta. Meritu ikaragarria du Jokinek, eta nik ez dut batere asmatu partidako une askotan, zenbait erabaki hartzerako orduan", adierazi du partida amaitu berritan.
Estatistikak:
- Egindako tantoak: Jakak, 6; Altuna III.ak, 15.
- Sakez: Jakak, 1; Altuna III.ak, 3.
- Galdutako tantoak: Jakak, 7; Altuna III.ak, 3.
- Pilotakadak: Jakak, 89; Altuna III.ak, 97.
- Iraupena: 40 minutu.