«Aspen bezala, Baikon ere nire mailarik onena ematen saiatuko naiz»

Asier Imaz 2021ko api. 21a, 07:59

Beste kamiseta bat jantzi arren, izena bera izango dela eta pilotaria ere bai dio Erik Jakak. Aspeko jendeaz daraman irudia eta berak uzten diena ona dela nabarmendu du.

Kirol ibilbidean etapa berri bati hasiera emango dio Erik Jakak (Lizartza, 1994). Aspe enpresan zortzi urte egon eta gero, Baiko Pilotarekin sinatu du. Asperen kamiseta jantzita duela azken partida jokatuko du larunbat honetan, Logroñoko Adarraga pilotalekuan. Atzelaria Xabier Tolosa anoetarra izango du, eta aurkari Peio Etxeberria eta Martija.

Buruhauste asko izaten ari zara azken egunotan?

Nahigabe ere izaten dira buruhausteak, ez gauzak gaizki zeudelako edo horrelako zerbaitengatik, baina nahi gabe ere buruari buelta gehiago ematen dizkiozu. Aurreko astean dena sinatu, bukatu eta argitaratu zenean, lasaitu dezentea hartu nuen.

Baikorekin 2024ko abenduaren 31 arte sinatu duzu. Nahi bezain luzea da hitzarmena?

Egia esan oso kontentu nago lortu dudan akordioarekin. Denok gure ibilbidea luzatu nahi izaten dugu, baldintza onetan jokatzen aritu, eta ni alde horretatik oso gustura geratu naiz. Lehen Asperekin nuen kontratua 2022ko abuztuan bukatzen zen. Orain sinatu dudana luzeagoa da eta ekonomikoki ere hobeagoa izanik, oso kontentu nago.

Ezustekoa ere izan da zure hitzarmen berriaren albistea.

Azken garaian entzuten zen Aspetik Baikora pilotariren bat edo beste pasatzea, baina ez duzu agian inoiz pentsatzen zu izango zarela bide hori hartuko duena. Niri orain aste batzuk esan zidaten Baikoren aldetik interesa zegoela ni bertara joateko, eta gauzak ondo egin ditugu: hiru alderdiek tratatu beharreko gai bat zen eta horrela egin dugu. Nik uste dut iritsi garen puntura iritsita, hiru aldeak gustura geratu garela, eta hori dela garrantzitsuena.

Azken garaian jauzia eman duzu, tartean buruz burukoan txapela jantziz. Akordio berri honek hori islatzen du?

Nik uste dut hortik doazela tiroak. Nik orain arte izandako kontratua orain bi urte sinatutakoa da. Nire gorakada ere orduan hasi zen gehienbat. Kontratuak normalean kirol mailarekin bat joaten dira, eta izan dudan kontratua orduko nire kirol mailarekin guztiz bat zetorren, eta horregatik sinatu nuen. Orain ikusita azken bi urte hauetan izan dudan gorakada hori, eta lehen mailan pixkana egonkortu naizela, txapelketetan titular izaten ari naiz, eta 2020ko txapela irabazi eta txapeldunorde izateak aukera eman dit kontratu hobe bat lortzeko.

Nahiz eta baldintzak hobetu, ez zen erraza izango erabakia hartzea, Aspen zortzi urtez egon ondoren.

Ez, azkenean buruari buelta dezente ematen dizkiozulako. Nik garbi dudana da ez noala Baikora alor ekonomikoagatik bakarrik. Ilusioa sortzen didan pausoa da, uste dut nire kirol ibilbidean aurrerapauso bat dela, eta esperientzi berri bat bizitzeko gogoa dut. Egunerokoa ez zait gehiegi aldatuko. Bai arituko naizela tekniko berriekin, eta Aimar Olaizolarekin lan egiteko ilusio berezia dut.

Baikon enpresaren pisua eramatea tokatuko zaizu orain?

Ez dakit hori horrela izango den. Garbi dudana da Aspen saiatu naizen bezala, Baikon ere nire mailarik onena ematen saiatuko naizela, eta gero emaitzak ere hortik etorriko dira. Aspen lortu badut lehen mailan jokatzea, Baikon ere helburu horiek ditut, eta alde horretatik egingo dut lan.

Zer sentsazio dituzu Aspeko pilotari bezala jokatuko duzun agurreko partidarekin?

Sentsazio nahiko arraroak. Aho zapore onarekin utzi nahi dut Aspe. Bertako jendeaz daramadan irudia eta nik beraiei utziko diedana ona da, eta uste dut bizitza honetan garrantzitsuena hori dela.

Orain zaleek kamiseta berria erosi beharko dute.

Ez dut uste kamiseta aldatzeagatik pilotaria aldatuko denik. Aspen eman ditudan urteak oso onak izan dira, eta Baikon espero dut horrelako urte onak izatea. Zaleek ikusiko dute Aspeko edo Baikoren kamiseta eraman; egia esan, polita izango litzateke Baikokoarekin ikustea orain, baina izena bera izango da eta pilotaria ere bai.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!