Rosita umetan euskalduna zen, gaztaroan euskara galdu eta AEKn eman zuen izena 1980an, lehen Korrika ospatu zen urtean. Gerora irakasle sartu eta ordutik ez du Korrikaren edizio bakar batean ere huts egin. Orain, esperientziak eman dion jakinduriatik aritzen da herriz herri lasterketaren inguruan, lehen Korrika hartarako erosi zuen txandala soinean daramala. Abestien errepasoa, parte hartzeko gomendioak, antolakuntzarentzat oharrak eta bestelakoak ematen ditu bere «eskola» partikularrean: Ttipi-ttapa, ttipi-ttapa: _ _ _ _ _ _ _! izenekoan.
Lizartzako Itziar Saenz de Ojer Martinezek (Donostia, 1976) prestatu du aurten Korrika Kulturalaren barruan eskaintzeko ordubete inguruko emanaldia. Rosita pertsonaia aurrez ere erabili izan du emanaldiren baterako, baina Korrika bazetorrela ikusita erabaki du ikuskizun honetarako berreskuratzea. «2017an, goizaldean pasa zen lasterketa eskualdetik eta Korrikaren zain zegoen bitartean jendea animatzeko Tolosako Trianguloan emanalditxo bat egin nuen. Handik bi urtera, Lizartzan ere egin nuen beste saiotxo bat, eta pentsatu nuen aurtengo Korrikarako ikuskizun bat sortzea, aurreko horietarako prestatutakoa oinarri bezala hartuta». AEKrekin harremanetan jarri, proposamena egin, eta 23. Korrikaren eskaintza kulturaren barruan sartu dute Saenz de Ojerren ikuskizuna. Lizartzan, Erronkarin, Bilbon, Eibarren, Ereñozun eta Ordizian eskaini du asteotan.
«Rosita 60 urtetik gorako emakume bezala irudikatzen dut. Marimaistra xamarra da, oso zorrotza, eta Korrikaren inguruan asko daki. Badaki noiz eta nola egin behar diren gauzak. Baina, aldi berean, oso iaioa da hanka sartzen eta behar ez diren gauzak behar ez den jendearen aurrean esaten. Emozioek gain hartzen diote», deskribatu du pertsonaia Saenz de Ojerrek. Bi zatitan dago banatuta emanaldia, eta lehenengoan, gerturatzen den jendeari galderak luzatzen dizkio Rositak. Korrikaren abestiak, omenduak, ibilbideak, mezuak, leloak... oinarri hartuta egiten ditu galderak publikoaren artean: «Kontua ondo pasatzea da. Ez dut inor estutasun batean jarri nahi izaten. Jendearen parte hartzea bilatzen dut, baina inor behartu gabe. Ez dut inork nire ikuskizunetan gaizki pasatzerik nahi», azpimarratu du pailazoak. Galderen txandan koloretako piruleta batzuk banatzen ditu eta haiek altxaz erantzuten du publikoak. «Klasearen formatu horrek ematen du jokoa, beti dagoelako atzealdean esertzen den tipoa, edo elkarri erantzuna txibatzen diona... Hartu-emana eduki dezaket publikoarekin eta hori polita da». Erronkarin eskainitako saioan, adibidez, 1980ko Korrikan egon zen pertsona bat gerturatu zen emanaldia ikustera. «Horrelako gauzak ikuskizunerako baliatzen ditut pare-parera etortzen zaizkidalako. Rosita bezala lehenengo edizio hura ezagutu zuen pertsonari galdera batzuk egin eta jantziago geratzen da saioa, politagoa».
Emanaldia ikustera joaten den jendearekin zuzeneko tratua edukitzeak inprobisaziorako tartea uzten diola aipatu du Saenz de Ojerrek. «Uste dut unean gertatzen den hori baliatzean dagoela clownaren balio handienetakoa. Badut gidoi moduko bat buruan baina espazioak berak edo gerturatzen den publikoak jokoa ematen badit horri heltzen diot».
Aitortu du sormen prozesuan Korrikaren informazio asko jaso duela eta informazio hori umoretik ematen asmatzea ez dela lan erraza izan. «Ez nuen hitzaldi bat eman nahi, baizik eta saiatu ekimen honen inguruko informazioa modu entretenigarrian transmititzen». Horretan izan du erronkarik handiena. «Korrika.eus webgunean aurreko edizioen inguruko informazio asko dago eta lehenengo edizioen inguruan gehixeago jakiteko, garai hartan AEKn ibiltzen zen Josune Agirrezabalarekin egoteko aukera izan nuen. Kafe baten bueltan orduko anekdota asko kontatu zizkidan eta baliagarriak izan zaizkit ikuskizuna osatzeko», dio Saenz de Ojerrek eskertuta.
Emanaldiaren helburua bikoitza da beraz, Korrikarako jendea motibatzea eta euskararen aldeko lasterketaren inguruko informazioa ematea. «Horretaz guztiaz aritzeko aitzakia da emanaldia». Aurtengo Korrikarako prestatzeko aholkuak ematen ditu ikuskizunaren amaieran Rositak. Lekukoa hartzen duenak zer egin behar duen eta zer ez azaltzen die. Bakoitzak non jarri behar duen eta gauzak nola egin behar diren lasterketaren barruan.
Sormen lan emankorra
Urtarrila eta otsaila eman ditu emanaldirako gidoia prestatu eta ikuskizuna fintzen. Saenz de Ojerrena izan da ideia eta bera aritu da buru-belarri saioa prestatzen, baina alboan izan du Peio Arnaez Oñatibia kidea. «Urte asko da elkarrekin gabiltzala, eta nahiz eta emanaldi hau nik sortu dudan, beti eskertzen da kanpo begirada hori. Emanaldietara ere elkarrekin joaten gara eta laguntza handia ematen dit».
Espazio itxietan emateko saioa da Saenz de Ojerrek prestatu duena, aipatzen duenez, «berekiko eta baita ere gerturatzen den publikoarekiko errespetuz». Formatu txikiko saioa izanik, arreta jarri beharra dauka ikus-entzuleak Rositak esandako horretan, eta beraz, ez da kalerako pentsatutako emanaldia. Orain arte, areto txiki eta tabernetan eskaini du Ttipi-ttapa, ttipi-ttapa: _ _ _ _ _ _ _!. Bere herrian, Lizartzan eskainitako emanaldira umeak ere gerturatu zirela nabarmendu du aktoreak, eta gainerakoetan, jende helduxeagoa izan duela publiko gisa. «Uste dut denentzako dela egokia, umeek ere jarrai dezaketela bertan esaten dena. Aldi berean, Korrikaren freaky diren horiek oso identifikatuta sentituko dira Rositarekin, eta hainbeste ezagutzen ez dutenek, berriz, gauza interesgarri asko ikasi ahal izango dituzte».
Ttipi-ttapa, ttipi-ttapa: _ _ _ _ _ _ _! saiorako atrezzo handirik ez duela behar dio Saenz de Ojerrek: «Halako stand moduko bat sortu dut aurreko Korrika guztietako logoekin, eta gero, asto baten gainean kartulina batzuk erabiltzen ditut publikoari galdera batzuk egiteko. Azken batean, Rositaren estiloa da hori, garai batekoa. Berdina gertatzen da jantziekin. Hasierako partean, andereñoarena egiten, modatik pasatako soinekoa darabil eta emanaldiaren bigarren zatian janzten du txandala. 1980ko Korrikarako erosi zuen arrosa koloreko garai bateko txandala, bi urtez behin baino erabiltzen ez duena, lasterketa den aldiro, alegia, Rositari ez baitzaio kirola egitea asko gustatzen».
Clowna oinarri
Urteak daramatza Saenz de Ojerrek clowna lantzen eta bere ahalegina Pituxa proiektuan hezur-mamitzen da. Rositak sudur gorririk eraman ez arren, Korrika Kulturalerako prestatu duen emanaldian clowna dagoela iritzi dio: «Ni ez naiz aktore kontsideratzen, ez dut gisa horretako formaziorik jaso. Nik neure burua pailazotzat daukat eta Pituxaren zati bat bezala ulertzen dut Rosita. Hortik sortu dut emanaldi hau ere». Korrikaren bueltako informazioa jaso eta umorez nola kontatu litekeen pentsatzen lanketa handia egin duela aipatu du.
«Nik neure burua pailazotzat daukat eta Pituxaren zati bat bezala ulertzen dut Rosita»
Abantaila bat izan duela ere esan du. Kitzikatzen dio gaiak, eta beraz, emanaldia, Korrikari omenaldi bat egiteko baliatu nahi izan du. «Ilusio handiz prestatu dut ikuskizuna. Ni oso Korrika zalea naiz, niretzat oso ekimen berezia da. Aurtengo leloak esaten duen bezala, euskaldunak sentiarazten gaitu gure herriaz eta hizkuntzaz harro. Ikaragarria iruditzen zait nola den posible bi urtez behin horrelako ekimen erraldoi bat antolatzea, daukan lan guztiarekin eta eskatzen duen energia guztiarekin. Korrikak, gainera, geroz eta arrakasta handiagoa du. Iruditzen zait euskaldunok badaukagula gaitasun izugarri bat horrelako gauzak aurrera ateratzeko, herri txikia gara eta izugarria da hainbeste indar biltzea lasterketaren bueltan».
«Ikaragarria iruditzen zait nola den posible bi urtez behin horrelako ekimen erraldoi bat antolatzea»
Ttipi-ttapa, ttipi-ttapa: _ _ _ _ _ _ _! izenburua jarri dio Saenz de Ojerrek emanaldiari, Rosita beraren anekdota bat gogoan hartuta: «Munduko edozein tokitara joaterakoan, trikimailu bat erabiltzen du bertan euskaldunik baden jakiteko. Ttipi-ttapa, ttipi-ttapa oihukatzen du, eta tartean euskaldunik baldin bada, badaki Korrika erantzungo duela».
Lizartzan bizi den pailazoaren asmoa da, ez bakarrik aurten, hurrengo edizioetako ere Korrika Kulturaletan ere, «gauzatxoren bat moldatuta», eskaintzea emanaldia. Aurtengoari dagokionez behintzat, Korrika Kulturalaren barruan eskainitako ikuskizun errenkada horretan eskainitako emanaldietako batek izan du eskualdeko zigilua, Itziar Saenz de Ojerri esker.