Mendian korri egitea zaletasuna baino gehiago bihurtu da anaia berastegiarrentzat. Hainbat garaipen erdietsi dituzte, eta herriko Negu Trail irabaztea dute jomugan.

Zuretzat zer da parekoa?

Mattin: Anaia izateaz harago, bizi oso bat partekatu dudan pertsona bat. Bizipen eta une asko ditugu elkarrekin. Askok bikiak garela pentsatzen dute, nahiz eta lau urteko aldea dugun.

Aritz: Anaia, eta, nire kasuan, erreferente bat ere bai. Lau urte zaharragoa izanda, haren pausoak jarraitu izan ditut. Bera kopiatzen saiatu naiz askotan.

Nola definituko zenuke?

Mattin: Ausardia handiko pertsona gisa. Une zailetan aurrera egiten du beti. Baliabide handiko pertsona da.

Aritz: Burutsua, batez ere. Berak ere une zailetan aurrera egiteko gaitasun handia dauka. Erreferente bat da niretzat.

Zer ezaugarri positibo nabarmenduko zenuke parekoaz?

Mattin: Haren gaztetasuna. Horrek ausardia berezia ematen dio.

Aritz: Une erabakigarrietan erabakiak hartzeko duen indarra. Gauzei aurre egiteko adore handia dauka.

Eta ez hain positiboa?

Mattin: Egoskor samarra dela! Berearekin atera nahi izaten du gehienetan.

Aritz: Bere patxada.

Nora joango zinateke gustura bestearekin?

Mattin: Beti antzeko lekuetara joaten gara, normalean mendira, bai oinetakoak hartuta, bai bizikletarekin. Pirinioetan izan gara, baita Teiden ere (Kanariar Irlak, Espainia)... Suitza aldera ere joango nintzateke gustura berarekin.

Aritz: Edonora! Hondartzara ere gustura joango nintzateke berarekin.

Berarekin pasatutako une bereziren bat?

Mattin: Asko ditugu! Bat aukeratzekotan, Teidera egindako bidaia aukeratuko nuke.

Aritz: Nik ere Teidekoa aukeratuko nuke, baina ez dut ahaztu nahi azken udan egindako Carros de Foc (Herrialde Katalanak) ibilaldia. Oso esperientzia polita izan zen.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!