Eta zer ez da (ez)berdin

«Ez litzateke txarra izango herriko lasterketa irabaztea»

Erabiltzailearen aurpegia Unai Ugartemendia

Aritz eta Mattin Intxaurrondo.

Mendian korrika aritzen diren zaletu batzuk direla dioten arren, mendi lasterketen munduan ezagun ari dira egiten.

Mendia eta korrika egitea zaletasun hutsa baino gehiago denean, askotan, etxean bertan hasten da dena. Hori da Mattin (Berastegi, 2000) eta Aritz (Berastegi, 2004) Intxaurrondo anaia berastegiarren kasua. Odolak eta kirolarekiko maitasunak lotuta, entrenamendu orduak, helburuak eta esfortzua partekatzen dituzte, bakoitzak bere nortasun eta dohainekin bada ere.

Gazteak diren arren, mendi lasterketen munduan ezagun bihurtzen ari dira biak ere. Mattinek, zaharrenak, iaz irabazi zuen bere lehen mendi lasterketa Orendainen. Aritz, gazteenak jada bi garaipen lortu ditu azken hilabetean Astigarragan (Gipuzkoa) eta Zubietan (Nafarroa). Otsailean herrian jokatzen den Negu Trail lasterketa irabaztearekin amesten dute biek ere.

Kirolariak zarete biak, baina nola definituko zenukete zeuen burua?

Mattin: Mendian korrika aritzen garen zaletu batzuk gara oraingoz. Betidanik kirolera lotuta egon gara, eta kirolaz disfrutatzen dugu batez ere.

Aritz: Batez ere mendiko lasterketetan zentratzen gara, baina gero tartean errepidean pixka bat aritzen gara. Bizikleta ere bai! Harrapatzen dugun guztia egiten dugu.

Nola gogoratzen dituzue aurreneko mendi bueltak?

Mattin: Jipoi ederrak hartzen genituela oroitzen dut. Ezjakintasun horretan hasten zara eta beti egurtuta iristen ginen etxera. Odolaren zaporea ederki probatutakoak gara. Pixkana-pixkana ikasten goaz, baina oraindik asko dugu ikasteko.

Aritz: Orain lortu duguna da, korrika gustura egitea. Hasiera hartan, agian, ez genuen hain gustura egingo. Orain, elkarren animoan, sentsazio hobeagoekin ibiltzen gara.

Berastegi, historikoki behintzat, futbolaren eta pilotaren eremua izan da. Azken urteetan, aldiz, mendi lasterketek ere egin dute bere lekua.

Mattin: Herrian Neguko Trail bezalako lasterketa bat antolatzeak, asko lagundu du bilakaera horretan. Lehen motibazioa hori bihurtu da. Horrek ere asko bultzatzen du. Halere, oraindik, gauza berria da Negu Trail. Gu ere futboletik, pilotatik eta eskola kiroletik pasatutakoak gara. Hori bai, ez genuen asko balio!

Aritz: Horregatik bukatu dugu korrika [barrezka].

Bultzada handia izan da zuentzat Negu Trail sortu izana?

Mattin: Nik uste dut baietz. Bai Negu Trail, bai San Silvestre lasterketa. Herriko jende asko eta asko jartzen du korrika.

Aurreneko korrika saioak nola gogoratzen dituzue? Noren eskutik hasi zineten?

Aritz: Lehengusuarekin hasi nintzen korrika. Bera beti izan da mendizalea, baina orduan korrika ere aritzen zen. Oraindik gogoan daukat nola egin nuen berarekin lehenengo mendi itzulia. Latz sufritu nuen!

Mattin: Hemezortzi urte izango nituen mendian korrika egitea lehenengo aldiz probatu nuenean. Negu Trailen bigarren edo hirugarren urtea izango zen. Bi edo hiru entrenamendu eginda atera nintzen, azken unean dortsala lortuta. Izugarrizko txakalaldia izan nuen! Hura eta gero, ia bost urte igaro nituen mendira joan gabe. Korrika egiteko gogo guztia galdu nuen. Orain, buelta eman diot. Gauzak txukunago egiten ari naiz orain.

Askotan entrenatzen duzue elkarrekin?

Mattin: Bai, bai, askotan. Ordu asko sartu ditugu elkarrekin. Orain, gero eta gutxiago. Biok elkartzea gero eta zailagoa egiten zaigu.

Aritz, zugan zer eragin izan du anaia zaharragoarekin entrenatzeak?

Aritz: Gogorik ez dudan egunetan ateratzeko gogo horretan eragiten du. Egun horietan, bakarrik ez nintzen aterako. Horrelakoetan, elkarrekin askoz errazago egiten dira entrenamenduak.

Mattin: Besteak huts egiten ez duenean, zuk ere ez duzu hutsik egin nahi izaten.

Herrian badituzue mendi lasterketetako erreferente batzuk; esaterako, Ion Azpiroz edo Iban Agirrezabala. Nola ikusten zenituzten?

Aritz: Ero moduan ikusten genituen orduan! Ez genuen geure burua haiek egiten zutena egiteko gai ikusten. Oraindik ere ez dugu geure burua gai ikusten horrelako distantzietan aritzeko.

Mattin: Oraindik ez naute batere erakartzen ultra distantziako lasterketek. Oso urruneko gauza gisa ikusten dut. Orain badirudi korrika hasi bezain laster maratoi bat edo ultra bat korritu behar dela. Oraindik zaildu egin behar dugu distantzia motzagoetan.

Aritz: Gutxika-gutxika joan behar dugu, txakalaldi handirik jasan gabe [barrez].

Iazko Orendaingo lasterketan podiuma partekatu zenuten lehen aldiz.

Aritz: Bi korrikalari atera ginen aurrean, Adrian Pajares eta biok. Bidegurutze batean, besteari jarraitzeagatik biak nahastu ginen, eta Mattinek hartu zuen lehen postua. Atzetik saiatu ginen arren, ezin izan genuen Mattin harrapatu.

Mattin: Indartsuenak ez, buruz argien ibili zenak irabazi zuen lasterketa hura [barrez].

Zer oroitzapen ekartzen dizkizue lasterketa hark?

Mattin: Egun berezia izan zen. Neska lagunaren aita ere Orendaingoa da, lekuak ere ezagunak ditut, eta inoiz irabazi ez nuena irabazteko gai izan nintzen.

Aritz: Bertan jokatu nuen nire lehen lasterketa. Orain dela hiru edo lau urte izango zen. Urtero joan izan naiz bertara, eta urtetik urtera hobetzen joan naiz. Anaiaren garaipenarekin gustura gelditu nintzen, nahiz eta pena pixka bat izan garaipena ez lortzeagatik.

Hurrengo helburu nagusia herrian irabaztea izan daiteke?

Mattin: Pentsatu izan dugu, noski. Halere, oraindik ez dugu geure burua herriko lasterketan garaile ikusten. Maila handia izaten da. Urteren batean, agian, irabaztera irits gintezke.

Aritz: Ez litzateke txarra izango!

Orain dela gutxi beste asteburu perfektu bat izan zenuten. Mattin, zu hor ikusi zintugun aurrera eta atzera lokotx biltzen.

Mattin: Herrian bertan antolatu zuten Baldar Egunaren aitzakian izan zen. Erronka berezia izan zen. Inork ez zuen egin nahi, eta ni animatu nintzen azkenean. Behobia-Donostia lasterketaren distantzia (20 kilometro) osatu nuen lokotx biltzen. Helburua bete genuen. Egun polita izan zen.

Goiz berean, Astigarragan jokatu zen Basatrail mendi lasterketa (17 kilometro, +760 metro) irabazi zenuen zuk, Aritz. Esperotako garaipena izan zen?

Aritz: Irabaztea beti da zaila. Sentsazio onekin nabil azkenaldian, eta lasterketa txukuna egin nezakeela pentsatzen nuen. Lasterketa guztietan egoten da norbait maila handikoa. Irten bezain laster konturatu nintzen ondo nengoela. Hasieratik ikusi nuen irabazteko aukerak izango nituela. Dena emanda iritsi nintzen helmugara. Uste baina abantaila gehiagorekin lortu nuen garaipena azkenean.

Non gordetzen dituzue txapelak?

Mattin: Egongelan, telebistaren gainean daude orain arte lortutakoak. Oraindik ondo jartzeko daude!

Entrenamenduetan nor da bietan zorrotzena?

Mattin: Gazteena, zalantzarik gabe.

Aritz: Agian, diziplinatuagoa naizelako izan daiteke. Egia da lanean ere goizeko txandan bakarrik aritzen naizela. Errutina batean sartuta nago, eta orduan errazagoa egiten zait niri. Mattinek bost txandatara egiten du lan, eta hori zailagoa da.

Zein dira bakoitzaren ezaugarri nagusiak korrikalari gisa?

Mattin: Nire buruarekiko dudan kontrola. Gaztetasunak deskontrola dakar askotan.

Aritz: Lasterketa hasieretako kontrol horrek eskuetatik alde egiten dit niri. Askotan, lasterketa batean horri buelta ematea oso zaila da. Mattin, aldiz, lasterketaren amaierara indartsu iristen da oraindik ere.

Zer hartuko zenukete batak bestearengandik?

Mattin: Berak duen ausardia hori! Erritmoari eutsiko diola pentsarazte horrek inbidia ematen dit. Hori botatzen dut faltan nik.

Aritz: Sufritu beharreko une horietan, sufritzeko duen gaitasuna. Ni baino hobea da horretan. Lasterketa on asko horregatik egin ditu.

Elikadura asko zaintzen omen duzue. Dietistarik baduzue?

Mattin: Saiatzen gara zaintzen. Baserrikoak izanda, etxeko produktu asko dugu; asko gustatzen zaizkigu etxeko barazkiak, etxeko haragia... Alde ona dugu horretan, eta hori aprobetxatzen saiatzen gara. Dietistarekin ere ibiltzen gara. Lehen asko sufritzen nuen urdailetik, eta haren laguntzarekin asko hobetu dut. Asko diot eskertzeko.

Aritz: Nik uste dut gastatzen dena eta sartu beharrekoa proportzioan joan behar dela. Beti irakurri izan dugu karbohidratoak txarrak direla. Baina horiek erretzen badituzu eta zure gorputzak gehiago behar baditu, eman egin behar dizkiozu. Lehen, arrautza txarra zen, eta, orain, berriz, oso ona da.

Lasterketa askotan egin duzue topo orain arte?

Mattin: Beti saiatzen gara lasterketetara biok batera joaten. Egutegia nire modura antolatu behar izaten dut. Asteburuetan lana egitea egokitzen zaigu askotan, eta azkenaldian lasterketa desberdin batzuk egin ditugu.

Aritz: Beti saiatzen gara plan bat familian egiten, lasterketaren aitzakian bertan bazkaltzen geratzeko.

Mattin: Gurasoei ere asko gustatzen zaie joatea. Asko laguntzen digute, eta familia plan bat egiten dugu azkenean.

Egun bereziak izaten dira horiek?

Mattin: Aitaren eta amaren aurpegietan poztasuna ikusten da horrelako egunetan. Horrek ere asko animatzen gaitu aurrera jarraitzeko. Gehiago estutzen dugu geure burua horrelakoetan!

Azken urteetan, mendi lasterketek izugarrizko gorakada izan dute Euskal Herrian. Oraindik ere oso gazteak zareten arren, nola bizitzen ari zarete zuek?

Mattin: Lasterketa batzuetan dortsala lortzeko dauden arazoak gero eta handiagoak dira. Batzuetan, urtebete lehenago pentsatzen hasi behar duzu bertara joan ahal izateko. Lasterketa askotan zozketak egiten ari dira.

Aritz: Zozketak direla eta, lasterketa askorekin ezin da aurretik kontatu. Zortea behar da horrelakoetan ere! Gaur egun lasterketa asko daude, eta denentzat dago aukera.

Nola ikusten dituzue mendi lasterketak hemendik hamar urtera?

Mattin: Maila asko ari da igotzen azken urte hauetan guztietan, eta igotzen jarraituko du. Oraindik ere atletismoa eta txirrindularitza koska bat gorago daude, baina mendi lasterketek bide luzea dute oraindik gorantz egiteko. Halere, ez dakit lasterketa guztientzat nahi adina jende dagoen. Etorkizunean antolakuntza ona duten lasterketek iraungo dute.

Aritz: Antzera pentsatzen dut. Askotan moda kontua ere izaten da, eta modak ere igaro egiten dira.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!