Ataria TB

Barriolatarrak aurrez aurre

Erabiltzailearen aurpegia Unai Ugartemendia 2026ko uztailaren 2a

Zaldiekin terapia energetikoetan aritzen da Edurne, 
eta dio pertsonek naturarekin harreman handiagoa izan beharko luketela. Joxe Marik gurasoen lekukoa hartu du harategian, eta urdaiazpiko-moztaile ere aritzen da.

Zuretzat zer da parekoa?

Joxe Mari: Arreba alaia da niretzat, poz handikoa, eta ez duena ia ezer behar ondo pasatzeko.

Edurne: Anaia da, eta, edozer gertatuta ere, beti umore onarekin aurrera egiten duen pertsona bat da. Zirikatzailea ere bada, baina, aldi berean, ate asko ireki dizkio horrek. Harategian lanean aritu da beti; telebistako ateak ere ireki zaizkio…

Nola definituko zenuke?

Joxe Mari: Orain hiru-lau heltze tokatu zaizkit irakiten, eta konkretuki bat asko gustatzen zait: estoizismoa. Indar handiko neska da, bere kabuz edozein lekutara iristeko gai dena.

Edurne: Alaia, eta beti laguntzeko prest dagoena. Giro ona jartzen duena, eta beti proposatutakoa lortzen duena.

Zer ezaugarri positibo nabarmenduko zenuke parekoaz?

Joxe Mari: Kasu honetan, positiboa Edurne bera da. Esan bezala, ondo pasatzeko ez du ezer behar. Parrandan ere alkohol tantarik gabe ederki pasatzen du, eta, gainera, besteei hori guztia transmititzen die.

Edurne: Oso umoretsua eta zirikatzailea dela, beti puntua bilatzen duela.

Joxe Mari: Hor ere askotan aipatu dugu puntu horren amaiera; lerro fin hori non dagoen, batzuentzat muga pasatzea baita, eta besteentzat, jolasa.

Eta ez hain positiboa?

Joxe Mari: Ez zait gauza handirik bururatzen. Asko miresten zaitut gaztetatik izan duzun bilakaeragatik, baina bide horretan, non dago osotasun hori? Gainera, sekulako zortea izan duzu 1750. urtean jaio ez izana; bestela, erreta egongo zinateke-eta [barrezka]. Bera librea izan da beti.

Edurne: Nik ere ez nuke gauza handirik esango, baina egia da pena apur bat ematen didala; adin-tarteagatik, agian, ez dugu geure harremana gehiegi sakondu.

Nora joango zinateke gustura parekoarekin?

Joxe Mari: Ni ez naiz oso dantzaria, baina oso gustura joaten naiz dantza ikustera, eta izan liteke; baina nik uste dut parekide ederra izango zinatekeela Donejakue bidea egiteko ere.

Edurne: Ni edozein tokitara joango nintzateke; elkarrekin parrandak egin ditugu, mendira joan gara… Gure momentuko tirabirak ere izan ditugu, baina ez gara inoiz benetan haserretu.

Berarekin pasatutako une bereziren bat?

Edurne: Sanfermin batzuetan izan zen. Bera gaupasaz zetorren, eta animaliak Izaskunen genituen; garai hartan, Roberto izeneko poni bat nuen. Joxe Mari etorri zenean, erdi mozkortuta oraindik, poniaren gainera igo behar zuela esan eta igo egin zen [barrezka].

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!