Zuretzat zer da parekoa?
Aitor: Laguntzat jotzen dut. Gainera, antzeko ibilbidea daramagu. Aurten ezagutu dugu elkar antzezlan batean, eta bera ezagutzea izan da antzerkitik atera dudan gauzarik onena.
Julen: Bidelagun bat da. Nire kuadrillako lagunak ez daude mundu honetan sartuta, eta zu bezalako pertsona bat nire bizitzara iristea ederra izan da. Asko laguntzen diogu elkarri. Sareen munduan ondoan dudan pertsonarik garrantzitsuena da.
Bere sorkuntza lanetik zer da gehien gustatzen zaizuna?
Aitor: Asko gustatzen zait Julenek zein argi daukan euskal publikoak zer nahi duen. Argi dauka zer eman nahi dien. Niri asko kostatzen zait hori lortzea. Gomendio asko ematen dizkit lan egiteko moduari buruz. Asko eskertzen diot.
Julen: Berak esan duenaren kontrakoa. Berak zer nahi duen argi dauka, eta bere gustuko gauzak zein diren garbi dauka. Profesionalki oraindik ez du bere lekutxoa aurkitu, baina igotzen dituen bideo guztiak bere ideiekin eta pasioarekin doaz.
Zertan hobetu beharko luke?
Aitor: Edizioan. Zerbait gehiago jakingo balu, askoz aukera gehiago izango lituzke edukia sortzeko.
Julen: Gidoia hainbeste ez prestatzen. Hobeto landuko balitu, askoz hobeto joango litzaioke.
Zer eduki edo ideia kopiatu diozu ondokoari, oso ona iruditu zaizulako?
Aitor: Saiatzen naiz ezer ez kopiatzen. Halere, duela gutxi erabili duen formatua kopiatu nion bideo bat egiteko.
Julen: Esketxak egitea kopiatu diot. Berak aholkatu zidan. Pertsonaiak sartzeak mundu irekiagoa eskaintzen du. Ideia berriak izatea lortu dut Aitorri kopiatuta.
Zer eduki egingo zenuke elkarlanean?
Aitor: Denak egingo nituzke! Agian biok batzen gaituen zerbait egin genezake.
Julen: Antzerkia egingo nuke. Esketx gehiago ere egingo nituzke.
Nora joango zinateke elkarrekin?
Aitor: Eibarrera, Durangora, edo Ondarroako Zapatu Azule egunera [barrez].
Julen: Munduaren amaierara joango nintzateke berarekin. Bikote bikaina osatzen dugu!