Sare sozialen eta kontsumo azkarraren garaian, lekua egitea lortu dute Julen Unanue (Tolosa, 2003) eta Aitor Yañezek (Tolosa, 1999). Instagramen zein Tiktoken milaka jarraitzaile dituzte, baina, arrakastaren olatu gainean egon arren, eduki bertikalaren eta algoritmoaren eskakizunek sortzen duten nekeaz ohartarazi dute. Pantailaren ostean dagoen errealitateaz, euren sormen prozesuaz eta antzerkirako duten zaletasunaz aritu dira bi eduki sortzaileak, argi utziz euren umoreak erabat islatzen duela nor diren.
Zergatik erabaki zenuten eduki sortzaile bihurtzea?
Aitor: Txiki-txikitatik nahi izan dut eduki sortzailea izan; beti izan dut gogoa. Batez ere bideoak egiteko gogoa izaten nuen; Youtuben horrelako jende asko ikusten nuen eta haietako bat izan nahi nuen. Youtubek goraldia izan zuenean, ni fanatiko hutsa nintzen eta asko gustatzen zitzaidan. Kosta egin zait urratsa ematea. Orain dela bi urte, oso onak ziren bideo batzuk igo nituen sare sozialetara, eta gero bideoak igotzeari utzi nion. Orain berriz hasi naiz bideoak igotzen, eta antzerkia gustatzen zaidalako da arrazoia.
Julen: Niri ere betidanik gustatu izan zaizkit instagramerrak eta influencer-ak. Haien bideo asko ikusten nituen eta asko gustatzen zitzaizkidan. Egia da hasieran lotsa ematen zidala bideoak igotzeak; bideoren bat igoz gero, herri osoko jendeak ikusiko zuela pentsatzeak, alegia. Jendaurrean jartze horrek beldurra ematen zidan. Gogoratzen naiz 2025ean nire bizitzari buelta batzuk eman nahi nizkiola; karrera amaitzera nindoan eta urrats bat egin nuen. Nire lehen bideoetan topiko batzuei buruz nire iritzia eman nuen. Hasiera-hasieratik babes handia jaso dut eta hori eskertzekoa da. Ni beti izan naiz Auronplay youtuberraren zale handia. Beti egon naiz komunikazioan trebeak diren youtuberrekin interesatuta, baita edizio-lanetan trebeak direnekin ere. Egia esan, ni ez naiz oso ona bideoak editatzen.
Zein izan dira zuen erreferenteak?
Aitor: Nik ere AuronPlay youtuberra asko ikusten nuen, baita Wismichu ere. Bideojokoetako pertsonaiak ere oso gustuko nituen; adibidez, Willyrex. Mister Jäggerren zale handia ere banintzen.
Julen: Nik beste erreferente bat esan beharko banu, Flex Cidine izango litzateke; haren txiste guztiek nire nortasuna erakusten zuten, hau da, ni bera bezalakoa nintzen.
Nolakoak izan ziren zuen lehenengo bideoak?
Aitor: Gogoratzen naiz bideo bat igo nuela burusoil izateari buruz; ez dakit lehenengoa izan zen, baina oso ona zen. Nire bideoan «Lasai, operazioa ongi aterako da» jartzen zuen, eta, bat-batean, nire burua ukitzen hasi nintzen. Eta orain beste bideo batez gogoratu naiz: bideo horretan, sekulako bularrekin eta ipurdiarekin agertzen nintzen. Gaur egun, bideo hori harrotasun handiz ikusten dut, sekulako barreak egiten ditut. Bideo batzuez asko damutzen naiz, baina bideo horretaz ez; egia esan, berriz egingo nuke.
Julen: Nire lehenengo bideoa guztiz aurkakoa da: orain umorezko bideoak egiten ditut, baina nire lehenengo bideo serioa adarrei buruzkoa izan zen. Esan dezaket harro nagoela bideo horretaz, baina orain ohartzen naiz bideo hori gaztelaniaz dagoela, eta gaur egun egiten ditudan bideoak guztiz aurkakoak direla. Ikusten dudan bakoitzean, kalitatea hobetu beharra dagoela pentsatzen dut. Lehenengo bideoetan argi gutxi dago, ez nuelako argi naturalik erabiltzen; orain, ordea, bai. Lanbideari begira hitz eginez gero, bideoa nahiko kaskarra da. Polemikari dagokionez, ni beti errespetuz aritzen naiz, inor zipriztindu gabe. Nik honako hau egiten dut: nire bideoetako musika ordenagailuan jarri eta mugikorrarekin grabatu egiten dut, baina ez dut ezer editatzen.
Zenbat jarraitzaile dituzue?
Julen: Atzo nire amak idatzi zidan, Instagramen 15.000 jarraitzaile nituela esanez, eta Tiktoken 17.000 eta 18.000 artean nituela. Egia esan, ez duzu inoiz espero hainbeste jarraitzaile izatea. Nik hau lehen zaletasun moduan egiten nuen. Adibidez, festetan edo ekitaldietan hainbeste maitasun jasotzea ez nuen inoiz espero. Batez ere, sare sozialetan urtebete igaro ondoren, ez nuen espero, bat-batean, Beasaingo festetan nengoela jendeak niri hain mezu politak bidaltzea.
Aitor: Nik denbora gutxiago daramat sare sozialetan: lau hilabete, esaterako. Gaur egun, gutxi gorabehera 3.700 jarraitzaile dauzkat, bai Instagramen, bai Tiktoken. Juleni Beasaingo festetan gertatzen zaiona niri ez zait hainbestetan gertatzen; niri Tolosan gertatzen zait gehiago. Hala ere, oraindik ez naiz ohitu jendeak ni ezagutzera.
Eta zuen edukia nora igotzen duzue? Tiktokera ala Instagramera?
Julen: Nik nire edukia bi sare sozialetara igotzen dut. Instagramen jende fidelagoa dago, eta Tiktoken ez. Nik badakit bideo bat igotzen badut Instagramera, ia nire jarraitzaile guztiek ikusiko dutela; beraz, beti saiatzen naiz bideoak Tiktoken estilora egiten, hau da, bideo motzak, azkar hitz eginez...
Aitor: Nik Tiktoken ez dut edukirik kontsumitzen, bideoak bakarrik igotzen ditut; eta Instagramen askoz ere gehiago kontsumitzen dut.
Zuen bideo guztiek gidoia dute ala inprobisatuak dira?
Julen: Hori oso galdera berezia da. Nik uste bideoak egiten dituen beste edonori galdetuz gero, bere bideo guztiek gidoia dutela esango dizula. Gure kasuan, askotan gidoiarekin egiten ditugu bideoak, baina, bideoa grabatzen ari garen bitartean, bati ideia hobea bururatzen bazaio, gidoia guztiz aldatzen dugu.
Aitor: Hori da; guk askotan eskema bat izaten dugu, baina batzuetan bati txantxa hobea bururatzen zaio eta ideia hobeak sortzen dira. Egia esan, ez zaigu lan egitea asko gustatzen.
Zer da gehien gustatzen zaizuena zuen lanetik?
Julen: Zatirik onena edizio lanak dira, editatzea asko gustatzen ez zaidan arren. Bideoak zatika grabatzen ditugunez, edizioa funtsezkoa da dena uztartzeko. Ez dut atsegin editatzea, baina bai edizio osteko emaitza.
Aitor: Niri jendearekin bideoak grabatzea gustatzen zait gehien, batez ere Julenekin; baina edizioa ere oso gogoko dut. Bideo bat nahi bezala ateratzen ez bada, hasieratik grabatzen dugu berriro. Sarri gertatzen zaigu hori.
Julen: Hala ere, ni zu baino konformistagoa naiz. Zatiren bat gogoko ez badut, bideoko gainerako zatiekin konpentsatuko dudala pentsatu eta konformatu egiten naiz.
Aitor: Julen oso ona da komunikatzen, baina edizioa kostatzen zaio. Nik horretan igartzen dut aldea, ni ez naiz-eta hain ona komunikatzen.
Julen: Egia da Aitorren lehen hizkuntza gaztelania dela, eta agian horregatik kostatzen zaiola gehiago bideoak euskaraz egitea.
Edukia sortzen duzuenean, papera egiten al duzue? Ala Julen eta Aitor gisa aritzen zarete bideoetan?
Julen: Bai, askotan sortzen ditut pertsonaiak, batez ere nire bizitza pertsonalaz hainbeste hitz egin behar ez izateko. Nahiago dut nire bizitza pribatuaren berri askorik ez ematea; izan ere, nik ere sare sozialak kontsumitzen ditut eta sarri ikusten ditut polemika handiak norberaren bizitzaren ondorioz sortutakoak.
Aitor: Argi dago pertsonaiak asmatzen ditugula, baina erakusten dugun umorea guri ere asko gustatzen zaigu eta erabat islatzen gaitu: pertsonaia horren zati bat gurea da. Nire profilean sartzean, ohartzen naiz erabat identifikatzen nauela. Antzerkia gustuko dugulako sortzen ditugu pertsonaiak, batez ere.
Julen: Hori da, antzerkia asko gustatzen zaigu. Gainera, Aitorrek eta biok antzezlan bat egitea pentsatu dugu, gai oso interesgarri baten inguruan, baina oraindik ezin dugu argibiderik eman, ez baitakigu aurrera aterako den ala ez. Antzezlan horrek lotura handiagoa du nire umorearekin Aitorrenarekin baino.
Edukia sortzeko garaian, zertan oinarritzen zarete?
Julen: Nire azken bideoak parrandan atera nahi duen lagun baten ingurukoak izan dira. Izan ere, bideo asko nire bizitzan gertatzen diren gauzetan oinarritzen ditut. Adibidez, lehengo egunean bideo bat igo nuen lagun bat lotuta edo uztarripean zegoela esanez. Sarritan, nire lagunekin zerikusia duten gaien inguruan egiten ditut bideoak.
Aitor: Nire bideoak nik kontsumitzen dudan edukiaren ingurukoak dira; hau da, ingelesezko eta gaztelaniazko bideo asko kontsumitzen ditut, eta joera hori nire edukira eramaten dut. Askotan, Julenek esan behar izaten dit pixka bat gelditzeko, jendeak batzuetan ez dituelako nire bideoak ulertzen.
Julen: Egia da; ni askotan Aitorren kontrolatzaile izaten naiz, eta bera nirea. Elkarren osagarri gara. Nik Aitorri askotan esaten diot jendeari ere gustatzeko moduko bideoak egiten saiatzeko; hau da, bideoak berari gustatzea ondo dago, baina gu ikuslerik gabe ez gara inor.
Zuen burua hemendik hamabost urtera instagramer edo tiktoker gisa ikusten duzue?
Julen: Ezta pentsatu ere. Ez dut nire burua hemendik hamabost urtera instagramer edo tiktoker gisa ikusten. Uste dut hemendik gutxira utziko diodala sare sozialetara bideoak igotzeari; ez hemendik bi urtera, gehiago jarraituko baitut, baina ez luzaroan. Eduki bertikalak neke handia eragiten du, eta nire ustez asko murriztuko da. Hemendik lau edo bost urtera eduki bertikala desagertu egingo da. Oso neketsua da, eta bizitzan badira beste gauza batzuk ere.
Aitor: Nik bai; nire lana asko gustatzen zait eta honekin jarraituko dudala uste dut. Julenek hori esan du eduki bertikalak beti dopamina hutsa eta kontsumo azkarra bilatzen duelako. Beti algoritmoaren irizpideei begira aritzen gara; antzezlana edo eduki luzeago bat egingo bagenitu, lasaiago biziko ginateke, nahiz eta lan gehiago egin beharko litzatekeen.
Julen: Lan gehiago dakar neurri batean, baina eduki bertikalean egunero egin behar da lan.