Ataria TB

Gorostarzutarrak aurrez aurre

Erabiltzailearen aurpegia Unai Ugartemendia 2026ko maiatzaren 28a

Kulturari lotuta daude gorostarzutarrak. Bertsoen munduan parranda giroan hasi zen Iñigo, eta Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan aritu da hainbatetan. Irakurzale izatetik idazle izatera igaro zen Ione, eta kaleratu berri du azken poesia liburua.

Zuretzat zer da parekoa?

Ione: Hasteko eta behin, anaia. Elektrizista da ikasketez, eta egun Irizarren egiten du lan. Bertsolaria ere bada, besteak beste.

Iñigo: Arreba; eta ikasketetara joz gero, curriculum handiegia duen norbait ere bai [barrez]. Poeta ere bada. Hiru urte zaharragoa izanagatik, beti izan dut gertuko. Zaharragoa izanda, berak markatu dizkit bizitzaren etapa guztiak.

Nola definituko zenuke?

Ione: Pertsona ona da. Ingurukoengatik asko kezkatzen da, eta zaintzaile rola ere hartzen du. Niretzat lasaia da, nahiz eta agian bera horrela ez sentitu. Afizio eta denborapasa askotan ematen du izena, nahiz eta gero askotan ezinean ibili. Hiztun ona da, eta jende artean egoten dakiena.

Iñigo: Zuzena, eta une bakoitzera ondo egokitzen dakiena. Bizitza behar den bezala aprobetxatzen daki.

Zer ezaugarri positibo nabarmenduko zenuke parekoaz?

Ione: Ingurukoengatik agertzen duen kezka. Badaki zein diren bereak, eta bikain zaintzen ditu.

Iñigo: Gertukoa dela, eta momentu oro bizitzen eta egoerara moldatzen dakien pertsona dela. Horrek egoerak eta sentimenduak sakon bizitzea dakar. Idazten duen poesia bakoitzeko hitz egokiak hortik datoz. Bizitza ondo zukutzen du.

Eta ez hain positiboa?

Ione: Denbora neurtzeko duen era propio hori. Mila gauza egin nahi horretan, askotan berandu eta ezinean ibiltzen da. Nik ere badut horretatik pixka bat.

Iñigo: Lehen aipatutako une horiek hainbeste bizitzeak urduri egotera eraman du. Urduritasunarekin nahasten ditu une batzuk, eta horrek une txarrak pasarazten dizkio. Bera ikusita, nik bizitza lasaiago hartzen dut. Horregatik izango naiz hain lasaia!

Nora joango zinateke gustura parekoarekin?

Ione: Azkenaldian, familia artean elkartzen gara. Umeen bueltan hasten ditugun elkarrizketa asko amaigabeak izaten dira. Orain urte batzuk, escape room pare bat egin genituen, eta Iñigoren buruak nireak baino askoz hobeto funtzionatzen du. Bikain pasatu genuen, eta berriro errepika genezake!

Iñigo: Edozein lekutara joango nintzateke, baina, errealistak izanda, mendi buelta bat dugu zintzilik. Hori egingo bagenu, ni gustura nengoke.

Berarekin pasatako une bereziren bat?

Ione: Mila ditugu! Bat aipatzekotan, trikuarena aipatuko nuke. Aitak, behin, baratzean triku bat aurkitu, eta uretara bota zuen. Iñigok, orduan dena edaten zuen, eta egun hartan trikua ibili zen ura ere edan zuen. Ama jabetu zenean, esnea ematen hasi zitzaion atzetik Iñigori. Iñigok adina esne gutxik edango zuten!

Iñigo: Atzerago joanda, Leitzarango bidean gertatutakoa kontatuko dut. Tunel askotan betizuak izaten ziren garai hartan, eta beti brometan aritzen ginen esanez pareta jotzean betizua jo genuela. Agian, seme-alabekin errepikatu beharreko zerbait izango da…

Ione: Bai, baina jakinda orain ez dela betizurik izaten!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!