Eta zer ez da (ez)berdin

«Gurasoek ez zituzten bertsoak eta literatura landu, baina asko lagundu digute»

Erabiltzailearen aurpegia Unai Ugartemendia 2026ko maiatzaren 28a

Literatuarekin eta bertsolaritzarekin lotzen dira Gorostarzu anai-arrebak. Ione txikitatik izan da irakurzalea, eta argitaratu berri du hirugarren poesia lana. Iñigo, berriz, lagunartean hasi zen bertsotan, eta hainbatetan parte hartu du Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan.

Berastegiko Etxe-orde baserritik paperera eta plazara egin dute jauzi Gorostarzu anai-arrebek. Kultura eta euskara etxeko ganbaran jaso, eta sormenaren bidez ematen diote bide biek ala biek. Ione Gorostarzu (Berastegi, 1984) letren munduan arrasto sakona uzten ari da bere poesia liburuekin, amatasunari, minari eta biluztasunari lotutako gaiak mahai gainean jarriz. Geratzen dena izena du orain aste gutxi argitaratu duen azken liburuak, eta aitaren heriotza hartzen du ardatz. Iñigo Gorostarzu Etxorde (Berastegi, 1987), berriz, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako bidean murgilduta ibili da azken urte luzeetan, bertsotan heldutasun eta presentzia handia erakutsiz. Sormena ulertzeko bi era, jatorri bera eta herri kultura dira ardatz bien ibilbidean.

Berastegiarrak izanda, herriak zertan eragin du zuen jardunean?

Ione: Azken liburuan, esaterako, gerturatze bat egin dut gure aita zenaren mundura. Aldi berean, oso berastegiar den mundu batera hurbildu naiz. Nik ezagutzen nuen mundu bat ekarri dut. Beste modu bateko literatura ekar nezakeen, baina ez nintzateke gustura sentituko. Landa-munduak garrantzi handia izan du nire poesian. Nik bizi izandakoaren eragina izan daiteke.

Iñigo: Nik ere bizi izandakoaren aldetik kantatu izan dut beti, gaiak ez banau oso lekuz kanpo jartzen. Gaiak jarri behar izan ditudanean ere beratsu ibili izan naiz. Berastegin aritu izan naiz gai jartzen gehienetan, eta bertakoentzat prestatzen ditut normalean gaiak.

Herrian nor hasi zen ezagunagoa izaten?

Iñigo: Herri mailan, biak ere bateratsu esango nuke. Antzerkian hasi ginen biak ere. Ni, gero, 20 urterekin edo, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan aritu nintzen. Orduan ezagutuko ninduten gehienek. Leitzan (Nafarroa), urte asko daramatzat bertso eskolan, baina ziur oraindik ere Jonen anaia izaten jarraitzen dudala.

Ione: Nire lehen liburua 2012an idatzi nuen. Berastegi herri txikia da, eta ezagunak gara denak. Agian, pixka bat ezagunagoak izango ginen antzerkian ibili ginelako. Bakoitzaren inguruneak ere zeresana izango du. Bertso munduan, esaterako, ni izango naiz Iñigoren arreba, eta literaturaren munduan, aldiz, bera izango da nire anaia.

Zein izan zen literaturarekin eta bertsolaritzarekin izandako lehen harremana?

Iñigo: Odolekoa ez, baina Juanito Mitxelena osaba bagenuen bertsolaria. Hitz egingo genuen noizbait berarekin bertsoei buruz, baina kantatu inoiz ez. Nire lehen oroitzapena bertsoekin Hitzetik Hortzera programaren bitartez izan zen. Aitarekin autoan ere joaten nintzen bertsotan inprobisatzen, bordarako bidean. Halere, bertsolari ez nintzen etxetik egin. Lagunarteko asko nituen bertsozaleak, eta parrandaren bueltan hasi nintzen. Ioneren lagun batek engainatu ninduen Egunkariaren itxieraren aitzakian antolatutako afari batean. Bertan ezagutu ninduen Mikel Mendizabalek, eta azkenean bertsoaren munduan amaitu nuen.

Ione: Gurasoek ez zuten ez literaturarik eta ezta bertsorik ere landu. Halere, zorte handia izan dugu, bai Hitzetik Hortzera ikusten zutelako, eta etxekoek liburu asko erosi zizkidatelako. Oso umetan jada asko irakurtzen nuen. Edozein lekutan jartzen nintzen zerbait irakurtzen!

Hamalau urte igaro dira, Ione, zure lehen liburua, 'Des-egiten', idatzi zenuenetik. Nondik sortu zitzaizun aukera hura?

Ione: Graduondoko bat egin nuen idazle eskolan. Ipuingintzatik gerturatu nintzen hara. Orduan, gehienbat, narratiba irakurtzen nuen, eta oso poesia gutxi. Eskolan, saiakera eta ipuingintza jorratzen genituen gehienbat. Poesia gustuko nuen, eta idatzitakoa irakurtzen zutenean oso harrera ona izaten zuen. Tere Irastorza nuen irakasle, eta eroso sentitzen nintzen jardun horretan. Beka bat ematen zuten bigarren urtean sortutako lanekin, eta hura irabazteko aukera izan nuen. Argitaratzeko aukera banuela eta, harra pizten hasi zitzaidan. Dena osatu nuenean, argitaletxera bidali nuen.

Zuk, Iñigo, nola bizi izan dituzu orain artean jokatutako Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa guztiak?

Iñigo: Txapelketa bakoitza oso ezberdin bizi izan dut. Aurrenekoa zer zen jakin gabe bizi izan nuen. Nirekin parte hartu zuten askok bazekiten zer zen txapelketetan aritzea. Lehen hartan bertso eskolarik egin gabea nintzen. Lehen txapelketan ia teknikarik ere ez neukan. Ez nekien gaiei nondik heldu ere. Hurrengoan jada banekien txapelketak zer ziren. Tolosaldekoekin ere elkartzen hasia nintzen. Hirugarrengorako, Harituz taldea sortua zegoen, eta beste gihar batekin joan nintzen. Azkenekoan beste pausotxo bat eman dut. Bertso eskolaz aldatu dut, eta Leitzan beste jauzi bat eman genuen. Beste hausnarketa batekin joan nintzen. Helburuak ere askoz zehatzagoak nituen. Beste ahalegin bat egiten saiatu nintzen. Horrek ez du esan nahi bertsoak hobeak zirenik [barrez].

Nolakoak izaten dira liburu baten aurkezpenaren eta txapelketa bateko saio baten aurreko egunak?

Iñigo: Azkenekoa Errenterian jokatu nuen. Oso lasai nengoen, gehienbat, bertsotan egiten ari nintzenarekin oso konfiantzaz nengoelako. Txapelketa hasiera oso gogorra izan nuen. Lehen bi kanporaketetan ia kanpoan gelditu nintzen, baina udazkenera iritsi nintzen. Asko gozatu nuen handik aurrera. Saioko zozketa egiten den arte, oso lasai egoten naiz. Ondoren, urduritasuna etortzen zait kantatzen hasi arte.

Ione: Azkeneko liburua asteazken batean aurkeztu nuen. Nire burua ere harrituta zegoen bezperan zenbateko lasaitasuna neukan ikusita. Aurreko hiru asteak kili-kolo igaro nituen osasunez, katarro bati buelta eman ezinik. Dena batera izango zen ziurrenik. Urduri liburua jaso nuen momentuan jarri nintzen. Jada atzera-bueltarik ez zuela konturatu nintzen! Zerbaitetan hanka sartu izan banu, jada ez zegoen atzera itzultzeko aukerarik.

Iñigo bertsotan entzuten duzunean, zerk miresten zaitu gehien?

Ione: Asko gustatzen zait bere ahotsa, bere kantaera, bere hizkuntza jatorra… Oso erraz etortzen zaio bertsoa. Ez du ezerk estu hartzen. Bera entzuten, gozatu eta sufritu egiten dut aldi berean. Edozein unetan hanka sartuko ote duen beldur izaten naiz; gainera, Iñigok beti izaten du sorpresa originalen bat [barrez].

Zuk, Iñigo, zer miresten duzu gehien Ioneren jardunetik?

Iñigo: Oso poesia gordina eta garbia da Ionerena. Agian, nik badakidalako nondik jo nahi duen, baina niri oso garbi iristen zaidan poesia estiloa da berea. Zeren bila doan oso garbi ikusten da. Azken liburuan idatzitako poesia batzuk ezin ditut irakurri. Saiatu izan naiz, baina poesiaren erdian ezin izan dut jarraitu. Barruegi iristen zaizkidan poesiak dira. Berak nola errezitatzen dituen entzunda, hamar koska gorago igotzen ditu. Bikaina da Jone poesiak errezitatzen!

Askotan gertatzen zaizue paperaren aurrean edo bertsotan jarri eta ezer gutxi ateratzea?

Ione: Bai, askotan! Halere, egia da oso gutxitan jartzen naizela paperaren aurrean ezer idazteko asmoarekin. Egunerokotasuneko bizipenekin joaten naiz paperaren aurrera. Liburuaren prozesu ezberdinetan tokatzen zait tiraka ibili behar izatea, baina gutxitan izaten da.

Iñigo: Urte asko igaro dira sentsazio hori izan nuenetik. Zuri gelditzea zaila da, beti daude teknikak martxan jartzeko. Hori bai, askotan gertatzen da ofiziotako gai bat amaitu eta beste edozein helduleku hobea zela pentsatzea. Sentsazio hori izaten dut. Azkenekoz herriartekoan gertatu zitzaidan. Gaiari gaizki heldu diozula jakitea ere ez da sentsazio ederra izaten.

Zenbateko tartea eskaintzen diozue umoreari?

Ione: Handia, esango nuke. Ironia zalea naiz nire bizitzan. Oso tresna baliotsua iruditzen zait, eta nire azken lanean ere ironia asko sartu dut. Nire buruari barre egitea ere oso gustuko dut. Nire kontraesanen inguruan ere idatzi dut azken liburuan.

Iñigo: Bertsolaritzan asko erabiltzen da, baina gehiena egunerokotasunean erabiltzen dela esango nuke. Guk etxetik jaso dugu hori. Gure etxean, aitaren aldetik jasotzen genuen gehienbat. Ama, alde horretatik, zorrotzagoa zen. Nik gehiago erabiltzen dut egunerokotasunean, bertsotan baino.

Oraindik gelditzen zaizue ametsik betetzeko sormenaren inguruan?

Iñigo: Lehen ere esan nuen, baina egunerokotasunean agenda beteta izaten dut. Etxean ere bi haur ditut, eta pertsonalki ere proiektu asko ditut. Ia ziur nago ez naizela berriro Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan kantatzen ariko. Egia da denok berdin esaten dugula eta gero izena ematen amaitzen dugula. Momentua iristean erabakiko dut, baina gaur-gaurkoz ez dut nire burua berriro txapelketan ikusten.

Ione: Nik alderantziz! Lehen liburutik bigarrenera zazpi urte igaro ziren, eta bigarrenetik hirugarrenera beste zazpi. Ez daukat presarik edo helburu zehatzik. Nire helburua nire bidea egitea da. Nire ahotsa gero eta nireagoa egitea gustatuko litzaidake. Jarraikortasuna eman nahiko nioke nire literatur ibilbideari. Egunerokoan tarte handiagoa eskaini nahi diot irakurtzeari eta idazteari.

Zer eman die literaturak eta bertsolaritzak Gorostarzu-Etxebeste familiari?

Iñigo: Bertsolaritzak, ziurrenik, kezka asko! Egunerokotasunean ez dakit zenbat eragingo zioten elkarrekin bizi ginen garaian. Hasiera hartan, Beteluko bertso eskolara eraman eta ekarri behar izaten ninduten, ondoren Tolosara, gero Leitzara… Ondoren, etxean falta nintzela izango zen buruhausterik handiena. Beste aldetik, pentsatu nahi dut gozamen-momentu batzuk ere emango nizkiela. Aita oso bertsozalea zen, eta ahal zuen saio guztietara joaten zen. Arrebak ere ahal izan duten guztietan joan izan dira.

Ione: Pertsonalki ere bertsoak asko eman dio Iñigori. Ingurune bikaina du, eta alde horretatik ezin da literaturarekin alderatu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!