Zuretzat zer da parekoa?
Izaskun: Lehenik, alaba. Aldi berean, ofizioa eta zaletasunak partekatzen ditugu. Seme-alaba guztiekin oso lotura estua daukat, baina ofizioa partekatzeak lotura berezi bat sortzen du.
Eunate: Ama eta erreferentea. Emakume gisara ere erreferentea da, eta aisialdian denbora asko partekatzen dudan pertsona bat da.
Nola definituko zenuke?
Izaskun: Sendoa alde guztietatik, bai fisikoki eta baita mentalki ere. Beti argi izan du bere bidea, eta sinisten zuenarengatik borrokatu izan du beti. Ausarta eta saiatua da bere onena ateratzeko orduan.
Eunate: Pertsona argia
da, oso langilea eta eskuzabala.
Zer ezaugarri nabarmenduko zenuke parekoaz?
Izaskun: Bere belaunaldiko jendeak zenbait gauza, eta, bereziki, ama-alaben arteko harremanak, oso osasuntsu egiten dituzte. Bere iritzia botatzeko ez du arazorik. Nik amarekin nuen harremana baino askoz ere osasuntsuagoa dugu alde horretatik.
Eunate: Beti jakin du borrokatzen sinistu izan duenarengatik. Guri ere hori erakutsi digu. Ausartak izaten irakatsi digu geure ametsen alde.
Zerbait ez hain positiboa parekoaz?
Izaskun: Bere kritikek fundamentua dute gehienetan, eta niri pertsonalki hausnarketa eragiten didate. Denok gaude hobetzeko, eta niri horrek ere laguntzen dit. Batzuetan gogorra izan daiteke, baina positiboa ere bai.
Eunate: Familian bereizten gaituen gauzetako bat da gure burugogortasuna. Horrek, bere alde onak eta txarrak ditu. Gauzetan asko sinisten dugu, eta, garbi ditugu gure iritziak eta ideiak, eta horrek, batzuetan, gatazka sor dezake.
Nora joango zinateke gustura parekoarekin?
Izaskun: Egunerokotasuneko gauza txikiekin gozatzen dut gehien berarekin. Egunero lanera batera joatea, berriak entzutea, Gaztea entzun… Eguneroko gauza txikiak mantendu nahiko nituzke.
Eunate: Mendia eta eskiatzera joatea gustatzen zaigu. Oraindik ere gu baino maila handiagoa dute [barrezka].
Berarekin pasatako une bereziren bat.
Izaskun: Zorionez asko eta ederrak pasa izan ditugu. Oso neska lotia izan da beti Eunate. Esaterako, behin Pirinioetan oinez jaisten ari ginela, lo hartu, estropuz egin, eta lurrera erori zen. Oso gogoan daukat hura!
Eunate: Orain bi urte, eta MIRaren azterketa bezperan, biok mendira joan ginen. Sekulako ilunabarra ikusteko aukera izan genuen. Estres puntu hori igarotzeko arratsalde polita izan zen hura.