Eta zer ez da (ez)berdin

«Inoiz ez gara damutu medikuntza aukeratu izanaz»

Erabiltzailearen aurpegia Unai Ugartemendia 2026ko apirilaren 16a

Eunate Martinez de Rituerto eta Izaskun Zeberio.

Amaren bidea jarraitu zuen Izaskun Zeberiok, eta Eunate Martinez de Rituerto alabak ere medikuntza hautatu zuen. Lanbidea partekatzeak lotura berezia sortu duela ama-alaben artean azaldu dute.

Amarengandik jaso zuen ofizioa Izaskun Zeberiok (Tolosa, 1970) umetan, eta arrastoari jarraitzea erabaki zuen gaztetan. Bide horretan, Estatu Batuetara ere joan zen familia osoarekin. Eunate Martinez de Rituerto (Tolosa, 1999) alabak ere, amonaren eta amaren pausoei jarraitu zien orain urte gutxi. Biek ere, espezialitate ezberdinak jorratzen dituzten arren, osasungintzaren arloan dihardute lanean buru-belarri.

Zergatik aukeratu zenuten mediku izatea?

Izaskun: Ez dut oroitzen erabakia hartu nuen une zehatza, baina dudarik gabe amaren eragina hor dago. Ama Gipuzkoako lehenengo medikuetako bat izan zen. 1940an jaio zen, eta beka baten bitartez medikuntza egin zuen. Asko markatu ninduen. Asko partekatu nuen berarekin. Sekulako ikaslea izan zen, eta horregatik ikasi zuen medikuntza jatorri xehe bat izan arren. Kontsulta pribatua zuenez, asko egoten nintzen berarekin. Oso gaztetatik aritzen nintzen berari laguntzen, eta dudarik gabe horrek sekulako eragina izan zuen nire erabakian.

Eunate: Nire kasuan ere ez nuke esango momentu zehatz bat egon zenik. Egia da amona hor nuela, ama ere bai, eta ni beti ikasle ona izan nintzela. Askotan, ikasle ona zaren momentutik horrelako karreretara bideratzen zaituzte. Halere, ez nuen batere argi eduki nahiz eta beti buruan izan medikuntza. Notak eman zidan, eta, egia esan, ez nuen garbi hori egin nahi nuenik, baina ez nuen beste ezer egiteko aukerarik ikusten. Amak esaten duen bezala, jende asko dago gurasoak mediku izanik eta lan oso sakrifikatua denez, beste bide batetik joatea erabaki duena. Ni horrek ez ninduen gehiegi beldurtu.

Zein da zuen espezialitatea, eta zertan datza zehazki? 

Eunate: Ni orain erresidentzia egiten ari naiz Donostiako Ospitalean, zirugia orokorreko espezialitatea egiten. Guk egiten duguna nolabait, sabeleko ebakuntzak dira, hau da, digestio aparatuko ia operazio guztiak guk egiten ditugu. 

Izaskun: Ni aldiz, beste alor batekoa naiz. Bi mundu guztiz ezberdin dira, eta, alde horretatik, ni alderdi medikuan nago, eta minbiziaren arloan egiten dut lan. Zehatz esanda, hematologia egin nuen, eta hematologiaren barruan, odoletik sortzen diren minbiziak tratatzen ditugu. 

Nolakoa da zuen egun arrunt bat ospitalean? 

Eunate: Nire kasuan, espezialitate kirurgiko bat izanda, goizean ospitalera joaten gara, eta, lehenik, ingresatuta dauzkagun pazienteak errepasatzen ditugu. Goizeko bilera ere egiten dugu, eta gero normalean egunero kirofanora jaisten gara. Zirugia mota desberdinak egiten ditugu. Gure espezialitatearen barruan, hainbat azpiespezialitate daude egunean tokatzen den zirugiaren arabera. Arratsaldea hasiera batean libre izaten dugu, baina, egunak asko aldatu daitezke zirugia motaren arabera, edota paziente motaren arabera. 

Zuen espezialitateetan, nola kudeatzen duzue estresa?

Eunate: Egia esan, ez dakit. Alde batetik, egia da distantzia mantentzen ikasi behar dela, distantzia neurtu bat nolabait esanda, gehienbat geure burua babesteko. Aldi berean, pazientearekiko ezin da hotza izan, eta pixka bat puntu zehatz hori bilatzen saiatu behar da. Ez dakit badagoen hitz edo formula magikoren bat estres hori kudeatzeko, baina, nik uste pertsonalitate motak direla gehienbat ezberdintasuna markatzen dutenak, eta nik uste bizitzan zehar kudeatzen ikasten zoazen gauza bat dela.

Izaskun: Beti goaz ikasten. Ikaspen horretan, adibidez, oso garrantzitsua da lantaldea. Gu orain dela hogeita hamar urte hasi ginen espezialitatea egiten, eta iruditzen zait bilakaera oso ederra izan duela. Garai batean, askoz ere bakartiago lan egiten zen, eta momentu honetan erabaki gehienak komiteetan erabakitzen ditugu. Erabaki zailenak, partekatuak dira, talde multidisziplinarretan, eta horrek bermatzen du jende guztia ondo artatua izatea. Era berean, aukera ematen du erabaki zail horiek eta ondorioak konpartituak izateko.

Orain dela hamabost urte erabaki bat hartu behar izan zenuen etxean. Estatu Batuetara joan zineten familia osoa hartuta zure espezialitatean gehiago sakontzeko aukera baliatuta.

Izaskun: Bai, nik beti izan nuen ametsa formakuntza bat atzerrian egiteko, nolabait, beste leku batzuetan nola lan egiten zen ikusteko. Ez genuen aukera izan gaztetan joateko, beraz, helduak ginenean joan ginen. Nik, berrogeita bat urte nituen, eta nire bikotekideak berrogeita lau. Umeak ere gazteak ziren. Gazteenak sei urte zituen eta zaharrenak hamalau, baina, aukera sortu zen kanpora joateko, eta, seme-alabak eskolatuta zeudenez, errazagoa zen haien hezkuntzari eustea. Horrela, elkarrizketa bat izan nuen New Yorkeko Memorial Sloan Kettering ospitalean, eta, azkenean, trasteak hartu eta Tolosatik Manhattanera joan ginen egun batean. Egia esan, ni ez nintzen guztiz kontziente, baina batzuetan ezkutuan negar egiten nuen. Beldur nintzen, nire erabaki pertsonalak, lanagatik hartutakoak, familiaren egonkortasuna kolokan jarriko ote zuen. Oso esperientzia aberasgarria izan zen, nahiz eta hasiera gogorra izan. 

Eunate, ikusten al duzu zure burua hamar urte barru gurasoek hartu zuten erabakia hartzen?

Eunate: Egia esan, ez dakit. Oraintxe bertan nire ibilbidearen hasieran nago. Oraindik, erresidentzia egiten ari naiz, beraz oso urruti ikusten dudan zerbait da. Halere, ez nituzke ateak itxiko, ez dakit etorkizunak zer ekarriko duen. Oraintxe bertan ez dakit nora joango nintzatekeen ere. Gurasoei esker, asko definitzen gaituzten gauza batzuk ditugu; ausardia eta sinesmena. Etorkizunean, proiektu interesgarriak sortzen badira probatuko ditudala uste dut, nahiz eta oso urruti dagoen kontua den.

Zeintzu dira medikuetan errepikatzen diren ezaugarriak?

Eunate: Nik uste dut mediku guztiek balore antzeko asko dituztela. Denok pazientearen ongizatea helburu hartuta lan egiten dugu, modu batera edo bestera, baina denok helburu berdinera iritsi nahi dugu. Egia da lan egiteko modua oso desberdina dela, baina guk, zirugiaren barruan, zati handi bat ere onkologikoan egiten dugu. Esango nuke oso espezialitate desberdinak izanda ere, bai baloreak eta baita beste hainbat gauza ere partekatzen ditugula. 

Izaskun: Bai, nik gauza bera uste dut bai, eta batez ere exijentzian. Iruditzen zait sekulako zortea dugula zerbitzu publikoa izatean. Eta horrek eguneratuta egotea eskatzen du. Nik inoiz ez dut zortzietatik hiruetara lan egiten; beti ikasten dut, ia egunero. Eta ez dut ikasten nire burua aberasteko soilik, ez dudalako medikuntzarako beste modu bat ulertzen. Ez banu horrela egingo, irudituko litzaidake ez nagoela pazienteei nire onena emateko prestatuta. Jende horrekin lan eginda, nik uste dut beti prestatzen ari naizela, ikasten eta bidaiatzen. Askotan galdetzen didate ea ez dudan kontsulta pribaturik. Nire kasuan, arratsaldeetan pazienteak errebisatzen ditut, gauzak berrikusten aritzen naiz, eta ez dut beste modurik ulertzen medikuntza egiteko. Hala ere, saiatzen naiz nire bizitza pertsonala ere zaintzen. Nire lanak erantzukizun handia du, eta horrek batzuetan kezkatzen nau, baina baita motibatu ere egunero gogotsu lanera joateko.

Momentu txar asko ere pasako zenituzten arren, izan duzue egun bat bereziki pentsatu izan duzuena «eskerrak medikuntza ikasi nuen!».

Izaskun: Nik egunero pentsatzen dut. Goizetan esnatzea asko kostatzen zait, lo egitea asko gustatzen zaidalako eta goizetan sufritu egiten dut. Halere, behin esnatuta, ni egunero zoriontsu joaten naiz lanera, eta nire egunerokoa, oro har, izugarri aberasgarria da. Esan behar dut, noski, gauzak ondo ateratzen direnean zorionez jende asko sendatzen dela, baina beti dago ikasteko aukera eta pasadizo pila bat. Oso polita da, batez ere gazteak tratatzen dituzunean, linfoma duten gazteak, eta gero bizitza berreskuratzen dutenak. Gaizki ateratzen diren kasuetan ere bai. Gu ez gara jainkoa eta gure esku dago onena egitea, gure ezagutza eta konpromisoarekin. Baina beti ez dira gauza guztiak ondo ateratzen. Niri loa kenduko lidakeena da, agian, nire utzikeria batengatik edo gauzak garaiz egin ez direlako hanka sartzeak, baina azkenean gauzak ondo eginda, bai nik eta nire taldeak bukaera txar bat izan dutenean, normalean heriotza, onartu behar da. Bizitza horrela da, eta horrekin bizi behar dugu. Bukaera hori duintasunarekin izaten saiatzen gara, eta asko ikasten dugu. Hobetzeko ere badaukagu, eta hori da gure lana.

Inoiz zalantzan jarri al duzu zure lanbidea aukeratu izana? 

Eunate: Egia da nik denbora gutxi daramadala ospitalean lanean, baina, hemezortzi orduz lan egin ondoren kirofano batean sartzean pentsatu izan dut. Gaztetxo nintzenean eta lan egiten hasi nintzenean, asko ikasten nuen, baina denborarekin ikusten duzu ahalegin horrek merezi duela. Orokorrean, nire ibilbidean ez dut zalantza askorik izan. Karreran zehar gauza asko egin ditut, agian, batzuk ez dira hain gustukoak. Orain erresidenzian nagoela, oso pozik nago, sentsazioa baitut benetan hau egiteko balio dudala. Pozik nago hartutako erabakiarekin.  

Etorkizuna nola ikusten duzue? 

Eunate: Nire kasuan, asko aldatu daitekeen gauza da, oraindik beste hiru urte geratzen zaizkit Donostiako ospitalean formakuntzan. Gero ikusiko da zertan azpiespezializatu nahi dudan, eta ea munduak eta bizitzak nora eramaten nauten. Oraindik urruti ikusten dudan gauza da. 

Izaskun: Nire kasuan etorkizuna espero dut, osasuna badut hamar urte eder izatea, nik orain heldutasuneko momentu bat bizi behar dut, agian lider edo eredu izan naitekeena, atzetik datoztenei ateak irekitzeko eta bereziki konpromisoa eta pasioa erakusteko. Egia da ere ezin duela guztiak bokazio gainean erori, grebak ere badatoz, ordu extrak, guardiak… erregulatzeko eskakizuna dago eta nik uste alde horretatik borroka bat egin behar dugula, lan baldintzak hobetzeko. Momentu honetan nire posizioa ere erabili behar dut, ezagutza erabiliz lan baldintzak hobetzeko borrokan aritu behar dut, bai emakume bezala, bai euskaldun bezala. Euskararen gaia ere oso garrantzitsua da: Donostiako ospitaleetan asko betetzen da asistentzian, baina aukerak beti daude hobetzeko.Nire posizioa orain erantzukizunarekin eta ilusioarekin betetzen dut.  

Zer aholku emango zeniokete medikuntza ikasi nahi duen bati? 

Eunate: Esango nioke lehen esan bezala benetan sinesten baduzu lor daitekeela, nahiz eta bidea zaila den, lan honek konpromiso handia eskatzen duela, baina baita ilusio handia ere. Esango nioke lan handia egiteko, iparra galdu gabe noski, bizitza pertsonala alde batera utzi gabe. Azkenean ez da ahaztu behar lana bizitzeko baliabide bat dela eta lanagatik ez dela guztia baztertu behar. 

Izaskun: Hori da, ametsengatik borrokatu behar da, baina beti ere oreka mantenduz. Batzuetan ez da erraza izaten, baina oso garrantzitsua da guztia uztartzea. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!