Zuretzako zer da parekoa?
Armintz: Familia, laguna, eta batez ere konfiantzazko pertsona. Txikitatik egon gara batera, eta orain lanean denbora asko partekatzen dugu gainera.
Joanes: Anaia eta errefente bat. Ezaugarri nagusiena, bere lasaitasuna da. Aita eta biok odol berokoak gara, eta bera beti hor egoten da gu lasaitzeko.
Nola definituko zenuke?
Armintz: Oso pertsona ona eta zintzoa da. Berarengan konfiantza izan daiteke, beti hor egoten da. Laguntzeko prest egoten da beti. Jatorra, positiboa eta alaia da. Gustua ematen du berarekin egoteak!
Joanes: Pertsona lasaia, umila eta barregarria da. Antzeko umorea dugu biok ere.
Zer ezaugarri positibo nabarmenduko zenuke parekoaz?
Armintz: Oso alaia, positiboa eta jatorra dela. Lagun ona da. Gauza asko ditu positiboak Joanesek.
Joanes: Eskuzabala da, eta zerbait behar denean hor izaten dugu.
Zerbait ez hain positiboa parekoaz?
Armintz: Hain pertsona ona denez, jendea horretaz aprobetxa daiteke. Burugogorra ere bada, bai! Gauza txar gutxi ditu.
Joanes: Erabat despistatua dela! Gauzak edozein lekutan uzten ditu, eta gero ez du jakiten non dauden.
Nora joango zinateke gustura parekoarekin?
Armintz: Edonora joan daiteke berarekin. Etxean gustura egoten gara, lanean ere bai… Oporretara ere joaten gara. Biok zaletasun berbera dugu; mendia. Bertan egin daitezkeen hainbat gauza egitera joan gaitezke.
Joanes: Nik ere antzeko esango nuke. Oporretan ere oso gustura ibiltzen gara batera.
Berarekin pasatako une bereziren bat.
Armintz: Karrerako graduazio eguna gogoratzen dut. Familia guztia etorri zen egun horretan. Une batean biok bakarrik gelditu ginen, eta besarkada handi bat eman genion elkarri. Inoiz ez gara besarkatu zaleak izan, eta une hura berezia izan zen.
Joanes: Txikitan bere atzetik joatearren ukondoa apurtu nueneko hura gogoratzen dut. Orduan erabaki nuen jada ez nintzela bere atzetik gehiago ibiliko [barrezka]. Egunerokotasunean erlazio aparta dugu!