Tolosaldean gozogintzaz hitz egiterakoan, ezinbestekoa da Gorrotxategi abizena mahai gainean jartzea. Laugarren belaunaldikoak dira Armintz (Tolosa, 1996) eta Joanes Gorrotxategi (Tolosa, 2001) anaiak. Armintzek, bietan zaharrenak, gozogintza eta telebista uztartzen ditu egun. Joanesek, aldiz, aitaren arrastoari jarraitzen dio bete-betean. Rafa aitaren enpresan dihardute bi anaiek gaur gaurkoz, eta etorkizunean ere jarraipena emateko asmoa dute.
Nola definitzen duzue zeuen burua?
Armintz: Egia da nik gastronomia ikasi dudala, hau da, Basque Culinary Center-en dagoen karrera bakarra gastronomia da. Ez dago gozogintzari buruzko karrera bat, eta bertan denetatik ikasten da pixka bat. Gastronomiaren inguruan dauden ekintza horiek guztiak ikasten dira. Egindako ikasketengatik, gastronomoa naizela esan beharko nuke, baina nik ez dut inoiz hori esaten. Ez zait gastronomo hitza gustatzen. Ni gehiago naiz sukaldaria edo gozogilea, bi horietako bat.
Joanes: Nik, aldiz, kontrakoa esan beharra daukat. Aitak erakutsitakoagatik, konfiteroak gara, txokolatearekin lan egiten dugu eta. Niri gustatzen zait gozogilea naizela eta gozogintzan aritzen naizela esatea, ez dut inolako arazorik. Nik Donostian ikasi nuen gozogintza pare bat urtez. Gero, Alacantera (Herrialde Katalanak) mugitu nintzen beste eskola batera.
Beti izan al duzue argi zuen aitona eta aitaren pauso berdinak jarraituko zenituztela?
Armintz: Nik ez nuen oso argi. Ingeniaritza eta kirol arloa ere aukeren artean zeuden, matematikekin ondo moldatzen nintzen eta. Eta ez dezagun ahaztu Basque Culinary Center ere hor zegoela. Buruari bira batzuk eman ondoren, eta, oso argi izan gabe, Basque Culinary Center-en sartzea erabaki nuen, eta eskerrak, hortik ideia argiekin atera nintzen eta. Karrera bukatu nuenetik, aitaren familia enpresan ari naiz, oso gustura.
Joanes: Nik ere asmatu nuen nire karrera aukeratzerakoan. Hemezortzi urte nituenean oso galduta nengoen, denak bezala. Aitari nire interesak aipatu nizkion, eta hori aintzat hartuta, Alacantera bidali ninduen hango eskola ikustera han sartu aurretik. Eskola ikustera joan nintzenean, ohartu nintzen oso gauza serioa eta profesionala zela, baina gauza politak ere bazituen. Azkenean asko gustatu zitzaidan. Niri beti gustatu izan zait gauzei nire puntu pertsonala jartzea. Gaur egun oso gustura nago egin dudan karrerarekin. Agian, Gabonetan galdetuz gero, beste erantzun bat emango nizuke [barrezka].
Etxean postre asko egiten dituzuen horietakoak al zarete?
Armintz: Nik etxean nahiko postre gutxi egiten ditut. Txikia nintzenean, gogoratzen dut krepak egiten nituela, baina ez askotan.
Joanes: Nik ere etxean ez nituen postre asko egiten. Etxean beharrean, lantegira joaten nintzen eta han egoten nintzen ordu batzuk. Eta bulegotik pasatzerakoan begira geratzen nintzen ea nola egiten zuten txokolatea. A ze oroitzapenak!
Anaiak izateak eta lantegi berdinean lan egiteak, zer abantaila eta zer eragozpen ditu?
Armintz: Abantailetako bat konfiantza asko dugula da. Lanean, batez ere, konfiantzazko pertsona bat izatea beharrezkoa da. Langileetako bat ez denean lanera etortzen eta beste batek ordezkatu behar duenean, konfiantza gehiago transmititzen du jakiteak zure anaiak ordezkatuko zaituela. Eragozpenei dagokienez, lanean arazoren bat izanez gero, etxean ere eragotzi dezake.
Joanes: Nire ustez ere abantailetako bat konfidantza da. Badakizu zure lankidea zure anaia dela eta ez dizula ezer txarrik egingo eta beti babestuko zaituela. Lanak banatzerako garaian ere oso ondo moldatzen gara, esate baterako egun batean lan zehatz bat nik egiten badut ala berak, hurrengo egunean besteak egiten du.Txarrerako ere badugu konfidantza. Edozer gauza esaten diogu elkarri badakigulako ez dela haserretuko. Egia da batzuetan gure artean ere haserretzen garela.
Zein da zuen espezialitaterik kuttunena?
Armintz: Nire kasuan ez nuke espezialitaterik hartuko. Denetatik egiten dut: musak, gailetak, txokolatearekin hainbat gauza... Ez nuke espezialitaterik aukeratuko. Gainera, kozinatzen ere aritzen naiz, gaziarekin ere hortxe ibiltzen naiz...
Joanes: Nik esango nuke bakoitzaren espezialitatea norberaren puntu pertsonala jartzea dela. Esate baterako, nik asko gozatzen dut txokolatearekin gauzak sortzen ditudanean. Gabonetan, Tolosan, zentroan, denda bat irekitzen dugu eta ni beti saiatzen naiz saltzen. Gainera dendan beti jartzen dut nire izena jendeak ez nazan aitarekin nahastu.
Nork ekartzen ditu produktu berriak enpresara?
Armintz: Gaur egun gauzak asko aldatzen ari dira. Orain sare sozialetan sartu eta hainbat produktu berri aurki ditzakezu. Horrelako gauzak jada asmatuta egoten dira eta errazagoa da produktu berriak eskuratzea, eta zailagoa da produktu berriak sortzea. Hala ere, gu beti saiatzen gara gure katalogoan produktu berriak sortzen. Produktu berriak enpresara ekartzeaz normalean ni, nire anaia edo aita arduratzen gara, hiruren artean banatzen dugu lana.
Joanes, zu, gozotegi ezberdinetara joaten zaren horietakoa al zara?
Joanes: Niri asko gustatzen zait beste herrialde batera joan eta hango kultura ikusi eta nolakoak diren ezagutzea. Orain dela gutxi nire bikotekidea Argentinan egon da eta hara joan eta hango gauzak dastatzea oso gustukoa izan da. Beste herrialdeetako gastronomia ere gure mundua da. Nik ulertu dezaket nire lagunen bati kotxeak gustatzea eta Alemaniara joatea. Ni gauza berriak probatu zalea naiz. Bizitzan zehar denetatik probatzea ere oso garrantzitsua da.
Askotan alderatzen al zaituzte zuen familiakoekin?
Armintz: Bai, askotan alderatzen gaituzte. Azken finean oso zaila da ez alderatzea eta ez dakit zehazki nor den hoberena, baina belaunaldi bakoitzak bere ezberdintasunak ditu. Nahiz eta produktu berdina izan, bakoitzak bere ikuspuntua emateko aukera du. Belaunaldi guztietan zehar, joerak aldatzen joaten dira eta gauzak aldatu egiten dira. Nik uste hori akats bat dela, ez dago inolako beharrik belaunaldiak alderatzeko.
Joanes: Egia da belaunaldi ezberdinak direla, eta aitarekin ikusten ditudan gauzak oso harrigarriak dira. Postre bat egiterakoan, apaintzeko garaian, aitak beti apaingarri asko botatzen dizkio eta nik berriz ez hainbeste. Niri tarta garbi uztea gustatzen zait eta ez oso beteta. Azkenaldian, tartei ez diet apaingarri asko botatzen. Apaingarriekin batera, pertsonalitatea ere galtzen ari da, hortik datorkigu minimalismoa. Tradizioak ere aldatu behar ditugu.
Nola ikusten duzue sektorea etorkizunari begira?
Joanes: Ikusten dudanez, bidea ona da eta modernizatzen ari gara. Orain, adibidez, azukre gutxiago erabiltzen da, eta txokolateak geroz eta kalitate hobea du. Nabari dudana da Euskal Herrian gastronomiari begira sukaldaritza oso maila onean dagoela, eta hori mundiala da. Euskal Herrian dugun janaria, beste herrialde askotan ezin dugu aurkitu. Gozogintzaren munduari dagokionez, gu saiatzen gara identitatea jartzen, eta, iruditzen zait gaur egun gazteak gehienbat sare sozialei begira aritzen direla. Denak gozo antzekoak ateratzen dituzte. Esaterako, Frantzian pertsona bat ikusi dute fruta antzeko zerbait egiten eta haiek berdina egiten dute. Momentu horretan, identitatea galtzen dute gozogintza askotan. Belaunaldiz belaunaldi joaten diren gauzak itxi egiten dira, eta pena da irekitzen ari direnak modernoak izan eta denek identitate berdina izatea. Azkenean identitatea galdu behar ez den zerbait da. Hori alde batera utzita, postre garrantzitsuena ez da gazta tarta. Guk Donostian denda bat dugu eta ia jende guztia gazta tartaren bila joaten da. Euskal Herrian postre garrantzitsuena euskal pastela da. Ni beti saiatzen naiz jendeari buruan sartzen euskal pastela dela Euskal Herriko postrerik garrantzitsuena.
Armintz, nola iritsi zitzaizun telebistan irteteko aukera?
Armintz: Egia esan bat bateko kontua izan zen eta gaur egun bezalaxe, mugikorrera mezu bat iritsi zitzaidan nirekin hitz egin behar zutela esanez. Begira eta begira aritu ondoren, castinga martxan zegoela esan zidaten. Nirekin kontatu nahi zutela argi zuten. Pare bat elkarrizketa egin zizkidaten izozki denda batean Getarian, eta baita Ordiziako okindegi batean ere. Handik aurrera grabaketari ekin genion. Lehen denboraldirako hamahiru programa itxita genituen. Ea orain bigarren denboraldi bat etortzen den. Bitartean Txorienen ari naiz Zigor Iturrietarekin batera.
Joanes, nola ikusten duzu Armintz telebistan?
Joanes: Niri kostatu egiten zait Armintz telebistan ikustea, asko ezagutzen dudan pertsona baita, eta egunero bitxia da Armintz telebistan ikustea. Amak eta nik telebista pizten genuenean eta Armintz bertan ikusten genuenean, barrezka hasten ginen. Nik, egia esan, Armintz ondo ikusten dut telebistan.
Telebistara biok batera joatea proposatuko balizuete, zer esango zenukete?
Armintz: Ikusi egin beharko litzateke ea zer nolako saioa den, zeren inguruan den, zertarako den... Iritsi daitekeen gauza bat da, eta, iristen bada, erabaki egin beharko genuke.
Joanes: Telebista ez da nire mundua, baina bizitza oso luzea da eta ez dakigu zer pasa daitekeen oraindik. Gainera, proposamen hori onartuz gero, nork egingo du lana enpresan? Begiratu egin beharko litzateke zeren aitak jada hirurogeita sei urte ditu eta ez zait iruditzen egokia bera lanean jarri behar izatea gugatik. Horregatik ondo pentsatu beharko litzatekeen zerbait da.
Etorkizunean aitaren negozioarekin jarraitzeak errespetu handia ematen al dizue?
Armintz: Bai. Azkenean erantzukizun handia da guretzat, eta langile dezente daude. Lan handia da eta niri behintzat errespetu handia ematen dit. Ez dugu esperientzia handirik oraingoz dena aurrera eramateko. Uste dut belaunaldi batetik beste batera pasatzea ez dela egun batetik bestera egiten. Pixkana eta naturalki aurrera doan beste edozein belaunaldi bezala izango da, beraz, ez nau kezkatzen. Aldaketa hori gertatzen denean, prest egongo gara.
Joanes: Egia esan, ez dut batere beldurrik, ez nau ezerk kezkatzen. Seriotasuna ere hartu beharra dago, noski, batez ere lankideengatik zeren enpesan ez zaude bakarrik. Gainera, gauza hauek normaltasunarekin hartu beharra daude. Gu ahalik eta hoberen egiten saiatuko gara. Ez ahaztu nondik gatozen Armintz, 4. belaunaldia gara eta gogoratu gure aitak eta aitonak zenbat ordu sartu izan dituzten, eta horren arabera zeuk ikusi zein puntutan zauden eta zergatik zauden hor. Horrekin normaltasuna eman, azkenean bizitza honetan lan egin beharra dago eta hori horrela da. Saiatu gustuko dituzun gauza gehienak egiten. Ez dakigu hemendik 20 urtetara jendeak gozorik jango duen ala ez. Hau guztia bizitzaren parte da eta ez dakigu zer gertatuko den. Datorrena datorrela zuk zure eskuetan dagoen guztia egin eta batez ere normaltasun handiz hartu.