Zuretzako zer da parekoa?
Txomin: Hasteko, arreba. Bakarra daukat gainera! Odol berekoa den bakarra. Ez da erraza ondo azaltzea, baina anaia edo arreba bat duenak badaki zertaz ari naizen.
Izar: Erantzun bera emango nuke! Anaia. Horrek dakartzan gorabeherekin. Beti esaten den antzera, anai-arreben artean maitasun asko eta borroka asko, nahiz eta guk ez dugun hainbeste borrokatu.
Nola definituko zenuke?
Txomin: Oso zentratuta ibiltzen da bere gauzetan, besteei lan handirik eman gabe. Oso arduratsua eta ordenatua da bere gauzekin. Seriotasun handikoa da.
Izar: Zintzoa eta ondratua egiten duenarekin. Laguntza eskatuz gero, lagundu egingo zaitu, horrela egin nahi duelako eta horrela sentitzen duelako. Zintzotasunetik eta ontasunetik lan egiten duen pertsona da.
Zer ezaugarri positibo nabarmenduko zenuke parekoaz?
Txomin: Ordenatua eta diziplinatua dela. Gauzak txukun eta ondo egiten ditu. Ni horretan narrasagoa naiz.
Izar: Bere ontasuna eta purutasuna. Bere gauzak pasioz egiten ditu.
Zerbait ez hain positiboa parekoaz?
Txomin: Jenioa! Emakumeek guk baino jenio gehiago izaten dute normalean, eta horrekin dominatzen gaitu. Jenio pixka bat ere behar da halere!
Izar: Gauza asko hala moduz egiten dituela, alegia, gauza bat hasi eta horrela utzi… Hainbeste gauza buruan izanda, askotan horretara bideratzen gaitu. Desordenatu samarra da!
Nora joango zinateke gustura parekoarekin?
Txomin: Leku gehienak pasa ditugu, bai etxean, lanean… Denetan ondo moldatu izan gara.
Izar: Naturarekin zerikusia izango lukeen edozein bidaia egitera. Toki askotan izan gara, bai mendian, barkuan…
Berarekin pasatako une bereziren bat.
Txomin: Ez zait bat etortzen une honetan burura!
Izar: Egindako bidaietako oroitzapen asko etortzen zaizkit burura. Umetan ere paretaren bat pintatu behar zenean, askotan ibiltzen ginen biak jolasean. Txikitako momentu asko dauzkat gogoratzeko!