Tolosan jaio eta lehen urteak bertan igaro zituzten arren, Arriben (Nafarroa) igaro dituzte beren bizitzako urterik gehienak Amundarain anaia-arrebak. Txomin (Tolosa, 1995), bietan zaharrena, aizkoran aritzen da gaur egun. Izar (Tolosa, 1997), arreba gazteak, aldiz, mendi lasterketen bidea hartu zuen. Gurasoen arrastoari jarraitzen diote kirolean. Aho bizarrik gabe hitz egiten dute haien kirolaz.
Nola gogoratzen duzue umezaroa?
Izar: Tolosako bizitzaz oso oroitzapen gutxi ditut. Urtebete eta hilabete pare bat nituela joan ginen Arribera (Nafarroa). Oroitzapen guztiak Arribekoak ditut. Libreak eta alaiak ginen. Bizikletak hartu eta lagunekin edonora joaten ginen bide berriak bilatzera. Txominek, esaterako, egun erdia errekan pasatzen zuen. Natural ibiltzen ginen.
Txomin: Errekan pasatako ordu guztiak eskolan pasa izan banitu, autonomoa ez, agian beste zerbaitetan arituko nintzateke orain [barrezka]. Etxe handi batean bizi ginen Arriben. Itxita zegoen eremu txiki bat ere bagenuen, eta etxetik eskailera batzuek nituen errekara jaisteko. Udan, lagunak etxeko igerilekura etortzen ziren askotan. Ezin gara kexatu. Haurtzaro ona pasatakoak gara!
Kirolerako zaletasuna etxetik datorkizue zuei. Ama, Arantxa Orbegozo, Espainiako txapeldun izan zen pisu jaurtiketan. Aita, Mikel Amundarain, aldiz, mendiko bizikletarekin. Arraroa ere ez da zuek kirolariak izatea.
Txomin: Umetan, futbolean, pilotan eta hainbat kiroletan ibili nintzen hamasei urte egin nituen arte. Gero, urte askotan ez nintzen ezertan lehiatu. Geroago, kuadrillako bi lagun aizkoran lehiatzen hasi ziren, eta haiei laguntzen hasi nintzen. Haiei begira, harra sartu zitzaidan, eta aldi berean, bizilaguna ere aizkoran hasi zen. Aitzakian, ni ere lehiatzen hasi nintzen. Lehen txapelketa ondo atera zitzaidan, eta geroztik ez naiz gelditu.
Izar: Gurasoekin asko ateratzen ginen, bai mendira edo piraguarekin, eta gustuko nuen. Baina, nekatzearena ez zetorren nirekin. Ez nion zentzurik aurkitzen! Zertarako nekatu? Hamasei urte egin nituen arte ez nintzen oso kirolaria izan. Gero ez dakit zer pasa zitzaidan. Korrika hasi nintzen herri inguruan, eta hortik hasi nintzen kirola bizimoduarekin uztartzen. Gaur egun mendiko lasterketetan eta errepidekoetan lehiatzen dut.
Nerabezaroan ingelesa ikastera eraman omen zintuzteten Estatu Batuetara. Nola gogoratzen duzue garai hura?
Txomin: Hamazazpi urterekin Boisen, Idahon, eta Montanan pasa nuen uda. Orain, guraso naizen aldetik, alaba ere bidaliko nuke horrelako zerbaitetara! Ez ingelesa ikasteagatik, bakarrik moldatzen ikasten hasteko aukera ederra delako baizik.
Izar: Txomin uda batean egon zen bezala, ni hiru urtez joan nintzen Ameriketara. Lehenik Boisera, ondoren, Florida, Arizona, New York… Konfiantzazko jendearen etxeetara joaten ginen bertara, baina haraino bakarrik joaten ginen. Oso aberasgarriak egin zitzaizkidan egonaldi haiek.
Gurasoak oso bidaiariak izan ziren bere garaian Nairobitarrarekin. Zuek zaletasun hori baduzue?
Izar: Biok jaso dugu zaletasun hori, eta ikasi ditugu bidaiatzeak dakartzan gauza positibo horiek. Tokiak ezagutzen dira, kultura ezberdinak ezagutzen dira, bakoitzaren erosotasuna atzean utzi behar da askotan…
Txomin: Ni oraintxe ere gustura joango nintzateke hilabete edo bi hilabeterako edonora, baina egungo bizimoduarekin oso zaila daukat. Hemendik urte batzuetara joateko aukera izatea espero dut.
Bakoitzak bestearen ibilbidea asko jarraitu izan duzue?
Izar: Nik errezagoa daukat Txominena jarraitzeko. Zuzenean ikusten ez badut ere, askotan telebistan ikusteko aukera izaten dut.
Txomin: Nik, aldiz, berak kontatzen dizkidalako edo aitak esaten dizkidalako jakiten dut. Nik berea jarraitzea zailagoa da. Bereziki mendi lasterketen web orriren batean sartu behar da sailkapenak jarraitzeko. Gure kirola alde horretatik errazago jarraitu daiteke.
Bietan zein da lehiakorragoa?
Txomin: Nik gehiago sufritzen dut! Helburua lortzeko egin behar izaten dudan lana edo esfortzua muturreraino eramaten dut. Egoskorra naiz horretarako. Motibazioa ere handiagoa delako izan daiteke. Guri, plazara joateagatik ordaindu egiten digute, eta, beste kirol askotan, aldiz, ordaindu egin behar izaten da parte hartzeko.
Apustu zaleak zarete?
Izar: Nik uste dut ezetz! Ikustea gustatzen zait. Bertan sortzen den saltsa hori gustukoa dut. Halere, nik ez dut nire burua hor ikusten. Agian izan daiteke nik egiten dudan kirolak ez duelako apustuen kutsu hori. Kuadrilla artean izaten dira mendiren batera nor lehenago igo bezalako apustuak. Ez dut baztertzen horrelakorik [barrezka].
Txomin: Ni oso apustu zalea naiz! Frontoira joaten naizenean ere badaukat zerbait jokatzeko ohitura. Partida bera ere beste modu batera ikusten dut horrelakoetan. Eta herri kiroletan berdin! Gure kirol honi bizia ematen dion gauza da apustuena. Tolosako zezen-plazan apustu bat jokatzea, aizkolari bati gertatu dakiokeen gauzarik handienetakoa da. Apustuen gaia biziberritzea ezinbestekoa izango da herri kirolentzat.
Iaz jokatu zenuen zure lehen apustua Andoni Iruretagoiena 'Izeta IV'aren aurka. Zein oroitzapen gordetzen duzu?
Txomin: Oroitzapen onak ditut. Ordura arte ezagutzen ez ninduen jendeak ere gelditzen ninduen esanez, ikusi zutela apustua nuela eta ikustera joango zirela. Apustua itxi genuen eguneko lehen ordu-erdian pasa nuen okerren. Euskadi Irratia han zegoen, ETBko kamerak ere bai… Eguna bera, beste kontu bat izan zen. Hamar egun lehenago etxeko guztiak gaixotu ziren, eta gutxira ni ere gaixotu nintzen. Bost kilo galdu nituen, eta egunean bertan indar falta sentitu nuen. Arantza atera beharrean nago!
Apustuaren egunean han izan zinen zu Izar?
Izar: Ezin izan nuen bertan egon! Apustua itxi zutela esan zidanean eta zein egunetan jokatuko zuten aipatu zidanean, ez zela posible pentsatu nuen! Bi aste lehenago lehengusua bisitatzera gindoazen Ameriketara. Hori bai, apustuaren ondorengo afarira iritsi ginen! Bestalde, etxekoetatik, aitak jarraitu zuen gehien Txominen prestakuntza guztia. Ni ez nintzen asko murgildu Txominen egunerokotasunean apustuaren inguruan.
Bakoitzaren nortasuna kontuan izanda, zer hartuko zenukete batak bestearengandik?
Txomin: Bere diziplina hartuko nuke! Horretan ni baino diziplinatuagoa da. Nire buruaren barnean orden bat mantentzen dut, baina kanpora begira desastre samarraren irudia eman dezaket. Batetik bestera ibiltzen naiz, askotan ezin ailegatuz bezala, eta, batzuetan behar duten gauzei ez diet behar duten garrantzirik ematen beste gauza batzuei eskaintzen ari naizelako. Nahaste-borraste gehiago izaten dut gehienetan! Izar askoz ere gehiago zentratzen da. Esku artean gauza bat hartzen duenean, horretan jartzen da buru-belarri.
Izar: Beti izan naiz horrelakoa, baina, irakasle naizenetik, agian, gehiago garatu dut alderdi hori. Nire lanak hori eskatzen du, bestela, pentsa nahaste-borraste hori ikasleei bideratuko banie! Desastre hutsa izango litzateke hori. Gaitasun bat izan daiteke, baina ezin da hori muturreraino eraman. Nik ere batzuetan lasaiago ibiltzen ikasi beharko nuke. Nik, aldiz, bere patxada hartuko nuke. Gauzak lasai hartze horrek ere askotan merezi du. Askotan gauzak ez dira berehalakoan egin behar. Plazagizona izatea ere ez da txarra!
Nolako egoeran ikusten dituzue herri kirolak eta mendi lasterketak?
Txomin: Gauza asko egiten ari dira, eta atzetik lan handia dago. Gauzak berritu nahi dituzte herri kiroletan, eta oso ondo iruditzen zait. Guztiaren beharra izango dugu! Aizkora mundua, esaterako, oso kirol garestia da. Telebistak ere asko lagundu, eta babesleak ere telebistan atera nahi dute. Baina, lehen aipatu bezala, apustuen gaia ezinbestekoa iruditzen zait etorkizunean ere. Kirolariei beldurra kendu behar diegu apustuak jokatzeko.
Izar: Bai mendiko lasterketetan eta baita errepidekoetan ere, izugarrizko gorakada nabaritzen dut. Alde positiboa ere badauka, horrek esan nahi baitu jende gehiago ari dela kirola egitera animatzen. Kirola osasuna da, eta ohitura on horiek izatea oso garrantzitsua da. Baina, aldi berean, gorakada honek arrisku bat baino gehiago izan ditzake. Alde batetik, arrisku fisikoa. Badira pertsona batzuk, gorputzagatik gehienbat, agian, oinez hasi beharko luketenak mendiko lasterketetan hasi aurretik. Bestetik, mendian bertan, askoz ere jende gehiago ikusten da orain. Horrek, mendiari egiten dion kaltea ziur nabarituko dugula etorkizunean. Gorakada guzti honetan, asko, modagatik hasitakoak izango dira. Askotan ez dakigu zergatik hasten den jendea, benetan gustuko duelako korrika egitea edo naturan egotea, edo, orain modan jarri delako, edo influencer-en bat ikusi dutelako mendian korrika… Beste alde batetik, industria bat ere sortzen ari da mendi lasterketen inguruan, esaterako, nutrizionistekin, teknologiarekin edo prestatzaileekin, eta horri ere alde ona ikusten diot.