Ataria TB

Rodriguez-irazutarrak aurrez aurre

Erabiltzailearen aurpegia Unai Ugartemendia 2026ko urtarrilaren 15a

Zuretzako zer da parekoa? 

Kristina: Hasteko, semea. Ama batentzako semea dena da! Momentu onetan ondoan irribarretsu dagoena, eta, une gogorrenetan sorbalda ondoan jarri eta ondoan positiboki laguntzen duen semea da Jon.

Jon: Txikitatik gehien lagundu eta babestu nauen pertsona da ama. Nire erreferenteetako bat da. Hori da niretzat amaren definizioa.

Nola definituko zenuke?

Kristina: Pertsona on bat bezala. Umeekin, nerabeekin edo helduekin ondo moldatzen den pertsona da gainera. Borondate oneko pertsona da.

Jon: Hiru deskribapenekin definituko nuke: nortasun handiko pertsona, oso oso langilea, eta beti laguntzeko prest dagoena. Edozeren aurretik, besteak laguntzea du xede.

Zer ezaugarri positibo nabarmenduko zenuke parekoaz? 

Kristina: Bere konstantzia nabarmenduko nuke. Lana egiteko edo bizitzaren edozein egoeraren aurrean, dena ondo antolatzeko gai izaten da. Dena positibo ikusten du, eta aurrera jarraitzeko gaitasun handia dauka.

Jon: Beti edonori laguntzeko prest egoten dela. Askotan denborarik izan ez arren eta itota ibili, beti, besteak laguntzea izaten du lehen gauza. Borondatez, beti esku bat botatzeko prest egoten da.

Zerbait ez hain positiboa parekoaz? 

Kristina: Oso konstantea da, baina, aldi berean oso diesela ere bai. Gauzak ondo pentsatzen ditu, baina oso lasai. Ni, aldiz, aurkakoa naiz. Bizitzan, gauza batzuetan azkartasun pixka bat behar izaten da, eta hori izaten du faltan batzuetan.

Jon: Nik aurkakoa esango nuke! Nerbio handikoa da, eta batzuetan argi ibili behar izaten dugu [barrezka].

Nora joango zinateke gustura parekoarekin? 

Kristina: Edozein lekutara joango nintzateke berarekin. Aspaldi honetan, etxeko denak ere oso okupatuta gabiltza, eta gustura joango nintzateke asteburu pasa edo astebete pasatzera etxekoekin lasai egotera.

Jon: Nik ere antzeko. Edozein tokitara joango nintzateke; mendira, hondartzara, oporretara edo etxe inguruko edozein lekutan ere gustura.

Berarekin pasatako une bereziren bat. 

Kristina: Asko dauzkat, baina txikitako oporraldietako egun asko ditut bereziki gogoan. Erremontean estreinakoa egin zueneko eguna ere ez daukat ahazteko. Goizetik hasita, lagunen eta etxekoen babesa izan zituen, eta frontoiko giroa ere aparta izan zen.

Jon: Bat esatea zaila da. Txikitan furgonetarekin oporretara joaten ginenean ez genuen hainbeste baloratzen, eta gehienetan kexaka ibiliko ginen. Oso momentu politak bizi izan genituen. Orain, perspektiban ikusita, izugarrizko planak iruditzen zaizkit haiek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!