Eta zer ez da (ez)berdin

«Biak ere oso gustura ari gara bai alkatetzan eta baita erremontean ere»

Erabiltzailearen aurpegia Unai Ugartemendia 2026ko urtarrilaren 15a

Jon Irazu eta Kristina Rodriguez.

Alkate 24 orduz dela, eta une batzuetan soilik deskonektatzen duela esan du Kristina Rodriguez amak. Jon Irazu semeak, berriz, erremontea egoera larrian dagoela eta ziurgabetasun handia dagoela baieztatu du.

Adunako ama-semerik ezagunenak izango dira ziurrenik Kristina Rodriguez (Andoain, 1971) eta Jon Irazu (Aduna, 1999). Amak, Kristinak, orain bi urte hartu zuen herriko aginte makila. Geroztik, galtzak bete lan dabil zeregin horretan. Jon, semea, berriz, erremontista profesionala da gaur egun. Lesio larri batetatik ateratzen dihardu azken hilabeteetan, eta berriro ere frontoira itzultzeko ilusioz dago.

Gaur egun bizileku duzuen herrian, Adunan, nor da bietan ezagunagoa?

Jon: Nik uste ama dela ezagunagoa, zalantzarik gabe gainera. Lehen, aita suhiltzailea delako, suhiltzailearen semeak eta emaztea ginen. Orain, aldiz, ama alkatea izanda, alkatearen semeak eta senarra gara. Herriko helduren bati nor naizen galdetuta, ez du jakingo esaten nor naizen. Aldiz, alkatearen semea naizela esanda, ziur kokatzen nauela.

Kristina: Jonek aipatu bezala, lehen, suhiltzailearen emaztea nintzen, eta orain alderantziz da. Halere, Jonek duen izaerarekin, herritar guztiekin ondo konpontzen da. Oso hiztuna da gainera, eta herriko ume edo aitona-amona guztiekin gelditzen da kalean hizketan. Herriko guztiek ezagutzen dute.

Amak alkate kargua hartzerako, zuk Jon, estreinakoa eginda zenuen erremontean 2022an. Nola gogoratzen duzu egun hura?

Jon: Aurreko egunetik bazirudien Champions Leagueko finala jokatu behar nuela! Kuadrillako guztiek bazkaria antolatu zuten egun hartarako. Hasieran nahiko lasai nengoen, baina jokoan sartu nintzenean urduritzen hasi nintzen. Estreinakoan berdin izaten da galtzea edo irabaztea, baina ondo jokatu nahi nuen. Maila ematen ari nintzela ikusi nuen, eta gozatzen amaitu nuen. Ondorengo parrandan askoz gehiago gozatu nuen [barrezka].

Amak nola bizitu zuen semearen estreinakoa?

Kristina: Beti izaten dut urduritasun puntu bat. Nik ere, berak lasai jokatzea eta gozatzea nahi nuen. Ez nekien zein jarrera hartuko zuen, baina lagunen babesa eta bere aldeko pankartak ikusi nituenean, lasai ikusi nuen. Behin jokatzen hasita, lasai ikusten nuen. Txukun jokatu zuen. Gu ere lasaitzen joan ginen. Oso hunkigarria da seme baten debuta ikustea.

Zuk, Kristina, 2023ko ekainean hartu zenuen Adunako alkatetzaren kargua.

Kristina: Emozio handiz bizitu nuen egun hura. Erabakia hartzea ez da erraza izaten, baina behin erabakia hartuta aurrera joatea zen aukera bakarra. Nirekin lantaldean sartu zirenak ere ilusioz ikusten nituen. Haietako asko esperientzia pilatuta zetozen, eta alkate makila hartzea polita izan zen han topatu nuen ilusioa eta poza ikusita. Ezagun asko joan ziren egun hartan, eta Aiztondoko alkateok batera bazkaldu genuen. Oso oroitzapen polita daukat egun hartaz.

Semeak nola hartu zuen amak alkatetzara aurkezteko hautua egin zuela jakitea?

Jon: Berak hori nahi bazuen, hori egiteko esan genion. Bestalde ere pentsatzen nuen: «A ze marroia orain!». Etxekoetatik ni naiz kalean gehien ibiltzen dena, eta denak galdezka hasiko zitzaizkidala pentsatzen nuen. Amari ilusioa egiten zion, hori nahi zuen, eta nik esan nion aurrera egiteko. Bere profila ikusita, ez ninduen asko harritu. Halere, gutxiago harrituko ninduke Andoaingo alkatetzara aurkeztu izan balitz.

Urte asko esku pilotan ibili eta gero, erremontean jokatzen amaitu duzu. Bietan profesional izateko aukera izango bazenu, zein aukeratuko zenuke?

Jon: Nire txikitako kirola, esku pilota izan da, eta beti aritu nintzen horretan. Adunan ere hori zen gehien jokatzen zen kirola. Hemeretzi urtera arte jokatu nuen, eta hori esango nuke zela nire kirola. Erremontea gerora ezagutu nuen, eta oso gustura ari naiz. Barru barrutik aukeratu beharko banu, esku pilota aukeratuko nuke.

Amak asko jarraitu du semearen kirol ibilbidea?

Kristina: Gaur egun gehiago kostatzen zait jarraitzea, baina esku pilotan jokatzen zuenean nik egiten nituen bidaia gehienak. Bi anaiekin jokatzen zuten bikotekideen gurasoekin joan izan nintzen beti. Oso gustura joaten nintzen gainera, nik ere oso gustuko nuelako bertan topatzen nuen giroa. Entrenamendu askotara ere joaten nintzen. Hasieran, Adunan jokatzen hasi ziren, baina, ondoren Andoainera joan ziren jokatzera, eta astean bitan gutxienez hara eramaten nituen. Haien arropak garbitzea ere niri tokatzen zitzaidan!

Aduna bezalako herri txiki batek, zenbat dauka infernutik?

Kristina: Asko dauka, baina, egia da infernuan daudenak indartsuak direla, baina gutxi direla. Orokorrean, oso harreman ona dugu denon artean. Gizartean orokorrean gertatzen den bezala, bakoitzak bereari begiratzen dio edozeren aurretik. Nahiko zabaldua dagoen fenomenoa da hori gaurko gizartean. Infernu handiarena, norberaren ikuspuntuak ere markatzen du. Egia da, edonorekin parez pare zaudenean oso gogorra dela ezetz esatea, gehiago parekoa ezaguna bada.

Etxean deskonektatzen du amak?

Jon: Ez pentsa! Geure otorduetako elkarrizketetan ez dira ateratzen udaletxeko gaiak, baina, askotan, lanean egun guztia igaro, eta etxera itzultzean ordenagailua pizten du. Horrelakoetan badakigu udaletxeko lanetan jarraitzen duela!

Askok diote, alkatearen lanaldia 24 ordukoa izaten dela egunero.

Kristina: Bai, hala da! Bi urte bakarrik daramatzat honetan, eta oraindik ere gauza asko berriak dira niretzat. Egunero ikasten da zerbait langintza honetan. Etxean inoiz ez zait gustatu izan lanaz hitz egitea, ez alkate lanaz, eta ezta beste edozein lanez ere. Inoiz ez dut erabat deskonektatzen alkate naizenetik. Momentu puntual batzuetan soilik deskonektatzen dut.

Eta zuk Jon, erremonteko arazoetatik deskonektatzen duzu?

Jon: Bai bai! Momentuan bertan senti dezaket haserre puntu hori. Ez naiz arazoak edo haserrea azaleratzen duen horietakoa, gehiago naiz niretzat gordetzekoa. Aldageletan batzuetan izaten dut haserrea, baina handik ateratakoan dena ahazten dut.

Parekoak dituen gaitasunetatik bat aukeratu beharko bazenute, zein aukeratuko zenukete?

Jon: Berak duen nerbioa! Gauzak egiteko garaian duen martxa jartze hori aukeratuko nuke zalantzarik gabe. Nik horretan huts egiten dut. Halere, askotan ondo etortzen da lasaiago ibiltzea eta gauzak bi aldiz pentsatzea ezertan hasi aurretik.

Kristina: Nik, aldiz, bere lasaitasuna hartuko nuke. Nik ere urteekin ikasi dut gauzak bi aldiz pentsatzen ezertan hasi aurretik. Bizitzarako gauza ederra da Jonek daukan lasaitasun hori.

Zuk, Jon, imajinatzen duzu zeure burua alkate bezala?

Jon: Uf… Pentsatu izan dut aukeran, baina… Herriko denak ezagutzen ditut, herria ere ezagutzen dut, baina, askotan, ama zein lanetan sartzen den ikusten dudanean eta zenbat ordu sartzen dituen ikusten dudanean, agian, beste batentzako hobea dela iruditzen zait [barrezka].

Kristina: Alkate izateko jenio pixka bat behar da! Egia da, hori ere denborarekin izaten ikasten dela. Jon ikusten dut lan horretan. Harremanetan ona da, gauzak antolatzen ere bai… Zergatik ez! Halere, alkate baino lehenago animatuko nuke zinegotzi lanetan aritzera. Bera gainera adunar peto-petoa da! Berari eta bere ingurukoei beti esaten diet ona litzatekeela denak udaletik pasatzea. Guk, hemendik aurrera ahal duguna egingo dugu, baina etorkizuneko Aduna Jonen belaunaldikoek egingo dute.

Gaur egun zein egoeratan dago erremontea, Jon?

Jon: Nahiko egoera larrian dago. Ez dago orain urte batzuetako egoeran. Lehen frontoiak betetzen ziren, askoz ere partida gehiago izaten ziren… Egia da telebista sartu aurretik egoera okerragoan ere egon zela, baina gaur-gaurkoz duen egoera ez da batere ona. Egun, telebistan partidaren bat botatzen duten arren eta badirudien arren egoera hobera doala, ez da hori errealitatea. Partidu bakan batzuk kenduta, oso jende gutxi joaten da frontoira. Badirudi 2026 urtea izango dela azken urtea. Ziurgabetasun handia dago erremontisten artean. Dena airean dago.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!