Zer da Jon / Juan Manuel zuretzat?
Juan Manuel: Ez da erraza izaten parekoa zein den esatea! Antzeko gustuak izatea, eta elkarren lagun izatea. Elkarrekin ondo konpontzen garen bi pertsona gara.
Jon: Kirolean ibili garen aldetik, erreferente bat.
Nola definituko zenuke?
Juan Manuel: Gaztea eta ederra. Kirolaria baino gehiago, pilota asko gustatzen zaio. Pilotan txukun ibili da, baina kirolariagoa izan balitz, ziur maila altuagoan ibiliko litzatekeela.
Jon: Oso exijentea! Gauza bat buruan sartzen bazaio eta motibazioa bilatzen badio, oso pertsona egoskorra.
Ezaugarri positibo bat?
Juan Manuel: Mutil ona, jatorra eta leiala. Kirola egitea baino, kirola asko maite duen pertsona bat da. Edozein lan egiteko ere ez du nagitasunik izaten.
Jon: Beti laguntzeko prest izaten da. Edozer gauza behar denean, esan besterik ez dago. Bizitzako edozein arlotan beti laguntzeko prest agertzen da.
Ez hain positiboa?
Juan Manuel: Lehen aipatu bezala, agian, eta pilota asko maite duen arren, ez hain kirolaria izatea. Halere, bakoitza den bezalakoa da, eta dena errespetatu behar da.
Jon: Berak nahi duen bezala egin behar direla gauza gehienak. Ez da beretik ateratzen! Asko kostatzen zaio iritzia aldatzea.
Elkarrekin gustura, nora
Juan Manuel: Ni ere kirolzalea naizenez, edozein pilota partida ikustera, edo futbol partidaren batera, edo mendira joatea. Bien gustukoak diren gauzak dira.
Jon: Tarteka egiten ditugu, esaterako, aizkora ikustera edo pilota ikustera. Ez gara askotan joaten, baina noizean behin joaten gara eta gustura ibiltzen gara.
Elkarrekin pasatako une bereziren bat?
Juan Manuel: Pilotarekin lotutakoak dira gehienak. Berak profesionaletan estreinakoa egin eta Arteagarekin irabazitako binakako hura. Emozio handia sentitu nuen! Ez hura bakarrik halere. Afizionatuetan ere poz handiak emandako une asko dira. Kadete mailan hasita, esaterako, Antiguoko txapelketa hiru aldiz irabazi izan zuen lau urtetan.
Jon: Ez dakit zer esan ere! Leku askotan ibili gara batera, autoan ere kilometro asko egin ditugu…Herri asko eta leku asko ezagutzeko aukera izan dugu elkarrekin. Ez nuke jakingo bat esaten.