Zizurkil herria eta kirola aipatuta, ezinbestekoa da Erasun abizena jende askoren ahotan ibiltzea. Aitak, Juan Manuelek (Aia,1963), Euskal Herrian jokatu diren apusturik gogorrenetakoak jokatu zituen laurogeigarren hamarkadan. Jon, semeak (Zizurkil, 1996), aldiz, pilotaren munduan egin zituen bost urte. Biak ere oso kirolzaleak dira, eta ahobizarrik gabe hitz egiten dute haien iraganaz.
Bederatzi urterekin hartu omen zenuen lehen sega Juan Manuel. Nolatan?
Juan Manuel: Bai, baina kirol gisa baino gehiago, baserriko lanengatik. Baserrian ganadua elikatzeko, belarra moztu behar izaten zen. Uda hartan, aita gaixo jarri zen, eta amari lagundu beharra neukan. Gustuko nuen belarra moztea, orain sega dudan bezalaxe.
Jon, zure kasuan ez zinen hain goiz hasiko pilotan.
Jon: Goizago agian ere bai. Bi edo hiru bat urterekin jada etxeko paretak kolpatzen aritzen nintzen. Ez dut oroitzapen handirik, baina pilota beti gainean eramaten nuela ongi gogoratzen dut. Txiki-txikitatik jolastu izan dut pilotan, bai etxean, eta baita lagunekin ateratzean ere. Guk ez genuen futbolean jokatzen, pilotan aritzen ginen.
Juan Manuel: Oinez hasi orduko pilotari joka zebilen. Pilotarekiko afizio ikaragarria zuen. Bi urterekin jada pilota patrikan eramaten zuen etxe guztia aztoratuz.
Jon, nola oroitzen dituzu afizionatuetara iritsi aurreko urteak?
Jon: Gogoan dut gure garaian ez zela orain bezala. Takoak jarri ere beranduago egiten genuen, 11-12 urterekin. Kanpora joaten hasi ginenean kosta egiten zitzaigun, haiek gazteagotatik hasten baitziren takoekin. Ondoren, ia kadeteetatik aurrera esango nuke asko egin genuela aurrera, eta pixkana maila igotzen joan ginela.
Juan Manuel, zuk afizionatu etaparik ez zenuen izan.
Juan Manuel: Jolasean asko ibiltzen ginen, eta palarekin ere asko jokatzen nuen, gomazko paletarekin. Horretan ere afizio asko nuen, asko gustatzen baitzitzaidan. Herri kiroletan ere ibiltzen nintzen, eta gustoko izateaz gain ondo moldatzen nintzen. Osagarri gisa sartu nuen entrenamenduan, eta astean hiru edo lau aldiz joaten nintzen.
Jendearen begietan jarri zintuen apustua, 1988an Asteasuko Joxe Irazustari jokatu zeniona izan zen. Garai hartako 2 milioi pezeta zeuden jokoan. Nola oroitzen duzu?
Juan Manuel: Bai. Berak 10 txapel irabaziak zituen, bai, baina jada bi urte pasa ziren utzi zuenetik. Nire aurka jokatu zuenean 40 urte zituen. Aurreko bi apustuetan, bera aukeratu zuten laguntzaile, eta tratua ixtean izan genituen zailtasunengatik, berak jokatuko zuela esaten zidan. Nik, aldiz, berarekin jokatzera ez nintzela joan esaten nion. Halere, egun batean berotu egin ginen. Apustua egin eta elkarren aurka jokatu genuen.
Askok esan zuten, Asteasu herria porrot eginda utzi zenuela.
Juan Manuel: Bai, esaten da. Egia da diru asko jokatu zela. Esateko modu bat da porrot eginda utzi nuela. Dirua mugitu zela esatea egokiagoa da agian, askok galdu zuten bezala, beste askok irabazi baitzuten. Nire aldekoak bezalaxe aurkakoak ere bazeuden eta.
2016ko azaroak 5, Beotibar frontoia. Nola gogoratzen duzu egun hura?
Jon: Debutatu nuen eguna izan zen. Estreinakoa ezberdina izaten da. Mundu berri batean sartzea bezala da, enpresa munduan, gainera gaztea izanik, ilusio askorekin, jende asko begira... Azkenean, nahi ala ez, tentsio handiko eguna izaten da. Hasieran, urduritasunekin eta abar gozatzea kosta egiten da. Gero, itxura ona emanez gero, lasaitu egiten zara. Oroitzen dut egun hartan tentsio asko sentitzen nuela, eta jokatu ere urduritasunez egin nuen. Sentimendu ezberdin bat zen.
Aitak nola bizi izan zuen semearen debuta?
Juan Manuel: Ilusioz. Azken finean, betidanik pilotan ibilita eta gaztetatik eramandako prozesua ikusita, egia da nik banekiela pixka bat norantz zihoan. Berak esan bezala nahiko argi ikusten zen zertara zihoan. Gainera, Ruben Belokik deitu zidan, eta gurekin hitz egin nahi zuela esan zigun. Ilusio handiz joan ginen.
Pilota eta herri kirolak, beti izan dira apustu esentzia tartean izan duten kirolak. Ezinbestekoak al dira apustuak?
Jon: Bai. Niretzako, bai pilota mundua eta baita herri kirolen mundua, apustu gabe ez lirateke berdin ulertuko. Txapelketak txapelketak dira, baina apustuen saltsarik ez balute ez lirateke berdinak izango niretzat behintzat.
Juan Manuel: Nire kasuan ere berdin. Gainera ni betidanik izan naiz apustu zalea. Txapelketena ere bai, baina askoz ere grazia eta lehentasun gehiago ematen diet apustuei. Egia esan, herri kiroletan hasi naiz eta herri kiroletan orain txapelketak ere gehiago antolatzen dira, baina, ni hasi nintzen garaian oso gutxi izaten ziren, eta guk xarma gehiago ikusten genien apustuei. Gizartean ematen du apustuak txarrak direla, baina gero argi ikusten da euskaldunok apustu zaleak garela.
Zuk Juan Manuel, apustu asko egin zenituen. Joxe Mari Olasagastiren aurka egindakoak dira jende askoren erretinan geratu direnak. Presio handia zenuen?
Juan Manuel: Bai, Olasagastiri bi jokatu nizkion. Azkenean presioa guztietan sentitzen da, eta dirua tartean badago oraindik eta gehiago, baina dirurik jokoan ez dagoenean ere presio handia sentitzen dute kirolariek. Halere, nik zortea izan dut. Nahiko plaza gizona izan bainaiz, eta presio egoera horiek nahiko ondo eraman izan ditut.
Jon, ezagutu al duzu aita segan?
Jon: Ez naiz asko gogoratzen, azkena 2005ean jokatu zuen eta nik 9 urte besterik ez nituen. Oroitzapenen bat badut, baina ezer gutxi. Guztiek sekulako makina zela esaten didate. Gogoan dut pandemia garaian, guztiak etxean geundenean bere bideo bat jarri zutela telebistan eta jende asko gogoratu zen aitaz.
Aitak asko jarraitu al zuen semearen pilotako ibilbidea?
Juan Manuel: Bai bai, erabat. Lehen esan bezala, oso kirolaria eta kirolzalea naiz. Kirola asko gustatzen zait, eta gainera pilota oso gertukoa dut. Gainera semeak jokatuta are gehiago, ikusi ez ditudan oso partida gutxi jokatuko zituen.
Juan Manuel, zuk 42 urterekin utzi zenuen zeure kirola. Zeuk aukeratuta izan zela suposatzen dut, sasoiko egongo baitzinen seguru oraindik. Jon zuk berriz 26rekin behartuta utzi behar izan zenuen.
Jon: Bai, bost urte inguru pasatu nituen, eta ondoren enpresak grebetan ibilitako batzuk erretiratzea erabaki zuen. Nik uste, grebarekin bat egin ez banu, hor segiko nukeela oraindik. Nik uste erabaki zutela batzuk bidali behar zituztela. Greba eta gero, oso gutxi deitzen ziguten, hilean behin edo bitan, eta modu txarretara. Horrela oso zaila da pilotariarentzako maila mantentzea.
Azken urteetako kaleratzeak nahiko traketsak izan direla diote askok. Errespetua galtzen ari al da?
Jon: Bai bai, errespetua erabat galduta dago, batez ere bigarren mailako pilotariekin. Ondo dabilenari laguntzen diote, baina, ondo ez dabilenari ez diote batere laguntzen, eta bigarren mailako pilotariak ez dituzte errespetatzen.
Juan Manuel: Nik aita bezala ere bizi izan dut. Egia esan, Elizegiri hitz gogorrak esan zizkioten, guztiak egiak, baina gogorrak, eta azkenean Joni ere berdina egin zioten. Azken momentuan abenduaren 28an 15 egun falta ziren kontratua amaitzeko, eta egun horretan iluntzeko zortzietan bidali gintuzten Bilbora notizia ematera. Enpresek nahi duten filosofia izango dute, baina errespetua guztiaren gainetik dago. Txiringito baten moduan jokatzen ari dira bi enpresak, eta hori bukatu beharra dago. Hainbeste diru publiko jasotzen ari dira, ondoren, herriko klubetan landu eta atera diren mutilak nahi duten bezala erabiltzeko. Gazteen ilusioak zapuzten ari dira. Sentsibilitate hori beharrezkoa dela iruditzen zait.
Aitak alkate izateko balio al zuen?
Jon: Ez dakit, urte batzuk egin zituen, moldatu zela ematen du.
Nola izan zen hori?
Juan Manuel: Betikoa. Zerrenda betetzeko arazoak, lehenak ezin, pixkana zerrendan gora, eta azkenean alkate. Momentuan, irabazi eta sekulako poza izan nuen, baina egia da hurrengo egunetan bertigo apur bat sentitu nuela.
Juan Manuel, Zizurkil zer da, herri txiki infernu handi?
Juan Manuel: Ez ez. Herri txiki eta noble bat dela esango nuke, infernurik ez dela esango nuke. Herri lasaia da, bizitzeko xarma duen herria. Herriarekin identifikatuta sentitzen naiz.
Beste data bat botako dizuet; 2022ko maiatzak 14. Biok negar malkotan amaitu zenuten.
Jon: Zizurkilen omenaldia egin zidaten eguna. Azkenean, omenaldia egitea oso gauza polita da, eta horrela atera zitzaidan.
Juan Manuel: Kirolarekiko eskertza izan zen. Zizurkilen sortutako klubean egindako lan guztiaren eskertza izan zen. Asko hunkitu nintzen.
Sasoiko al daude pilota eta herri kirolak?
Jon: Pilota ez! Nik ez dut pilota ondo ikusten. Lehen esan bezala jokaera tradizionalak galtzen ari direla uste dut, joko gutxi ikusten dut. Maila ere gero eta baxuagoa da, eta kopuruak ere gero eta baxuagoak dira.
Juan Manuel: Herri kirolen mundua berriz, okerrago ere egon dela esango nuke. Azkenean, herri kiroletara mugatuta ez da erraza. Nik, beti, herri kirolak, baserri munduarekin lotzen ditut, nekazaritzarekin, bertatik sortutako profesioak direlako. Nik uste ezagutu beharreko kirolak direla, bizi behar direnak. Kirola egitearekin soilik, ez du balio.