Eta zer ez da (ez)berdin

Muruatarrak aurrez aurre

Erabiltzailearen aurpegia Unai Ugartemendia 2025ko ots. 13a, 11:58

Aita txirrindulari profesionala izan zen 90. hamarkadan, besteak beste Espainiako Itzulian lehiatuz; semeak ezin izan du profesionaletarako pausoa eman, baina,  txirrindularitzari lotuta jarraitzen du, Euskaltelen masajista moduan ari baita.

Zer da semea / aita zuretzat?

Aita: Semea, eta, pasio berdina izateaz gain, asko maite dugun pertsona bat.

Semea: Aita, eta berak aipatu bezala zaletasun berdina duen pertsona bat. Niretzat erreferente bat izan da, eta bere pausoak jarraitu izan ditut. Niretzat oso beharrezkoa den pertsona bat da.

Nola definituko zenuke semea / aita?

Aita: Pertsona noblea dela esango nuke. Bere pasioa guztiz bete izan ez duen pertsona bat izan da, alegia, profesionala izatea. Ez du lortzeko aukerarik izan, baina bere nobletasun horrekin aukera handiak izango ditu bizitzan zehar aurrera egiteko.

Semea: Pertsona zuzen bat bezala definituko nuke, eta egoten dakien horietakoa da. Momentuan egin behar dena egiten du, eta beti dago laguntzeko prest. Gogor egin behar denean gogor egiten du, baina isildu behar denean ere isilik gelditzen da.

Zein ezaugarri positibo nabarmenduko zenuke besteaz?

Aita: Nobletasun horrek dakartzan alde onak. Berarekin fidatzeko moduko pertsona da, eta egon den talde guztietan hori erakutsi du, eta beti eskertu izan diote bere izateko modu hori. Bizitzan borrokan jarraitu beharko du!

Semea: Lehen aipatu dudan gauza berbera aipatuko nuke, alegia, gogor egin behar denean gogor egiten duela, baina isilik egoten ere badakiela.

Zerbait nabarmendu beharko bagenu ez hain positiboa?

Aita: Oso pertsona erreserbatua dela. Oso gutxi adierazten du hitzez, beraz, ez da erraza izaten emozionalki nola dagoen jakitea. Askotan egon behar izaten dugu tiraka bere pentsamenduak zein diren jakin ahal izateko.

Semea: Batzuetan gogor egiten duela! Askotan positiboa ere bada, horrek ere begiak irekitzen dizkizulako.

Nora joaten zara edo joango zinateke gustura berarekin?

Aita: Bizikletan ordu asko partekatu ditugu, eta, bat bereziki aipatzekotan, udan Pirinioetara biok bakarrik egiten dugun txangoa. Lehen errazago egiten zitzaidan berarekin joatea, orain, diferentziak areagotu egin dira [barrezka]. Iaz, bestalde, Mediterraneo aldean hamar egun pasa genituen berak bertan entrenatu behar zuelako, eta nik ere probestu nuen. Oso gustura egon ginen bertan!

Semea: Biak ere zaletasun berdinak izanda, gustuen partekatzen ditugun momentuak haiek izaten dira. Berak aipatu bezala, Pirinioetako txangoa oso polita izaten da. Alpeak probatzea ere oso polita izango litzateke.

Bestearekin pasatako une edo pasadizoren bat?

Aita: Aurreko erantzunarekin lotuta dago asko. Lasterketa asko partekatu ditugu bera txirrindulari bezala eta ni guraso bezala, eta, nahiz eta hor ere momentu gazi-gozoak igaro ditugun, gozoekin geldituko gara. Momentu on asko izan dira.

Semea: Aipatutakoez gain, familia osoarekin Suitzara joatea ederra izan zen, eta une bereziren bat aipatzekotan, Tolosan irabazi nuen egunean helmugan jasotako besarkada.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!