Txirrindularitza odolean daramaten aita-semeak dira Iñaki Murua Gorostidi (Altzo, 1966) eta Iñaki Murua Carrasco (Altzo, 2000). Aitak, txirrindulari profesional izateko aukera izan zuen 90eko hamarkadan, eta besteak beste Espainiako Itzulian ere aritu zen. Semeak ez du zorte bera izan, baina gaur egun txirrindularitzaren munduan jarraitzen du Euskaltel taldean masajista bezala. Pasioz hitz egiten dute ziklismoaz.+
Iñaki aita, urte mordoan txirrindularitzan ibilitakoa zara. Nola hasi zinen?
Aita: Hamalau urte inguru izango nituen hasi nintzenean. Garai hartan txirrindularitza lasterketa asko pasatzen ziren gure herritik, Altzotik, gaur egun baino gehiago. Igoera ezagun bat ere egiten zen urtero herrian, eta hura prestatzen hasi eta txirrindularitzari ekin nion. Tolosako klubean lagun on bat nuen gainera, eta, hark animatuta Tolosako Txirrindularitza Eskolan izen eman nuen, garai hartan Tolosa CF izena zuen taldean.
Semeak ere aitaren arrastoa jarraitu du.
Semea: Bai, ni ere oso gaztetan hasi nintzen txirrindularitzan. Garai hartan, Aitor Olano zen txirrindulari profesionala, eta gogoan dut lasterketa askotara joaten ginela biok. Gainera, aita ere zuzendaria zen orduan, eta berarekin ere lasterketa dezente egin nituen.
Eragina izan al zuen aitak zu ere txirrindularitzan hasteko erabakian?
Semea: Ez, egia esan ez. Txirrindularitzan hastea nire erabakia izan zen, ez ninduen inolaz behartu. Egia da, sarritan joan izan garela biok bizikletan ibiltzera eta berak ere asko animatu nauela, baina inoiz ez naiz aitagatik behartuta sentitu.
Aita: Garai bat izan zuen futbolean eta txirrindularitzan aldi berean aritu zena. Goizetan partidua jokatu eta arratsaldean lasterketa izaten zuen garai bat. Orduan, askotan hitz egin izan nuen emaztearekin, futbolean jarraitzea egokiena ez ote zen.
Iñaki, zuk maila asko pasa zenituen txirrindularitzan. Nola gogoratzen duzu afizionatu garaia?
Aita: Oso garai polita izan zen. Etengabe mailaz igotzen ninduten, eta guztietan nahiko txukun aritu nintzen. Urtean 3-4 lasterketa irabazten nituen, eta horrela joan nintzen pixkana pausoak ematen. Egungo txirrindularitzarekin alderatuz, lehengo prozesua askoz ere naturalagoa zen. Egun, oso presionatuta ikusten ditut gazteak, eta nire kasuan ez nuen halako presiorik izan.
Aitak azaldu du bi edo hiru lasterketa irabazita afizionatuetan jarraitu zuela. Zuri ez zizun balio izan.
Semea: Ez, azpiko mailatan bi irabazi ditut bakoitzean, baina afizionatuetan bakarrarekin konformatu behar izan nuen. Halere, nire esku zegoen guztia egin dudala uste dut.
Orduan errazagoa al zen profesionaletara pasatzea? Jauzi handia ikusten al duzu zeuen garaietatik semearen garaietara?
Aita: Bai, inongo dudarik gabe. Lehen askoz ere talde gehiago zeuden, beraz, eskaera gehiago zegoen, eta, aukera zabalagoa zen, ordutegi eta lasterketa gehiagorekin. Beraz, nik uste askoz ere errazagoa zela.
Noiz ohartu zinen profesionaletara igotzeko aukerarik ez zenuela izango?
Semea: Joan den urteko ekain eta uztail aldean jada oso argi nuen ez nintzela profesionaletara pasatuko. Banekien, horretarako, urtea ondo hasi behar nuela, eta, nahiko ondo hasi nintzen arren geldialdia izan nuen.
Askotan alderatu izan al zaituzte aitarekin?
Semea: Txirrindulari moduan ez nuke esango, nahiz eta azkenaldian hizkera antzekoa dugula esaten didate [barrezka]. Txirrindulari gisa egia esan ez gaituzte alderatzen.
Aita: Nik uste dut ezaugarri berdinak genituela. Nik zortea izan nuen emaitzekin, baina, biak izan gara borrokalariak, pelotoian egotea gustatzen zitzaigun horietakoak.
Iñaki, zuk hiru urte igaro zenituen profesionaletan, nola gogoratzen dituzu urte haiek?
Aita: Ni profesionaletara Caja Ruralekin pasatu nintzen, beranduago arazo batzuk izan genituen eta denboraldia Paternina gisara amaitu genuen. Urte hori halere gaizki joan zen. Taldea desegin egin zen, eta bertako txirrindulari garrantzitsuenak beste talde batzuetara joan ziren. Gutxi batzuk talde horretan geratu ginen, aurrera aterako genuela agintzen baitziguten. Hurrengo denboraldia Artiach Royal bezala hasi genuen, baina beranduago berriz ere Paternina bezala hasi ginen, Txomin Perurena zuzendariarekin. Hark ere taldea desegitea erabaki zuen urtebetera. Gerora, arropa eta beharrezko guztia eman ziguten, baina ez genuen nominarik jasotzen. Semana Catalana lehiatu ondoren bildu egin ginen, eta horrela jarraitzerik ez genuela eta, utzi egin genuen. Urte hori amaitze aldera, eta oposizioak prestatzen ari nintzelarik, denboraldi erdia Iberdrola taldearekin amaitu nuen afizionatuetan.
Semeari zer kontatu diote aitari buruz?
Semea: Gauza asko ez egia esan, eta nik ere ez dut asko galdetu. Nik galdetu izan diodan bakarra da, itzuli handiak egin al zituen. Kontatu dituen pare bat gauza gehiago ere banekizkien, baina ez askoz gehiago.
Afizionatu ibili zaren garai honetan, aholku asko eskatu al dizkiozu aitari?
Semea: Bai bai, zalantzaren bat izan dudan aldiro galdetu izan diot. Egia da, ondoren, emandako aholkuei kasu egitea zaila dela, etxekoei kasu egitea kostatzen da eta.
Iñaki, zu beranduago zuzendari ere ibili zinen. Zer izan zen zailagoa, txirrindulari izatea ala zuzendari izatea?
Aita: Zuzendari izatea! Zuzendari izatean gauza asko kudeatu behar dira, antolakuntza egoki mantendu behar da, eta oso lan nekagarria da. Txirrindularia izatean guztia errazagoa da. Denboraldian zehar azkenean martxa hartzen nion, baina denboraldi bat amaitu eta hurrengoa kudeatzea oso nekagarria zen.
Iñaki semearen kasuan, ez al duzu txirrindularitzaren bidean jarraitzeko aukerarik izan?
Semea: Bai bai, horretan nabil. Gutxira, zuzendari izateko eta beste hainbat gauzetarako tituluak beharko dira, eta oraintxe horiek ateratzen saiatzen ari naiz. Orain masajista moduan nabilen arren, gustatuko litzaidake agian gazteagoekin aritzea.
Aita: Esan beharra daukat nik ez nuela bilatu. Lan inguruan nuen pertsona bat etorri zitzaidan ateratzear zegoen proiektu baterako laguntza eske, eta azkenean gauza bat eta beste zuzendari amaitu nuen. Gainera zuzendari nazional titulua ere behartuta atera nuen, baina ez nuen inoiz helburu gisa izan.
Zure esperientziaren ostean, gomendatzen al diozu zuzendari izatearena semeari?
Aita: Bai, gustuko badu bai. Beti esaten diot, ametsak baditu, gogor lan egin beharko duela bete daitezen, etxera ez zaiola ezer bakarrik etorriko.
Oraintxe, Iñaki, Mallorcatik (Herrialde Katalanak) etorri berri zara Euskaltel taldearekin fisio modura joan eta gero. Nondik etorri zen aukera hori?
Semea: Joan den urtean jada aipatu zidaten, nahiko banu Euskaltelen masajista gisa hasteko, baina oraindik ez nuen guztiz argi utzi edo ez utzi. Aurten erabakia hartua nuela, esan zidaten nahiko banu postua libre izango nuela eta horixe egin nuen, lehiatzeaz utzi baina txirrindularitzaren munduan segi. Antza denez, aurtengo egutegia ikusita, denbora luzez egongo naiz etxetik kanpo, baina ondo ikusten dut nire burua honetan aritzeko. Gustuko dudan mundua da.
Zein izan da inoiz ikusi duzuen txirrindularirik hoberena?
Aita: Tadej Pogacar esango nuke. Nik uste nahi duenean irabazten duela, izan otsaila, edo izan martxoa.
Semea: Nik ere Pogacar esango nuke, egiten duena harrigarria baita. Nahi duen lasterketa irabazteko gai ikusten dut.
Nola ikusten duzue euskal txirrindularitza?
Semea: Orain, lehengo belaunalditik geratzen diren horiek gozatu behar dute, alegia, Mikel Landak, Jon Izaguirrek... Halere, egia da hemen beti izan dela eboluzioa pixka bat makalagoa, baina esperantza eduki beharra dago. Nik uste pazientzia izan behar dugula.
Aita: Nik uste azkenean kantitatetik kalitatea ateratzen dela, eta aurtengo daturik ez dudan arren, ezin dugu espero urtero Gipuzkoatik bi profesional ateratzea. Urte batean agian lau aterako dira, eta beste batean agian bat ere ez. Pazientzia eduki beharra dugu.