Eta zer ez da (ez)berdin

Berasaluzetarrak aurrez aurre

Erabiltzailearen aurpegia Unai Ugartemendia 2025ko urt. 23a, 11:58

Leire eta Xabier Berasaluze alaba eta aita. Musikari lotuak izan dira txiki-txikitatik. Elkarrekin jotzen ere aritu dira, esaterako, azken udan.

Zer da Leire / Xabier zuretzat?

Xabier: Alaba daukat oraintxe pare-parean! Jaiotzetik ondoan daukadan pertsona bat da Leire.

Leire: Aita, eta musikari erreferente bat ere bai.

Nola definituko zenuke Leire / Xabier?

Xabier: Txikitatik saiatu nintzen musika zantzu batzuk ematen, eta berak bere bidea hartu du eta nik nirea. Aholku batzuk ematen dizkiot, baina bakoitzari bere bidea egiten utzi behar zaio. Aholkuak erabili ez arren, gordetzea garrantzitsua izaten da.

Leire: Aita oso maitakor bat bezala definituko nuke hasteko, eta kanpotik ikusita oso pertsona jatorra. Berak esan bezala, aholku asko eman dizkit, eta egunen batean erabiliko ditut, ni baino esperientzia gehiago dauka eta.

Zein ezaugarri positibo nabarmenduko zenuke besteaz?

Xabier: Ez dut ezer txarrik esango! Ez dut laguna denik esango, ezin dut esan eta. Bakoitzak dagokion lekua gorde behar du! Orain arte ondo konpondu izan gara.

Leire: Lehen ere aipatu ditut gauza onak! Ez dakit zer gehiago esan!

Zerbait nabarmendu beharko bagenu ez hain positiboa?

Xabier: Aita bezala, egoskor xamarra dela!

Leire: Bera ere egoskor xamarra da.

Nora joaten zara edo joango zinateke gustura berarekin?

Xabier: Mundu guztia zeharkatuko nuke berarekin. Oraindik leku eta gauza asko geratzen zaizkit munduan ikusteko. Esaterako, Kamchatka badakizu non dagoen, Leire? [barrezka]. Hara ere joango nintzateke!

Leire: Gertuago esanda, edozein igandetan Aristerrazura.

Xabier: Hori eginda dago! Gu ere aurki goaz bertara erromeria egitera.

Bestearekin pasatako une edo pasadizoren bat?

Xabier: Bizitzan zehar egindako gauza askotan, bera ondoan egon da. Bera jaio zen unean, ni izan nintzen bera heltzen lehena. Ondoren, txikitan, kotxez joaten ginenean, edozein musika jarrita ere, Amaia Zubiria, Txomin Artola edo Mixel Ducaux esaterako, nik bigarren ahotsa egiten nuen, eta berak jarraian hirugarrena sartzen zuen. Hori bai, panderoa jotzen ez duzu ikasi! Liburua hor duzu, baina…

Leire: Azken uda hau berarekin partekatzea, oso berezia eta ederra izan da niretzat.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!