Eta zer ez da (ez)berdin

«Arduratsua bezain saltsero izan behar du musikariak»

Erabiltzailearen aurpegia Unai Ugartemendia 2025ko urt. 23a, 11:59

Txiki-txikitatik murgildu ziren Xabier eta Leire Berasaluze aita-alabak musikaren munduan; Xabierrek Joseba Tapiaren alboan urte ugari igaro zituen, eta Leirek, berriz, Lain taldean; elkarrekin ere aritu dira musika egiten, Tapia eta Leturia Banden.

Azken berrogeita hamar urteetan Euskal Herrian pandero jole ezagunik izan bada, hori Xabier Berasaluze Leturia (Villabona, 1954) izan da. Joseba Tapiaren alboan pasa ditu urterik esanguratsuenak, eta ia 1.500 saio egin ditu bere ibilbide guztian zehar. Leire Berasaluze (Aduna, 1992) alabak ere, aitaren arrastoari jarraitzea erabaki zuen oso gaztetatik, eta, besteak beste, Lain taldearekin, Iker Laurobarekin, eta Tapia eta Leturia bandarekin abestu izan du. Azken udan batera aritu dira herriz herri. Gozatu egiten dute musikaz hitz egiten.

Xabier Berasaluze deitzen badizut, ezagutuko al zaituzte?

Xabier: Bai bai, musika munduan jende askok ezagutzen nau horrela. Agian, Leturia esanda errazago, baina hala ere bada Xabier Berasaluze gisa ezagutzen nauen jendea ere. Leturia garai bateko geure baserriaren izena zen, eta lehen baserriaren izenez deitzen zioten jende askori.

Zure kasuan Leire, izen eta abizen soilarekin ezagutzen al zaituzte? Edo atzetik Leturia ipinita errazago?

Leire: Nire kasuan biak esango nituzke. Kuadrillan bertan ere askotan Letu ere deitzen didate. Egia da, azkenaldian, Leire Berasaluze gisara dezente aritu naizela, baina Leturiarekin ere asko harremantzen naute.

Xabier, egia al da hiru urterekin hasi zinela pianoa jotzen eta solfeoan?

Xabier: Bai. Aita musikaria zen, eta eskolan hasi orduko Villabonako musika eskolara eraman ninduen. Gogoan ditut musika eskolagatik botatako negar saioak. Garai hartan gogor ikasten genituen notak, hanka sartuz gero belarrondokoa jasotzen baikenuen. Gainera, etxean ere errepasoa egiten nuen ondoren aitarekin. Egun guztia musikaren inguruan igarotzen genuen.

Zuk, Leire, aitaren arrastoa jarraitu duzu. Zu jaiotzerako bera jada ezaguna zen.

Leire: Bai bai, ni ere bost urterekin hasi nintzen txistua jotzen. Pare bat urte egin, eta utzi egin nuen. Ez nuen oso gustuko izan, baina solfeoan batez ere asko ikasi nuen. Sei urterekin jada biolina jotzen hasi nintzen.

Ume zinela, aita jada bili-bolo aritzen zen musikari moduan alde batera eta bestera. Umetako zein oroitzapen duzu aitarekin?

Leire: Gogoan dut asteburuetan oso pozik jartzen nintzela! Oso plan polita iruditzen zitzaidan kontzertuetara joatea, izan Ipar Euskal herrira, izan Bizkaira, edo izan Arabara. Oso oroitzapen politak ditut! Tapia eta Leturiaren jarraitzaile sutsuak ginen.

1984an sortu zenuten Tapia eta Leturia taldea Joseba Tapiak eta zuk. Nondik etorri zen hura sortzeko ideia?

Xabier: Garai hartan, trikitia ikastera joaten nintzen Josebaren osaba zen Eleuteriorengana. Orduan ez nuen kotxerik ere, eta bizikletan joaten nintzen soinua bizkarrean hartuta. Joseba hantxe egoten zen kanpoan, eta, Eleuteriok ezin zuenean, Josebak erakusten zidan pieza erraz batzuk jotzen. Esan beharra dago, trikitia desagertzear egon zen momentu bat izan zela. Behin, Euskal Herriko trikitilariak kontatzen hasi ginen, eta hamasei besterik ez zeuden. Arazo handiena, erromerietan kantatzeko prest zeuden pandero joleak bilatzea zen. Josebak ere maiz esaten zidan, abesten hasteko, pandero joleak iritsiko zirela. Ordurako, nik beste hainbat trikitilarirekin batera talde batean jotzen nuen, baina behin Josebak trikitilari faltan zebilela esan zidan. Berarekin probatzen hasi nintzen, eta azkenean horrela hasi zen guztia. Gogoan daukat Itsasondon eta Belauntzan egin genituela lehen bi saioak.

Zu Leire, ezagun, Euskal Kantu Txapelketa irabazi eta gero egin zinen.

Leire: Kristina Aranzabe eta biok 2007an hasi ginen kantuan, 15 urte genituela. Nik ez nekien Youtube zer zen ere, baina lagun batek geure bideo bat igo zuen. Kasualitatez, lehen euskal cover-a izan zen eta sekulako mugimendua izan zuen bideoak. Horren ondoren, animatuta, Kantu Txapelketan izen eman, eta irabazi egin genuen. Gutxira, abestiak sortzen hasi ginen eta Gazteako Maketa Lehiaketan izen eman genuen. Beranduago, Lain taldea etorri zen eta 10 urte inguru aritu ginen. Tartean, Miren Zeberiorekin eta Enrique Solinisekin aritu nintzen, baita 2013an Iker Laurobarekin ere. Ondoren, Joseba Tapiaren bakarkako proiektuan hasi ginen lanean banda bezala, eta gero azkenean Tapia eta Leturia banda sortu zen. Orain, atera berri dudan azken diskoa Mikel Artiedarekin atera dut, Tapia eta Leturia bandako kaxa jolea izan zenarekin.

Xabier, asko jarraitu al duzu Leireren ibilbidea?

Xabier: Bai bai, erabat.

Leire: Ez zaio beste alternatibarik geratu [barrezka].

Leire, Leturia ezizena eramateak mesede ala kalte egin dizu?

Leire: Ez nuke esango inongo kalterik egin didanik. Azkenean, beti izango dut Leturiaren alabaren aurkezpena, baina, ez da inongo kalte, are gehiago, betidanik pentsatu izan dut, kanpotik betidanik interpretatu nahi izan dela entxufe moduko bat. Egia da, horregatik ere zenbait jendek ezagutu nauela, baina neure kabuz lortutakoaren inongo zalantzarik ez dut. Pisu handiagoa da, adibidez, orain, Oñatin bizitzen ari naizela, Herri Eguna ospatzean, trikitilari talde bat oholtzan eta jendea panderoa hartzeko esanez egotea. Leturiaren alaba izateagatik ez du pandero jolea naizenik esan nahi [barrezka].

Xabier, musikari gisa daramatzazun urte hauetan guztietan egindako saio edo erromeri guztiak zenbatuta al dituzu?

Xabier: Bai bai, guztia apuntatuta dago. 1.400 edo 1.500 emanaldi inguru daramatzat. Gainera, orduan ez genituen egun dauden aukerak izaten.

Hala ere, jendeak lanik egiten ez zenuela pentsatuko du, ez baitugu aipatu musikari izateaz gain langilea ere bazinela.

Xabier: Bai bai, 40 urte igaro nituen Kutxan lanean. Esan beharra dago emanaldietan Josebak eta biok ura edaten genuela beti! Emanaldien ondoren etxera iritsi, pare bat ordu lo egin, dutxa hotz bat hartu, eta lanera joaten nintzen.

Leire, zu ere irakaslea zaren aldetik, imajinatzen al duzu zeure burua aitaren erritmoan?

Leire: Egia esan ez, batez ere egungo erromeriak ez direlako hain luzeak izaten. 2024an dezente gertatu izan zait, adibidez, soinu frogetarako klaseetatik apur bat lehenago atera behar izatea. Horrez gain, kantu klaseak ere ematen dizkiet Goazen! telesaileko protagonistei, beraz, nik ere ez dut denbora askorik izaten. Egia da lana pilatuta askotan izaten dudala, baina ez aitak izaten zuena bezain beste.

Betidanik entzun izan da, musikariak eta bertsolariak berezko parrandero sena behar duela. Esaldi horren atzean, zenbat dago egiatik eta zenbat gezurretik?

Xabier: Azkenean, horrela, gau giroan ibilita eta hurrengo eguna jai izanda, ura hurrengo goizerako uzten da. Hala ere, alkohola oso txarra da kanturako, ahotsa lazten du. Dena den, beti izaten genuen gertu sagardo pixka bat [barrezka].

Leire: Nik ere esan beharra daukat, aita bezala, hasieran zintzoagoa nintzela. Nik uste dut, horrela ibiltzeko, saltsera sena apur bat eduki behar dela. Azken batean, kalea gustuko ez baduzu, agian, ez da afizio egokiena zuretzat. Beraz, bietatik apur bat behar dela iruditzen zait: arduratsua izatea eta dibertitzeko grina edukitzea.

Zer da zuentzat musika?

Leire: Egunerokotasunean guztiz beharrezkoa den hori. Oraintxe adibidez, ni gainera bukleetan sartzekoa naiz eta justu Olaia Intziartek atera berri du diskoa, asko maite dudan eta asko miresten dudan artistak, eta badakit ez naizela bukletik erraz irtengo. Hotza egiten duenean txaketa bezala behar dut nik musika egunerokoan, ezinbestekoa da.

Xabier, zuen garaietatik musika asko aldatu da. Gaur egun errazagoa al da musikaria izatea?

Xabier: Baliabide gehiago daude, baina egia da ezin dela horri begira egon. Musikari onak direnak, azalduko dira, eta hori horrela izan da beti. Orain makinaria asko dago, baina musikari onek ez dute halakorik beharko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!