Eta zer ez da (ez)berdin

Irazustabarrenatarrak aurrez aurre

Erabiltzailearen aurpegia Unai Ugartemendia 2024ko abe. 12a, 11:58

Felix eta Aratz Irazustabarrena aita-semeak aurrez aurre.

Zer da Aratz/Felix zuretzat?

Felix: Semea! Bere alde on eta txarrekin, onekin esango nuke, baina, semea. Hiru semeetatik erdikoa.

Aratz: Aita esango nuke. Momentu garrantzitsu guztietan hor egon dena eta aurrerantzean ere hor egongo dena. Babes bat niretzako.

Nola definituko zenuke Aratz/Felix?

Felix: Gazte normal bat bezala ikusten dut. Osasuntsua eta gaztea. Umetan temosoagoa zen. Izena ematen duen gauza guztietan aurrera joan behar duen horietakoa, bai kirolean, bai bertsotan, bai xakean… beti irabazteko.

Aratz: Pertsona lasai bat bezala definituko nuke, eta langilea. Langilea batez ere! Lan bat bururatzen zaionean, buru-belarri jartzen da horretan, eta ahal duen moduan aurrera ateratzen du.

Zein ezaugarri positibo nabarmenduko zenuke besteaz?

Felix: Gehienak positiboak ikusten dizkiot. Lehen aipatu dudan temoso ezaugarri hori ere positiboa ikusten dut.

Aratz: Beti hor izaten dela laguntzeko prest! Horixe aipatuko nuke gauzarik positiboena bezala.

Zerbait nabarmendu beharko bagenu ez hain positiboa?

Felix: Aitari ez diola batere kasurik egiten! Horixe txarrena!

Aratz: Nahiko despistatua dela eta lan gehiegitan sartzen dela, eta ondoren gauza garrantzitsuenak ahaztu egiten zaizkiola. 

Nora joaten zara edo joango zinateke gustura berarekin?

Felix: Lehen asko joaten ginen elkarrekin oporretara edo leku guztietara. Orain, batez ere pilota partidetara joaten gara elkarrekin, eta, noski, Artolaren finalera joango gara, ez?

Aratz: Nire partidaren batera, bere antzerkiren batera, edo bertso saioetara. Oso gustura joaten naiz berarekin!

Bestearekin pasatako une edo pasadizoren bat?

Felix: Aste honetan ikusi dut bere grabazio bat Hitzetik Hortzera saiorako, eta bertso zaharrak kantatu eta kantatu aritu zen. Pilotarekin lotuta gogoratzen naiz orain urte batzuk, Pello Etxeberriaren aurka Zornotzan (Bizkaia) jokatu eta irabazitako hura. 

Aratz: Nik ere horrelako oroitzapenak dauzkat gehienbat, pilota partidetara eginiko bidaiak. Kotxean egindako bidaia haiek gogoratzen ditut. Babes handia izaten zen niretzat, eta oroitzapen bikainak ditut haietaz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!