Alegiako aita-semerik ezagunenetakoak dira Felix Irazustabarrena (Alegia, 1961) eta Aratz Irazustabarrena (Alegia, 1998). Felix aitak, berrogei urte baino gehiago daramatza bertsoaren munduan murgilduta, eta eginkizun ezberdinetan aritu izan da Bertsozale Elkartearen barruan. Gaur egun, Hedapen taldeko kidea da. Aratz semeak, aldiz, lehen hastapenak ematen dihardu Gipuzkoako Bertsozale Elkartean, administrari moduan. Bertsoaren baitan bizi dira, eta larunbateko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalerako gogoz daude biak ere.
Gaur egun, Bertsozale Elkarteko langileak zarete, baina, zu, Felix, nola iritsi zinen bertsolaritzara?
Felix: Gure etxean bazegoen bertsotarako zaletasuna. Aita oso bertsozalea zen, eta, hor ibiltzen ginen, baina, batez ere Altzoko kuadrillakoekin hasi ginenean hasi ginen gehiago zaletzen. Bertso saio askotara joaten hasi ginen, eta parrandan ibiltzen ginenean ere bertsotan aritzen ginen. Oso giro bertsozalea genuen taldean. Ondoren, 1986ko txapelketa bertsolariek beraiek hartu zutenean, gu adin muga paregabe batean geunden, eta antolaketan ere sartu ginen. Handik aurrera, elkartea sortu, eta bertan lan ezberdinak egitea egokitu izan zait, esaterako, telebistan, epaile lanetan, gai-jartzaile… Gauza guztiei baiezkoa ematen nien. Konturatzerako berrogei urtetik gora joan dira.
Aratz, zu beste modu batean sartu zinen bertsolaritzara?
Aratz: Aurreneko oroitzapenak aitarekin ditut. Ziur saioren bat entzutera joan nahiko zuela, eta gure zaintzan egotea tokatuko zitzaionez [barrezka], denak joan behar izango genuela. Epaile lanetan aritzen zeneko oroitzapenak ere baditut, eta orduan ere gu lanean jartzen gintuen puntuazioak ematen. Konparaketak egiteko probestuko zuen, eta ziur ez genuela batere asmatzen. Etxean ere askotan aritzen nintzen bertso-paperak egiten. Tarteka bertso-paper lehiaketaren batera ere izen ematen genuen. Bat-batekoa ez zait inoiz batere gustatu.
Lehenbizikoz entzun zenuen bertsolaririk baduzue gogoan?
Felix: Ez daukat oroitzapen ikaragarririk egia esan. Gogoan daukat Xabier Amuriza Amezketan kantari 1980ko txapelketa irabazi aurretik. Halere, oso oroitzapen zaharrik ez zait geratzen. Irratian entzundakoak eta aitak kontatutakoak bai, esaterako, Uztapideren omenaldira joan zirenekoak.
Aratz: Nik txapelketak dauzkat buruan. Umea nintzenean, Andoni Egañak irabazten zituen gehienak, baina gogoan daukat Aitor Mendiluzek irabazitako Gipuzkoako txapelketa. Haiek lirateke nire lehenbiziko oroitzapenak.
Bustitzea eskatuko dizuegu. Zuen bizitzan ikusi duzuen bertsolaririk onena zein izan da?
Felix: Nik ikusitako onena, Andoni Egaña izan dela esango nuke. Bere ibilbidea asko bizi izan dugu, eta beti harritu nauen bertsolaria izan da. Bere bertso maila izugarria da, eta edozein gauzetara egokitzen den bertsolaria izan da beti. Nik, hala ere, gehienak miresten ditut! Lazkao Txiki ere ezagutu nuen, eta haren oroitzapen onak ditut, baita Amurizarenak ere. Egañaren kideak ere hor daude, esaterako, Anjel Mari Peñagarikano, Sebastian Lizaso, Jon Sarasua… Maialen Lujanbio ere izugarria iruditzen zait, edo Amets Arzallus. Denak hain onak dira! Helduenekin, lan asko egin ditut, eta, azkenaldian, Imanol Lazkanoren bertsoekin bilduma bat egin dut, eta harrituta gelditu naiz haren mailarekin.
Aratz: Nire kasuan, Maialen Lujanbio. Txapelketetako finalak entzutera joan izan naizenetan, bera zen onena. Plazetan ere, beti ondo eta egoki ikusi izan dut. Inoiz ez diot saio txar bat entzun. Ni Lujanbiorekin gelditzen naiz!
Zuen herrian, Alegian, beti izan al da bertsotarako joera?
Felix: Bai, beti egon da bertsozale jendea eta bertsotarako joera. Gu gazteagoak ginenean, gaztetxean ere egin genuen bertso-eskola txiki bat. Orduan Amasa-Villabonatik eta Zizurkildik jendea etortzen zen. Gerora, Intxurre bertso-eskola ere sortu genuen. Pentsa, Alegiako festetan oraindik ere urtero egiten da herriko bertsolariekin bertso saioa. Hogeita hamar urtetik gora daramatzagu saioa ospatzen!
Zu ere Aratz, ibilitakoa zara herriko bertso-eskolan.
Aratz: Bai, umetan izan zen. Bat batean abesten ez nuen batere ondo pasatzen, eta ez nuen batere gustuko. Sufrikarioa izaten zen niretzat! Bertso-paperetan, aldiz, abilezia gehiago neukan. Eskolartekotan-eta ibili nintzen. Taldekako txapela irabazi nuenean utzi nuen bat-batekoa. Argi nuen hura izango zela jokatuko nuen azken txapelketa. Geroztik, entzuten oso gustura aritzen naiz, baina kanturako ez dut erraztasun hori.
Nolako bertsolaria zen Aratz?
Felix: Batez ere seme zaharrena ibili da gehiago bertsotan, baina, nik beti esaten nuen Aratzek bazuela bertsotarako gaia. Berak nahi izan zuen arte egin zuen bertsotan. Kotxean asko kantatzen genuen lehen. Ez mareatzeko aritzen ginen bertsotan! Edozein lekutara gindoazela ere, bertsotan egiten genuen bidaia.
Aita zorrotza izan al da zurekin bertso gaietan?
Aratz: Ez, batere! Ez bertsotan, eta ezta beste hainbat gauzetan ere. Inoiz ez digu ezer exijitu. Bultzatu, agian, bai, gehienbat bere zaletasuna zelako eta guri ere gustatzen zitzaigulako.
Felix: Pena, hori, zorrotzagoa ez izatea! [barrezka]. Gogoan daukat egin zuen azken saioa. Amaitzean, taldekideek esan zioten itzuli egin behar zutela hurrengo urtean, eta, Aratzek, horrela bota zien albotik: «nik nahikoa egin diat! Ni ez nauk itzuliko!». Hitza bete zuen.
Gaur egun zein eginkizun duzue Bertsozale Elkartean?
Felix: Gaur gaurkoz hedapen taldean nabil. Bertsoa.eus webgunea eta Hitzetik Hortzera telebistako programa elikatzeaz arduratzen da Hedapen taldea. Bestelako grabaketak, txapelketak, zuzeneko emanaldiak eta albisteak ere kudeatzen ditugu. Lehen oso sartuta egon nintzen, baina gaur egun beste jende batek ardura ere hartu du eta orain lasaiago nago. Xenpelar Dokumentazio Zentroan ere egiten ditut lan batzuk, esaterako, irratietarako zerbitzua, katalogazioa, digitalizazioa… Doinutegiarekin ere hor nabil. Lan ezberdin asko egitea tokatzen zait.
Aratz: Nire kasuan, gaur egun, Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko administrari bezala nabil lanean. Bulegoan bertan, hiru langile gaude; Mikel Artola koordinatzaile moduan, Beñat Azaldegi sustapenaz arduratzen dena, eta ni administrari moduan. Gutaz harago, irakasleak ere baditugu, eta haiek koordinatzeaz ere arduratzen gara.
Bertsozale Elkartea osasuntsu dago gaur egun?
Aratz: Nik baietz esango nuke. Azkenean Bertsozale Elkartea herrialde guztiek osatzen dugu, eta Euskal Herriko elkartea haiek osatzen dute. Lurraldearen arabera osasuntsuago egongo da bat edo beste, baina orokorrean osasuntsu dago elkartea.
Felix: Nik askotan zalantzak izaten ditut, gehienbat, sartu eta atera jende asko egiten delako, baina hori ere osasuntsu dagoelako dela esaten didate. Bizirik dago elkartea! Elkarteak berak jada hartu du izen bat, prestigio bat, eta hori ezin dugu uka.
Gaur egun imajinatzen duzue egun bat bertsorik entzun gabe?
Felix: Nik ez! Lanagatik asko entzun behar izaten ditut, baina, oporretan ere entzutea gogoko dut, eta bestela nire buruak ere produzitzen dizkit bat edo beste. Ametsetan ere askotan aritzen naiz bertsotan! Askotan amesten dut Egañarekin bertsotan ari naizela. Hori bai, bera bikain dabilen bitartean ni bertsoa osatu ezinik aritzen naiz [barrezka]. Hala ere, konturatzen naiz Egañaren bertsoak ere nik egiten ditudala!
Aratz: Nik orain dela gutxi arte pasatzen nituen egunak bertsorik entzun gabe. Ez nuen hainbesteko zaletasunik ere. Orain, elkartean egonda, alde batetik edo bestetik ezin pasa bertsorik entzun gabe.
Bertsozale Elkartean lanean aritzen diren bi langileentzat, nolakoak izaten dira finalaren aurreko egunak?
Aratz: Nire lehen txapelketa da aurtengoa bertan buru-belarri sartuta nagoena. Orain artekoa esperientzia polita izaten ari da. Lan handia daukagu, baina asebetetze handia ematen duen lana da. Jendea saioetara nola joaten den ikusten ari gara, eta horrek ere poz handia ematen du.
Felix: Nik txapelketa asko bizi izan ditut orain artean. 1993an jada epaile lanetan aritu nintzen, Egañaren lehen txapelketan. Egun hartan gainera izan nintzen lehenbizikoz aita. Haren aurreko txapelketetan ere esku bat botatakoa nintzen, esaterako, 1986an. Hedabide lanetan eta Hitzetik Hortzera saiorako ere askotan egon izan naiz txapelketetan. Niretzako txapelketa, beti gorakada handi bat izaten da. Aratzek aipatu bezala, lan handia ematen du txapelketak, baina taldeko babesarekin egoten gara, denak batera, eta hori ere oso polita izaten da.
Zu Aratz, idazkari lanetan ari zara orain jokatzen ari den Gipuzkoako txapelketa honetan. Nola bizitzen ari zara?
Aratz: Ez pentsa lan handiak direnik! Idazkari hitza bera handiagoa da egiten dugun lana baino. Ez da lan zaila, baina ardura handiko lana da. Nik ondo daramat orain artean. Gauzak nahiko lasai hartzen ditut, eta denboraz ere ondo ibiltzen naizenez, kontzentrazio osoz eramaten dut lan guztia. Inguruan ere laguntzaile asko ditugu, eta horrek ere gauzak asko errazten ditu.
Larunbateko finalerako faboritorik baduzue?
Aratz: Alaia Martin. Uste dut jada tokatzen zaiola.
Felix: Beñat Gaztelumendiren baimenarekin, Oihana Iguaran daukat buruan. Eskualdekoa da eta…