Zer da Ane/Eneritz zuretzat?
Eneritz: Nire ahizpa, laguna, ondo ulertzen nauen emakumea, eta gaur egun nire semeen izeba.
Ane: Zu niretzako, bidelaguna zara oraintxe bertan. Ahizpa ere bai, baina, orain eta bizitza guztian uste dut bidelaguna izan zarela.
Nola definituko zenuke Ane/Eneritz?
Eneritz: Pertsona alaia, motibatua, konprometitua, eta bizipoz handiena duena. Ingurukoei ere bizipoz handia ematen diguzu.
Ane: Entzule ona, laguna, lagunen laguna, eta beti besteei laguntzeko eta entzuteko dagoen pertsona bat da.
Zein ezaugarri positibo nabarmenduko zenuke besteaz?
Eneritz: Lehen aipatutakoez harago, asko baloratzen dut zeure buruari atseden emateko duzun gaitasuna.
Ane: Zure lasaitasuna. Askotan, gauzak ulertzeko ematen didazun perspektiba ere asko baloratzen dut. Agian, niri falta zaidan perspektiba zabaltzen didazu.
Zerbait nabarmendu beharko bagenu ez hain positiboa?
Eneritz: Denbora ez duzula batere ondo kudeatzen! Ez zara batere puntuala, eta leku guztietara presaka iritsi behar hori…
Ane: Ez dakit zer esan ere! Agian, batzuetan exijenteegia zarela zeure buruarekin.
Nora joaten zara edo joango zinateke gustura berarekin?
Eneritz: Leku askotan egiten dugu topo, bai mendian, bai kontzertu batean, topaketa feminista batean… Horietan jarraitu nahi dut zurekin topo egiten. Eta oso oso gustura pasako nituzke egun batzuk zurekin Pirinioetan.
Ane: Biontzako oso berezia izan zen Mexikoko bidaia, eta berriro ere oso gustura itzuliko nintzateke bertara zurekin. Zuk aipatutako guztietan ere ondo, eta etxeko salan baldin bada ere ondo.
Bestearekin pasatako une bereziren bat edo pasadizoren bat?
Eneritz: Oso gogoan daukat zu jaio zinen gaua. Oso presente daukat egun hura, eta ondo oroitzen dut non nengoen, nola nengoen, norekin nengoen… Zerbait berezi bezala gogoratuko nuke, baina, gerturago etorrita, eta, zurekin esateko, aurreko larunbatean eman genuen mendi buelta. Oso berezia izan zen niretzat!
Ane: Nik ere azkeneko hori esango nuke! Edozein topaketarekin konformatzen naiz, esaterako, edozein kontu, elkarrizketa, edo kafe bueltako egonaldi bat.