Eta zer ez da (ez)berdin

«Oso garbi izan genuen ikus-entzunezkoen bidetik joan nahi genuela»

Erabiltzailearen aurpegia Unai Ugartemendia 2024ko aza. 28a, 11:59

Eneritz eta Ane Urkola.

Ikus-entzunezkoetan denetarik egitea egokitu zaie Eneritz eta Ane Urkola ahizpei; Bertsozale Elkartearen funtzionamenduaz arduratzen da egun helduena, eta Hamaika Telebistan ari da gazteena.

Biak ere ikus-entzunezkoen munduan dabiltza unibertsitatea amaitu zutenetik, Eneritz Urkola (Anoeta, 1986), bi ahizpetan zaharrena, Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko barne funtzionamenduaren arduraduna da gaur egun. Ane Urkolak (Anoeta, 1995), aldiz, Hamaika Telebistako programazioko arduradun lanetan dihardu azken urteetan. Gaur egun biak kilometro batzuek banatzen badituzte ere, konexio berezia dute oraindik ere. Aho bizarrik gabe hitz egiten dute.

Nolakoak zineten umetan?

Eneritz: Esango nuke Ane eta bion arteko ahizpa harremana nahiko ezohikoa izan dela, kontuan hartuta bederatzi urteko adin tartea dugula. Aneri, antzeko bi ama egokitu zitzaizkion, betidanik izan baitut bera zaintzeko ardura, senide hori iristeko sekulako gogoa bainuen. Berarekin ditudan oroitzapen gehienak ez dira elkarrekin jolasten izan, bera lokartzen baizik, bera zaintzen. Ume jolastia zela esango nuke. Jolasekin, alaitasunarekin, eta pozarekin lotzen dut Ane.

Ane: Egia da Eneritz betidanik izan dela nire bigarren ama, gogoan dut asko zaintzen ninduela. Halere ez naiz asko oroitzen. Nire oroitzapen gehienak apur bat koskortu nintzenekoak dira.

Ikasle onak izandakoak zarete?

Ane: Ikasle onak, saiatuak, eta saiakera horrek emaitza onak ematen zizkigun. Gogoan dut ni txikia nintzenean, nola prestatzen zuen Eneritzek egongelako mahaia apunte guztiekin. Eta ni ere ikasle ona izan naiz. Gainera, beranduago, biok ikasketa berdinak hautatu genituen. Eneritzen ibilbidea jarraitu nuen.

Eneritz: Orain, elkarrizketa honen bidez ohartu naiz, Anek eta biok, uste baino kontu gehiagotan egiten dugula bat.

Eneritz, argi izan al zenuen ikus-entzunezkoen ikasketak egin nahi zenituela?

Eneritz: Ez ez, esango nuke gainera, aukeratzeko momentua heldu arte ez nuela inoiz argi izan. Hiru alor izan nituen zalantzan eta ikus-entzunezkoa batez ere irratiagatik izan zen, nahiz eta ondoren irratian oso gutxi jardun dudan. Beste alorretako bat psikologia izan zen, eta azken aukera fisioterapia zen. Egun, oraindik, psikologiaren espezialitate askok arreta handia ematen didate, eta, asko gustatzen zaizkit. Orain, bi umeren hazieran egonik oraindik eta gehiago. Eta fisioterapia aldetik, ez agian fisioterapiak zuzenean, baina gorputzek ere arreta handia ematen didate. Beraz, ez nenbilen guztiz oker aukeratzeko garaian. Azkenean ikus-entzunezkoen bidetik joatea erabaki nuen, eta asko ikasi dut ordutik.

Ane, ahizpa ikusita, errazagoa egin al zitzaizun erabakia hartzea?

Ane: Nire kasuan oso argi nuen komunikazioarekin zerikusia izan behar zuela, asko gustatzen baitzait. Egia da, etxean, gurasoek ez zidatela zuzenean ideia hura jarraitzeko esan, badaezpada batxilergo zientifiko edo teknologiko bat hartzeko esaten zidaten, agian, ondoren, gizarteak balio handiagoa ematen dion beste gairen bat ikasteko, medikuntza adibidez. Gai ikusten ninduten edozer ikasteko, baina azkenean komunikazioa ikasi nuen.

Zu gaur egun, Ane, Hamaika Telebistako programazioko arduraduna zara. Zertan datza zure lana?

Ane: Horrelako programazio baten arduradun izatean, azkenean telebistan ikusten den hori eskaleta batean jartzea da. Pentsa dezagun hiruretan programa bat dagoela eta lauretan beste bat, ba nire lana nolabait hori horrela izateaz arduratzea da, beti ere talde lanean.

Zu, aldiz, Eneritz, zertan aritzen zara?

Eneritz: Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko barne funtzionamenduaren arduraduna naiz. Badirudi horrela funtzionamendu guztiaren arduraduna naizela, eta ez da guztiz horrela, baina lanpostuak horrela izena du.

Zein izan ziren zeuen ibilbideak?

Ane: Duela 15 urte ikus-entzunezko ikasketak burutu nituen Mondragon Unibertsitatean. Bigarren eta hirugarren mailen artean, udara batean, Berria-ko bekadun izateko aukera izan nuen. Hirugarren mailan, berriz, praktikaldia egin nuen Argia-n, eta ondoren, unibertsitatea bukatu baino lehen ATARIA-n lanean hasi nintzen urte eta erdirako. Hori guztiaren ondoren Hamaika Telebistan lanean hasi nintzen, eta gaur arte.

Eneritz: Nire kasuan karrerako praktikaldia Euskadi Irratian egin nuen, Bilboko egoitzan. Ikasgai handia izan zen, egunero izaten bainuen emititzeko zer edo zer. Praktikaldi horretan asko ikasi nuen. Segidan unibertsitatea bukatu eta Euskadi Irratian hasi nintzen lanean sei hilabetez, eta hura amaitzean Info 7n. Bertan urte erdi bat pasatu nuen. 2009ko ekainaren batean amaitu ondoren, irailean jada Bertsozale Elkartean hasi nintzen. Bere garaian, Bertsoplaza.tv izeneko webgune baterako lan egin nuen. Webgune hori, gaur egun, Bertsoak.eus izango litzatekeena. Webgune horretan hedapena izeneko sail bat zegoen, gaiarekin zerikusia zuen guztia saretzen zuena, eta 2017tik 2022ra bertako eragile izan nintzen. Nire lehen semearen jaiotzarekin bat egin nuen hor, eta etenaldi bat izan nuen. Itzuleran, elkartearekin lanpostu aldaketa bat adostu nuen. Hortik aurrera barneragoko lanetan hasi nintzen, langileen kudeaketa... 2022an berriz ere beste etenaldi bat izan nuen bigarren semearekin, eta pasa den astean itzuli nintzen.

Telebista ere ezagutu duzue barrutik. Bertan denetik egitea egokitu al zaizue?

Eneritz: Hitzetik Hortzera programan lanean aritu nintzen. Kamaren aurrean ez dut uste askotan jarri naizenik. Atzealdetik gehiago aritu naiz, produkzio lanetan, edizio lanetan... Nik ere pixka bat denetarik egin dut.

Ane: Nire kasuan bai, denetik egin dudala uste dut. Proiektu txikia denez, lan ezberdin asko egiten nituen. Urte hauetan kazetari lanak egin ditut, editatu egin dut, sare sozialak kudeatu ditut... Denetik egin dut apur bat.

Non ibili zarete gustuen?

Ane: Niri, kazetari lana gustatzen zait. Orain aipatu duzula, niri ere egokitu izan zait kamara aurrean jartzea. Esate baterako, aurreko urtean Martxoaren 8ko manifestaziora joatea egokitu zitzaidan eta egia esan oso gustura ibili nintzen [barrezka].

Eneritz: Ez nuke bakarra esaten jakingo. Nik uste bizitzako momentu bakoitzero egokitu zaidala gustura egiten nuen lana. Adibidez, Info 7n aritu nintzenean, magazine bat egiten nuen arratsaldero eta oso lan exigentea zen, baina asko motibatzen ninduen. Elkarrizketa pila bat egiten nituen, ardurak hartzen nituen, eta bereziki asko ikasi nuen. Bertsozale Elkartean hedapen lanetan ere oso gustura aritu nintzen, bertan ere asko ikasi nuen lan antolaketaz, talde lanaz, produkzioaz...

Biok aipatu duzue talde lana. Erraza al da talde lanean lan egitea?

Eneritz: Justu oraintxe hasi naiz hori ikasteko formazio batean, taldean modu osasuntsu batean lan egiten ikasteko. Oso gai interesgarria iruditzen zait. Azkenean, askotan, gure aldetik, norbanakoan joaten gara eta giro osasuntsu batean lana partekatzen ikastea oso aberatsa iruditzen zait.

Ane: Eneritzek esandakoarekin ados nago! Talde lanean asko ikasten da, baina horretan jarduten ere ikasi egin behar da. Elkar entzuten jakin behar dugu, jende gehiagorekin lan egiten. Nire ustez ere oso aberatsa da elkarlana, elkar entzutea, ideiak partekatzea...

Ikus-entzunezkoen etorkizuna internet bidez ikusten al duzue?

Ane: Gure kasuan, telebista konbentzionalaren datuak jasotzeko zailtasunak izaten ditugu, eta, ondorioz, oso-oso mugatuak gaude analisiak egiteko. Gainera, orain, EITB, Primeran plataforma eta beste antzeko batzuekin apustu egiten ari da, eta momentuz etorkizuna bide beretik joango dela dirudi. Halere etorkizuna irudikatzea momentuz zail samarra dago. Nire iritziz, gai honen inguruan gauza asko dauzkagu hausnartzeko, esaterako, zein sare sozial eta zein ez... Gako asko dauzka.

Eneritz: Nik uste etorkizunera bidean proba asko egin beharko ditugula. Nire kasuan gutxienez oraindik ez dut etorkizuna argi ikusten.

Eneritz, bertsoak eta sare sozialak uztargarriak al dira?

Eneritz: Egia da bertsolaritzaren hedapenerako balio duela, baina lehen esandakoa, ezin dugu edozein eduki sare sozialetan zabaldu. Beti zaindu izan dugu elkarteak sareetan jartzen duen eduki guztiaren jabetza izatearena, beraz, sare sozialetan zintzilikatutako guztia beti oso neurtua eta pentsatua izan da. Sare sozialak azkenean jendearengana iristeko modu eraginkor eta zuzenenak dira.

Biak hedabide txikietan aritzen zarete lanean. Hedabide handietakoren baten lan proposamena jasoko bazenute zer egingo zenukete?

Ane: EITBren kasuan, esango nuke bertako langileek oso baldintza onak dituztela, eta baldintza horiek desio ez ditudala ere ez dut esango. Halere, egia da EITBk ekoiztetxeekin lan asko egiten duela, eta haiena beste kontu bat dela. Hamaikan azkenean ez zaude aberasteko, nik uste hor beste balio batzuk daudela eta horregatik zaudela Hamaikan.

Eneritz: Ados nago. Ni ere lanera joatean, nik uste lan baldintzak kontuan hartzekoak direla, baina, ez dela dena, eta proiektuarekiko sentitzen duzun atxikimentua ere garrantzitsua da. Azkenean, egunero bertan egon behar dugulako, eta gure printzipioekin eta gustuekin bat etorri behar duelako. Orain, nire kasuan lanean ari naizen proiektuarekin hori badaukat, eta beste lekuetan denetik ikusi dut.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!