Eta zer ez da (ez)berdin

Caminos anai-arrebak aurrez aurre

Erabiltzailearen aurpegia Unai Ugartemendia 2024ko mar. 7a, 11:58

Txikia zela harrapatu zuen musikak bat, eta txirrindularitzara lotu zen bestea; jendea normalean aisialdian dagoenean egokitzen zaie lanean aritzea.

Zer da Irene / Julen zuretzat?

Julen: Etxeko txikia! Nire erreferente bat izan da, eta aldi berean bidelaguna. Geroz eta gertuago sentitzen dugu elkar, eta niretzat oso pertsona garrantzitsua da.

Irene: Nire bizitzako pertsonarik garrantzitsuenetako bat da. Txikitan ez ginen oso ondo konpontzen, baina geroz eta hobeto konpontzen gara [barrezka]. Saiatzen gara geroz eta denbora gehiago batera pasatzen. Pertsona garrantzitsua da niretzat.

Nola definituko zenuke Irene / Julen?

Julen: Bizitzako helburuak oso argi izan dituen pertsona bat da. Berdin izan zaio lan asko egitea eta borrokatzea helburu horiek lortzeko

Irene: Oso burugogorra da. Beti izan ditu bere helburuak argi, eta beti zeukan garbi musikaren munduan ibili nahi zuela. Asko borrokatu du dagoen tokian egoteko.

Zein ezaugarri positibo nabarmenduko zenuke besteaz?

Julen: Ez dauka beldurrik lan egiteko, huts egiteko, eta berriro jaikitzeko. Bere punturik positiboena bere konstantzia da.

Irene: Horretan berdinak gara! Oso burugogorra da, eta lan handia egiten du gauzak aurrera ateratzeko.

Zerbait nabarmendu beharko bagenu ez hain positiboa?

Julen: Bere jenio txarra! Oso burugogorrak gara biak, baina jenioan ez du parekorik Irenek, ziur.

Irene: Haserretzen denean oso urduri jartzen nau. Bere lasaitasuna nabarmentzen saiatzen da, eta horrek ni urduriago jartzen nau. Berarekin haserretzean, alde egiten dut.

Nora joaten zara edo joango zinateke gustura berarekin?

Julen: Paris-Dakar rallya edo Panda Raida korritzera. Gure etxean rallyak oso presente egon izan dira beti, eta askotan hitz egin izan dugu aitarekin batera lehiatzera joateaz hirurak.

Irene: Ez nintzen horretaz gogoratzen, baina beti izan dugu etxean gai hori. Ez dugu baztertzen bertara joatea, nahiz eta orduan ere eztabaidan izango ginen nork gidatu. Halere, toki bat aukeratzekotan, Benidorm [Herrialde Katalanak] aukeratuko nuke. Bertan etxea daukagu, eta umetatik joan izan gara hara. Aiton-amonak han bizi ziren, eta uda guztiak han pasatzen genituen. Oraindik ere aste bat han pasatzen saiatzen gara!

Bestearekin pasatako une bereziren bat edo pasadizoren bat?

Julen: Abu-Dhabiko finalaren une hura. Finalerdietan igarotako tentsio une hura izugarria izan zen.

Irene: Nik ere berdina neukan pentsatuta. Julen, kanpora zetorren lehen txapelketa zen, eta oso polita izan zen. Oso urduri ikusten nuen Julen, tentsio handiarekin. Gogoan daukat izugarrizko hanburgesa jan genuela hura amaitzean!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!