Oso diziplina ezberdinetan aritzen diren arren, biak dira artistak bere jardunean. Anai-arrebetan gazteena, Irene Caminos (Tolosa, 1998), Euskal Herriak inoiz eman duen trial txirrindularirik onena izan da. Zaharrena, aldiz, Julen Caminos (Tolosa, 1993), hainbat musika talde euskaldunen eta espainiarren arduran dabil azken urteetan.
Bost urteren aldea duzue, baina nola gogoratzen dituzue gaztetako garaiak?
Julen: Biak ere oso gazte hasi ginen gure eginkizunetan, eta, egia da asko sufritu dugula egindako ibilbidean. Halere, oso pozik gaude orain artean egindako lanarekin.
Irene: Nik txikitatik ikusi dut Julen musikaren munduan sartuta, eta ni ere oso gazte hasi nintzen bizikletaren munduan. Berak aipatu bezala, oso gazte hasi ginen. Biak oso mundu ezberdinetan dihardugu, baina bakoitza uste dut oso pozik gaudela egindakoarekin.
Txikitan nabari zen zuen etxean bakoitzaren joera?
Irene: Oso umetatik kirolean ibilitakoa naiz. Inoiz ez dut jakin geldirik egoten , eta, diotenez, ume-umetan jada zuhaitzetara igotzen ibiltzen omen nintzen. Julen, aldiz, beti gogoratzen dut Bonberenean musikaren munduan murgilduta.
Julen: Bai, baina ni Irene baino beranduago hasi nintzen musikaren munduan! Hamahiru urterekin edo hasiko nintzen honetan, eta, Irene, ordea, askoz ere umeago zenean hasi zen bizikletarekin. Nire bere lehen irudia zera da: Irene ia beti bizikletaren gainean.
Zuretzat Julen, Bonberenea izan da zure benetako unibertsitatea?
Julen: Niretzat eta pertsona askorentzat Bonberenea izan da eskolarik emankorrena. Urte asko pasa nituen bertan gauza asko egiten, baina garai hura amaitu zen. Ondoren, beste lagun batekin enpresa bat sortu genuen, eta jada urte batzuk badaramatzagu. Bizitza guztia daramat musikan! Gogoan daukat, gaur egun eramaten dugun Kerobia taldea ere bertan ezagutu nuela.
Urte asko pasako ziren jada Irene, baina baduzu lehenbizikoz bizikletaren gainean jarri zineneko oroitzapenik?
Irene: Bai bai! Ni ere nahiko berandu hasi nintzen bizikletarekin, esaterako, hamabi edo hamahiru urterekin. Gogoan daukat Hondarribira joan ginela Euskal Herriko txapelketa bat ikustera, eta asko gustatu zitzaidala. Aitari egur handia eman nion bizikleta erosteko, eta Olentzerotan bizikleta bat azaldu zen etxean. Geroztik ez naiz gelditu!
Gizonezkoen mundu batean sartu zinen oso gazte zinela. Gogorra egin zitzaizun?
Irene: Bai, Euskal Herrian bai! Ni hasi nintzenean, emakume bat bakarrik zegoen, baina gutxira utzi egin zuen. Ez nuen erreferenterik izan. Gaur egun, zorionez, hazten ari da kirol hau. Euskal Herrian ni bakarrik ibili izan naiz, eta nahiz ondo edo gaizki lehiatu, beti nik irabazten nuen. Egun bat iritsi zen, jada graziarik ez zuela! Gizonezkoekin lehiatzeko eskatu nien federaziokoei, haien ondoan ikasteko. Gizonezko askori min handia egin niela badakit. Asko ez daude ohituta neska bat aurretik ikusten. Urte pare bat gogorrak izan ziren. Lehiakide askok ez ninduten aurpegira begiratu ere egiten!
Soinu teknikari gisara aritu zinen lehen kontzertua gogoan duzu Julen?
Julen: Ba egia esan, ez naiz gogoratzen. Agian, lehen bira, Lain taldearekin izango zen, bertan jotzen baitzuen Javi lehengusuak. Horren oroitzapena daukat. Hortaz harago, ilusio berezia egin zidan Kerobia taldea etorri zitzaidanean. Hasieratik erlazio handia neukan haiekin, eta urte batzuetara haiekin hasteko esan zidatenean, ilusio handia egin zidan. Geroztik, batera gabiltza lanean, eta ziklo bat ixteko balio izan dit haiekin ibiltzeak.
Batak bestearen ibilbidea jarraitu izan duzue?
Julen: Etxean biak batera bizita, batak bestea gertutik jarraitzen genuen. Oso zaila egin izan zaigu askotan zuzenean jarraitzea, gure lanarengatik biak aldi berean oso urruti egotea tokatu izan zaigulako. Hori bai, haserrealdiko momentu asko partekatu izan ditugu. Irene mutilekin lehiatzen hasi, haiei gailendu, podiumera igo, eta haiek eskurik luzatzen ez ziela ikustea gogorra izaten zen. Etxekook babesa eman behar izaten genion.
Irene: Ni askotan asteburuetan txapelketaren batean egon izan naiz, eta, Julen, aldiz, kontzerturen batean. Etxean ez dugu asko kointziditzen. Ni ere ez naiz Julen askotan ikustera joan, baina, ziurrenik, ni ere Lainen kontzerturen batera joanda ikusiko nuen lanean. Asko gustatzen zitzaidan haien musika! Orain, agian, gehiago joaten naiz Julen ikustera, Dupla taldea ikusteko aitzakian. Iaz, Herri Urratsera lagundu nion nola lan egiten zuten ikustera.
Zu Julen, Irenek irabazitako txapelketa askotan egon izan zara?
Julen: Askotan harrapatu izan nau ni ere bidaiaren batean, eta, beti, furgonetan edo trenean joanda ere, beti jarraitu izan dut. Txapelketa bat jokatzen zuen aldiro, furgonetako lankideei abisatzen nien txapelketa zegoela! Zortez, familia osoak Abu Dhabira (Arabiar Emirerri Batuak) joateko zortea izan genuen Munduko Txapelketa ikustera.
Irene: Oso polita izan zen! Normalean, aitarekin joaten naiz txapelketetara, eta amak ere lagundu zigun, esaterako, Txinara. Ion Areitio hondarribiarraren familia ere gurekin etorri zen, eta festa ederra egin genuen.
Zuen langintzagatik, gehiengo bat aisialdian dagoenean, zuek lanean zaudete. Nola daramazue hori?
Julen: Iruditzen zait hasieran zailagoa egiten zitzaidala, baina aspaldi ohitu nintzen honetara. Orain, nahiago dut daramadan bizimodua. Gaur egungo bizitza ez nuke aldatuko. Gure jai eguna astelehena izaten da, eta hori sakratua da!
Irene: Azkenerako ohitu egiten zara! Hamalau urterekin hasi nintzen Munduko Kopan lehiatzen, eta gure probarik garrantzitsuenak udan izaten dira. Kuadrillakoak askotan joan izan dira oporretara, baina nik ez dut hori inoiz ezagutu. Oso umetatik, udak kanpoan pasatzera ohituta egon naiz. Jende askok galdetzen dit ea ez didan inbidiarik ematen, eta, ezetz esaten diet, ez baititut horrelako udak ezagutu! Julenek aipatu duen bezala, astelehenak guretzako dira. Txakurra hartu eta mendira joateko probesten dugu!
Zuen etxera joango bagina, azkar batean konturatuko ginateke zein langintzatan diharduzuen?
Julen: Irenerekin gehiago nirekin baino. Bizikleta gehiegi dauzka! Etxe osoa garaikurrez eta argazkiz beteta dauka. Amak jada ez daki non ipini ere!
Irene: Bai, noski konturatuko zinatekeela! Bizikleta asko dauzkat zintzilik. Eta gurasoen etxean ere, Julenek disko eta liburu asko dauzka, gitarrarekin ere ibili zelako garai batean.
Zuen lanetik, zein da gauzarik politena?
Julen: Ikustea dena ondo atera dela! Kontzertu bat martxan jarri, eta dena ondo doala ikusten duzunean, orduan lasaitzen naiz. Orduan pentsatzen dut; lana ondo egin dut! Ordutik aurrera hasten naiz lanaz gozatzen.
Irene: Nire kasuan oso antzekoa da, esaterako, txapelketa batean lortutako emaitzak ikustean, eta konturatzen zarenean lortutakoa egindako lanaren fruitua dela. Hori oso polita da. Beste aldekoa ere tokatzen da, eta askok diote horrelakoetatik ere asko ikasten dela.
Zertan duzue antzekotasun handiena?
Julen: Jenio txarrean!
Irene: Biak oso burugogorrak gara, bai onerako eta baita txarrerako ere! Biak nahi izaten dugu arrazoia izan. Normalean, bera isiltzen da lehenbizi ez jarraitzeagatik.
Julen: Horrelakoetan beti ematen diot arrazoia isilik gera dadin, bestela ez ginateke inoiz isilduko!
Eta zertan zarete oso ezberdinak?
Julen: Txukuntasunean eta ordenean gehienbat! Ni oso ordenatua naiz orokorrean, eta lanarekin ere berdin gertatzen zait. Detaileak zaintzea gustatzen zait, eta batzuetan oso maniatikoa izatera iritsi naiteke.
Irene: Agian, bulegoan ordu asko pasatzen dituelako, eta ohituago dagoelako izan daiteke. Nik, aldiz, gauza batzuei ez diet garrantzirik ematen, eta ondoren gaizki ibiltzen naiz askotan.
Zuen langintzagatik, nahiz eta oraindik oso gazteak zareten, askotan iruditu izan zaizue lagunekin edo kuadrillakoekin ordu asko galdu dituzuela?
Julen: Askotan gertatu izan zait, Espainiako puntaren batean egon, eta Tolosan Kuadrilla eguna ospatzea. Horrelakoetan pentsatu izan dut: «eta nik zer kristo egiten dut hemen?». Beste batean, inauterietan, Tenerifen harrapatu ninduen. Ostegunetik astelehenera aritu ginen lanean etengabe. Ni han nengoen bitartean, kuadrillakoak, non eta zein ordutan geldituko ziren galdezka zeuden une oro. Amorrazioz beteta egon nintzen egun haietan! Asteartean, ordu eta erdiko taxi bidaia egin, lehen hegazkina hartu, eta inauterietako azken egunaz gozatzeko aukera izan nuen. Oraindik ez naiz inoiz atzera begira jarri nire ibilbidea aztertzeko, baina askotan dena pikutara bidaltzeko momentuak ere izan ditut. Halere, oso pozik nago daramadan egunerokotasunarekin.
Irene: Nik argi daukat merezi izan duela egindako esfortzuak. Baina niri ere gertatu izan zait Julenen egoera berdina. Gogoan daukat, Cartagenan (Murtzia, Espainia) nengoela, eta izugarrizko beroa egiten zuela, eta orduan ere Kuadrilla eguna zen. Nik ere berdina pentsatu nuen: «baina zer egiten dut nik hemen? Nik Tolosan egon nahi dut!». Horrelakoak gertatzen dira momentu batzuetan, baina, orduan, esaterako, Espainiako Txapelketa zen. Irabazi nuen azkena izan zen, eta orduan pentsatu nuen: «hemen ere egon nahi dut!» Hori bai, hura amaitu zenean, aitari azkar batean esan nion: «aita, hartu kotxea eta goazen! Bihar eskopetariak dira eta!». Aurten askotan begiratu dut atzera, eta denak merezi izan duela iruditzen zait. Aurten izango dut azken urtea lehiatzen, eta orain izango dut horrelako egunez gozatzeko aukera.