Eta zer ez da (ez)berdin

Urretabizkaia aita-semeak aurrez aurre

Erabiltzailearen aurpegia Unai Ugartemendia 2024ko ots. 1a, 11:58

Pilotazale amorratuak izaten jarraitzen dute Beñat eta Joxean Urretabizkaia aita-semeek, eta oraindik ere, askotan hitz egin ohi dute haien artean pilotaz.

Zer da Joxean / Beñat zuretzat?

Beñat: Lehenik aita, eta gero esango nuke lagun bat. Zerbait behar izaten dudanean laguntzeko prest dagoen pertsona bat.

Joxean: Esango nuke bizitzako opari bat dela, guraso askok esaten duten bezala. Edozein momentutan, ustez behintzat, laguntzeko prest dagoen pertsona bat da.

Nola definituko zenuke Joxean / Beñat?

Joxean: Nahiko pertsona lasaia, bere lagunen oso laguna, eta bere inguruko jendea nahiko ondo zaintzea gustatzen zaiona. Baten batek zerbait behar duenean, laguntzeko prest dagoena.

Beñat: Gizon arrunt bat. Hankak beti lurrean izan ditu, eta beti esku bat botatzeko prest azaltzen da.

Zein ezaugarri positibo nabarmenduko zenuke besteaz?

Joxean: Famili giroa gustuko du, eta lagunen laguna da. Ideiak garbi dituen pertsona bat da. Une txarretan aurrera egiten dakien horietakoa da.

Beñat: Indartsua da horretan. Aipatuko nuke, momentu onetan eta txarretan oinak lurrean izaten dituela, eta hori egunerokotasun batean normala da, baina gauzak gaizki doazenean lasaitasuna transmititzen du.

Zerbait nabarmendu beharko bagenu ez hain positiboa?

Joxean: Denok dugu zerbait hain positiboa ez dena, eta Beñatek ere badu. Ideiak oso garbi izaten ditu, eta, gu, guraso bezala berarekin ados ez bagaude, saiatzen gara aldatzen, baina bere ideiekin indartsu ikusten zaio. Kaskagor samarra ere bada.

Beñat: Semea kaskagorra bada, pentsa aita! Aitari ere buruan zerbait sartuz gero, eta hogeita hamar aldiz aldatzen saiatuta ere, alfer-alferrik izaten dela.

Nora joaten zara edo joango zinateke gustura berarekin?

Joxean: Edozein lekutara. Urte askotan joan gara herri askotara pilotaren aitzakian, eta beti gustura. Urtean zehar ere askotan joan izan gara mendira edo zeharkaldiren batera. Bidaia luze bat egitea gustatuko litzaidake berarekin.

Beñat: Alde horretatik nahiko arruntak gara. Askotan bidaiatu dugu batera, eta normaltasunean jarraitu nahiko nuke. Arratsalde pasa eder bat egingo nuke frontoian pilota partida batzuk ikusiz.

Bestearekin pasatako une bereziren bat edo pasadizoren bat?

Joxean: Une berezi asko ditut, esaterako, partida asko, haserrealdi batzuk ere bai, baina, bat bereiztekotan, bere debuteko eguna. Kiroletik harago, bere ezkontza eguna.

Beñat: Berak bezala, asko dauzkat. Gaur egun, askotan gogoratzen naiz ume gazteak gurasoekin partidetara doazela ikusten ditudanean. Ni ere bidaia horiekin gogoratzen naiz. Batzuetan haserretuta etortzen ginen, baina, Iruñean esaterako partida ona jokatuz gero, Pagozelain gelditzen ginen pintxo bat jaten [barrezka]. Une horiekin gelditzen naiz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!