Eta zer ez da (ez)berdin

«Orokorrean pilota ez dugu osasuntsu ikusten»

Erabiltzailearen aurpegia Unai Ugartemendia 2024ko ots. 1a, 11:59

Oso ibilbide antzekoa egin dute Joxean Urretabizkaia (Ikaztegieta, 1958) eta Beñat Urretabizkaia (Ikaztegieta, 1992) aita-semeek pilotaren munduan. Biak profesionalak izan ziren jokalari gisa, eta, biek, kirol ibilbidea amaitzean, gazteak trebatzen pasa zituzten hurrengo urteak; aitak Ikaztegietako pilota eskolan, eta, semeak, aldiz, Alegiakoan. Hitz errazekoak dira biak ere, eta haien hastapenaz eta kirol ibilbideaz, eta pilotaren gaur egungo egoeraz hitz egiteko elkartu ditugu.

Biak ere bizitzako zati handi bat eskaini diozue pilotari. Joxean, nola gogoratzen dituzu hastapenak?

Joxean Urretabizkaia: Oso gogoan dauzkat oraindik ere lehen urratsak! Gu hasi ginen garaietan ez zegoen pilota eskolarik, eta bakoitzak mugitu behar izaten zuen bere kontura. Ni, Sakramentinoetan (Tolosa) hasi nintzen 11 urterekin edo. Afizio izugarria genuen pilotarekin. Ondoren, herri arteko txapelketetan hasi nintzen 14 urterekin. Jubenil mailan ere urte batzuk aritu nintzen, eta ezagutzera eman ginen garaian, profesionalen eskolara eraman gintuen Joxean Tolosak Bergarara. Han entrenatzen ibili ondoren, profesionaletara egin genuen jauzia.

Aita ezagutu zenuen pilotan?

Beñat Urretabizkaia: Bai! Bere azken urteetan, afizionatuen txapelketak jokatzen zituzten Beotibar frontoian lau eta erdiaren barruan. Binaka jokatzen zuten, eta partidak amaitzean aldageletara joaten nintzen haiengana. Oraindik ere gogoan dut partida haiek amaitzean egiten zituzten hamaiketakoak. Hiru edo lau urte inguru izango nituen.

Zenbat urtera arte aritu zinen jokatzen profesionaletan?

Joxean: Lehen, profesional garaiak amaitzean, ohikoa izaten zen ia berrogei urte inguru arte berriro ere afizionatuen mailan jokatzea. Udan partidu asko izaten ziren, besteak beste, Errioxan edo Soria inguruan. Gaur egun, pilotariak lehenago hasten dira jokatzen, baina amaitu ere askoz lehenago egiten dute. Gu, orduan, pilotan bai, baina aldi berean lana egin behar izaten genuen. Lehen mailako pilotariak soilik bizi ziren pilotatik.

Zure hastapenak Beñat, oso ezberdinak izan al ziren?

Beñat: Aita entzunda, guk ia dena eginda jaso dugula esango nuke. Herriko pilota eskolan hasi nintzen berarekin, eta orduan jada oso txikitatik federatuta jokatzeko aukera izan genuen. Txapelketa asko zeuden, eta maila guztietarako antolatzen ziren partidak. Askoz ere laguntza handiagoa izan dugu guk, haiekin alderatuz. Hasi nintzenean, herrian sei edo zazpi pilotari ibiltzen ginen. Beti frontoian elkartzen ginen. Aita orduan gainera entrenatzaile gisa aritzen zen herriko pilota eskolan, eta ni frontoitik atera gabe egoten nintzen. Zenbat ordu pasa ote ditut frontoian!

Aita izan al zen zure erreferenterik handiena?

Beñat: Ez neukan oroitzapen handirik, baina beti izan da erreferente. Ordu asko pasatzen genituen batera frontoietan, eta txantxetan ere askotan esaten nion: «nire erdirik ere ez zenuen jokatuko zuk!».

Joxean: Frontoi askotara iristen ginenean, askotan aipatzen nion nik: «nik frontoi honetan errebotera bota nuen pilota!». Ondotik azkar jasotzen nuen erantzuna: «nola botako zenuen ba zuk errebotera pilota!». Pilotari askoren hitz jarioa izaten da errebotera botatako piloten gaia.

Joxean, entrenatzaile garaian zorrotza al zinen Beñatekin?

Beñat: Ez nuke hori esango! Segituan konturatzen da bat, umeekin zorrotza izanez gero, ez zoazela inora. Ume bati azkar batean nabaritzen zaio kirol baterako erraztasuna baduen ala ez. Pilotan jolastu nahi duenak zaletasuna behar du denen gainetik.

Gaztetan partida jokatu eta galduz gero, etxerako itzulerak nolakoak izaten ziren?

Beñat: Galtzaile txarra izandakoa naiz beti! Umetan oso atsekabe handiak izaten nituen galtzean, eta askotan negar ere egiten nuen. Ondotik gainera aita zerbait esaten hasten bazitzaidan, bakean uzteko esaten nion. Askotan ixil-ixilik pasatzen genuen ordu erdi inguru. Pixka bat baretzen ginenean hasten ginen hizketan. Halere oroitzapen ederrak ditut etxeko laurak partidetara joaten ginenekoa.

Joxean: Niri ere gaztetan pasatzen zitzaidan, eta ez dago gauza okerragorik, partida galdu, eta etxerako bidean belarri ondoan batenbat handiak esaten entzutea baino! Ez nintzen ni hitz askokoa izaten Beñatekin partidaren bat galdutakoan.

Zuk Beñat, ohikoa dena baino beranduago egin zenuen estreinakoa profesionaletan.

Beñat: Nire estreinakoa kasualitate hutsa izan zela esango nuke. Ordura arte aurrelari moduan jokatzen nuen, eta garai hartan buruz-buruko Espainiako txapelketa jokatzen ari nintzen. Nahiko aurrera nindoan, eta entrenamendu batean atzean entrenatu nuen. Nahiko txukun arituko nintzen [barrezka], eta Mikel Olaetxea entrenatzaileak aipatu zidan atzelari baten bila zebiltzala enpresan. Gogoan daukat nola esan nion: «24 urterekin nola hasiko naiz ba orain atzean jokatzen!». Nik ordurako ez neukan batere esperantzarik pilotarekin. Hurrengo astean entrenamendu batera joan behar nuela esan zidan, baina ez nintzen joan. Handik bi astera, berriro joateko esan zidan, eta orduan joan nintzen. Gutxira, profesionaletan ari nintzen jokatzen.

Aitak nola gogoratzen du semearen estreinakoa?

Joxean: Nik ere ez neukan batere esperantzarik Beñatekin. Bi urte lehenago aipatu izan balidate, agian baietz esango nuke. Afizionatu mailan oso ondo aritu zen, batik bat buruz-buru. Oso belaunaldi ona izan zen Beñaten garaikoa, eta haietako askok ez zuten estreinatzeko aukerarik izan. Bidean jende asko gelditu zen. Estreinakoan lasai nengoela gogoratzen naiz. Banekien sasoiko zegoela, gehienbat debutaren aurreko partidan oso ondo ikusi nuelako. Eta halaxe izan zen. Bere betiko arazoa, eskuak izan dira. Eskuak ondo izan edo gaizki izan, aldea nabaria zen, eta erdia jokatzen zuen. Tako asko jarri behar izaten zuen, eta horrela oso zaila da ondo jokatzea.

Zuk, aldiz, Beñat, nola oroitzen dituzu debutaren aurreko egunak?

Beñat: Lehen aipatutako entrenamendu hura eta gero, ez ziren asko fidatuko eta besteren bat ere egin nuen [barrezka]. 2017ko otsailaren 27an izan zen debuta, inauterietako astelehen batean. Ez nengoen oso urduri. Frontoia beterik zegoen, eta nahiko txukun jokatu nuen. Irabazteko aukera izan nuen, eta ondoren 200 lagun elkartu ginen Usabal sagardotegia zen hartan. Goizaldera arte luzatu genuen debuta.

Behin profesionaletara iritsita, askotan joaten al zinen Beñaten partidak ikustera?

Joxean: Ia beti! Gustura joaten ginen. Oso polita da larunbat arratsalde batean, esaterako, Iruñeako Labritera joatea, edo Gasteizko Ogetara. Arratsalde batzuk oso lasaiak izaten ziren, baina aurkakoak ere izaten genituen. Aurpegira begiratu orduko banekien gustura ari zen edo ez. Lehen aipatu dudan moduan, eskuko arazoak izan dira Beñaten areriorik handienak. Arazo hori gainditu gabe amaitu behar izan zuen bere pilotari ibilbidea.

Beñat: Ez nuen asmatzen. Bizi guztia modu batera jokatzen igaro eta gero, erabat aldatu behar izan nuen atzean jokatzeko. Ez nintzen kolpe handikoa, eta atzelari izanda oso garrantzitsua da seguru sentitzea. Oso oroitzapen txarrak dauzkat partida pare batean, bat Errioxan, eta bestea Markinan. Hobe ahaztea!

Aitak ere horrelakoetan asko sufritzen al zuen?

Joxean: Bai, eta gaur ere oraindik horrela segitzen dut pilotariren bat sufritzen ikusten badut! Gaur egungo adibide bat jartze aldera, Mariezkurrena bera. Izugarria da bera ondo dagoenean ikustea, baina, oso beste aldekoak ere izaten ditu. Pilotari bat pilota jo ezinik ikustea baino gauza tristeagorik ez dago. Ibili garenok badakigu zer den hori. Beñati ere horrelako egun dezente tokatu zitzaizkion.

Arantza hori gelditu zaizu, Beñat?

Beñat: Beno… Debutatu nuen arren, hankak beti lurrean izan ditut. Banekien txukun xamar ibiliz gero, bigarren mailan aritzeko aukerak izango nituela. Buruz-buru ere nahiko ondo ibili nintzen bigarren mailan, baina jarraipen gutxi izan nuen. Esaterako, hiru partida jokatzen nituen jarraian, baina laugarrengoan ezin izaten nuen jokatu. Ordu asko pasatzen nituen tako aproposak egiten, baina hala ere ez nuen asmatzen.

Gaur egun nola dago pilotaren egoera?

Beñat: Gazteen mailan ez dut batere ondo ikusten. Umeen kantitatea eta kalitatea ere jaitsi egin dela esango nuke. Profesionaletan, asko lagunak ditut, eta nahiago nuke denei ondo joatea urte askotan, baina gauza asko dago hobetzeke. Bigarren mailako mutilak oso aukera gutxirekin ikusten ditut. Horrela zaila da hobetzea. Ez naiz oso baikorra. Tristea da esatea, baina ez diot bizitza luzerik ikusten.

Joxean: Gaur egun, telebistarik gabe ez legoke ezer. Pilota oso kirol bakartia da, eta ez da batere erraza umeak pilotara erakartzea. Gauza askotan, orain berrogei urte bezala jarraitzen dugu. Enpresariek, lehen mailarako bakarrik prestatzen dituzte pilotariak, eta badirudi handik kanpo ez dagoela ezer. Dena azkar egin behar dute gaur egun. Eskerrak pilota eskolatan lan handia egiten jarraitzen duten! Benetan pilota maite duen jendea, klubetako jendea da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!