Elkarrizketa

«Garaipenak iritsiko dira, baina garrantzitsuena kohesioa lortzea da»

Erabiltzailearen aurpegia Unai Ugartemendia 2023ko eka. 8a, 11:58

Lorea Berasategi eta Josu Odriozola Alpino Uzturre taldeko mendi lasterkariak.

Alpino Uzturre Mendi Lasterketa Taldean ia 80 lasterkari batu dira dagoeneko; datorren urterako emakumeen txapelketa bat irabaztea dute helburuen artean.

Ilusioz beterik ekin diote Alpino Uzturreko mendi lasterkariek 2023ko denboraldiari. Gaur gaurkoz, ia 80 korrikalari dira taldean, tartean, 25 emakume ere bai. Igandean jokatuko diren T2T eta T3T lasterketetan parte hartzeko asmoa dute ia korrikalari erdiek.

Korrikalari taldeko bi aurpegi ezagunenetakoak dira Lorea Berasategi eta Josu Odriozola tolosarrak. Biak ere, hainbat lasterketan parte hartutakoak dira. Mendi taldearen bilakaeraz hitz egiteko elkartu ditu TOLOSALDEKO ATARIA-k.

Noiz hasi zen Alpino Uzturre Taldeko mendi korrikalarien historia?

Josu Odriozola. Lehen taldetxoa 2015ean sortu zen, baina, orduko hark ez dauka gaur egungoarekin zer ikusirik. Urte batzuk pasa ziren, eta, pandemia tarteko, taldea itzali ere egin zen. Iaz, berriz, taldea berriro ere indartzeko aukerarekin ikusi genuen, eta, gaur egun talde handia gara. Askoz ere korrikalari gehiago gabiltza hastapenetan baino. Lehen mendian gehienak oinez ibiltzen ziren, baina, azken urteetan asko aldatu da kontua. Orain, mendi talde gehienetan mendi korrikalari gehiago daude oinezkoak baino.

Taldea 2015ean sortu arren, ezagun, azken urte honetan egin da.

Odriozola. Bai. Talde bezala ikusten badugu, egitura aurtengoan sendotu dugu gehiago. Taldea berriro ere martxan jartzeko asmoa, bi edo hiru lagunen elkarrizketa batetik etorritako ideia izan zen. Geroztik, jende asko bildu da taldera, eta, sare sozialek ere asko lagundu digute ezagutzera emateko garaian. Taldean badaukagu sareetan trebea den korrikalari bat, Alberto Rey, eta bere laguntza benetan baliagarria izan zaigu gai honetan. Zorionez, eskualdetik kanpoko korrikalari batzuk ere batu zaizkigu taldera.

Zuri, Berasategi, nondik heldu zitzaizun taldean korrika aritzeko gonbita?

Lorea Berasategi. Federatzera joan nintzenean jaso nuen gonbita. Zein ideia zuten argitu zidaten, eta, ea nire asmoak zein ziren galdetu ondoren, talde bat sortuz gero haiengana batuko nintzatekeen galdetu zidaten. Hasieratik, oso ideia ona iruditu zitzaidan. Ni, mendian askotan bakarrik ibiltzen naiz, eta, orain, aldiz, beste jende gehiago ezagutzeko aukera izan dut. Orain, entrenatzera edo lasterketetara jendearekin joateko aukera gehiago dut.

Lehen unetik oso harrera ona izan zuen mendi korrikalarien taldeak. Gaur egun zenbat korrikalari zaudete denera, eta zein distantziatan lehiatzen duzue?

Odriozola. Denera ia 80 korrikalari gaude gaur egun taldean. Oso kopuru polita bildu dugula iruditzen zait, eta oso gustura gaude alde horretatik. Askok, beldurragatik edo, taldean egoteko mailarik ez zutela pentsatzen zuten, baina, guk ideia hori zeharo aldatu behar genuela pentsatzen genuen. Bakoitzak mendian ahal duen neurrian gozatzen du korrika, eta taldean denentzako dago lekua. Maila eta helburu ezberdinak dituen talde anitza gara, eta hori oso aberasgarria da.

Berasategi. Gaur egun, tartean 25 emakume korrikalari daude taldean, eta hori oso albiste ona da. Maratoi arteko distantzian ibiltzen garen korrikalari asko gaude, baina, handik gora aritzeko korrikalariak topatzea ez da batere erraza.

Taldean entrenatzeko aukera izaten duzue?

Odriozola. Hori geroz eta zailagoa da! Gaur egun daukagun bizitza erritmoarekin ez da batere erraza hainbesteko taldea batera elkartzea. Ahal izan dugunean, elkartu izan gara.

Berasategi. Gaur egun, entrenamenduetan baino gehiago, lasterketetara joateko elkartzen gara. Bakoitzak zein lasterketara doan idazten du, eta, taldean joateko aukera dugunean batera joaten gara. Ia astebururo izaten dugu korrikalariren bat lasterketa ezberdinetan.

Korrikalari gehienak eskualdekoak zareten arren, beste herri batzuetako jendea ere bildu zaizue taldera. Oraindik ere gehiago zabaltzeko asmoa duzue?

Odriozola. Zabaldu da ideia, eta espero ez genuen lekuetara ere iritsi gara. Halere, oraindik ere gehiago zabalduko dela iruditzen zaigu. Esaterako, Mutrikuko korrikalari bat, Ondarruko beste bi, Berako neska bat, Mallabiatik eta Ermuatik beste bana… Ohore bat da guretzat horrelako herrietara iristea. Zerbait ondo egin dugun seinale ere izango da [barrezka].

Egutegia nola antolatu duzue? Txapelketetara joateko asmorik edo baduzue?

Berasategi. Aurtengoan ez dugu txapelketetara joateko asmorik. Nahiko asmo berria da geurea, eta korrikalari gehienek jada antolatuta zuten egutegia. Ziur datorren urtetik aurrera egutegiak gehiago finkatuko ditugula.

Odriozola. Aurtengoa trantsizio urtea izango da. Datorren urtera begira ideia eta proiektu berriak ditugu. Txapelketara jendea eramango dugu, eta haietan emaitza onak ateratzea espero dugu. 2019an jada, gizonezkoen taldekako Euskal Herriko Txapelketa irabazi genuen T3T-Tolosaldeko Hiru Tontorrak lasterketan. Emakumeen txapelketaren bat irabaztea izango da hurrengo helburu nagusia.

Babesleak ere batu dira zuen proiektura. Nolako harrera izan duzue haien partetik?

Odriozola. Oso harrera ona izan dugu haien aldetik. Zazpi babesle ditugu gaur egun; Oria Sport, Kardiotek, Ekin Fisioterapia Zentroa, Etxebeste Farmazia, Alaitz Iriarte Nutrizionista, RD Socks, eta Ioana Arbillaga Podologia Klinika. Zinez baliagarria izan da haien laguntza talde oinarri bat sortzeko. Oso pozik gaude denekin. Denak laguntzeko prest azaldu dira.

Etorkizunera begira zein da zuen asmoa?

Odriozola. Lehenik oinarri sendo bat eraiki behar dugu. Ez luke zentzurik izango orain dena bi urtetan jorratzea, eta ondoren dena ahanzturan gelditzea. Helburu garrantzitsuena taldean denak parte hartzea da. Etorkizunera begira erreleboa lantzea ere ezinbestekoa izango da. Gelditzeko etorri gara.

Orain arte jokatutako lasterketetatik zein ondorio atera duzue?

Berasategi. Sentsazioak onak izaten ari dira. Lasterketetan garaipenak lortzea ez da helburu nagusia. Garaipenak iritsiko dira, baina, garrantzitsuena taldearen kohesioa lortzea izango da. Euskal Herritik kanpora ere ibili gara lehiatzen, eta hori ere ederra izan da. Nahiz eta frustrazio batzuk partekatu ditugun, orain artean lortutako lorpenik handiena, denon artean erakutsi dugun babesa izan da.

Odriozola. Lehiara mugatuta, zorionez podium batzuk ere lortu ditugu, eta alde horretatik ezin dugu gehiago eskatu. Uneak eta lasterketak partekatzeak garrantzi handiagoa dauka edozein emaitzak baino.

Igandean jokatuko diren T2T eta T3T lasterketetan taldeko gehienak parte hartzeko asmoa duzue?

Odriozola. Denera, eta bi lasterketak kontuan hartuta, 40 korrikalari inguru elkartuko gara. Kopuru handia da, eta guretzat etxeko lasterketa izanik, urteko helburuetako bat bihurtzen da.

Berasategi. Oso lasterketa kutuna da gehienontzat, eta ahal dugun bitartean bertan egotea gustatuko litzaiguke.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!