Elkarrizketa

«Aurtengo denboraldiak arantza txiki bat utzi dit»

Erabiltzailearen aurpegia Unai Ugartemendia 2023ko mai. 31a, 11:59

Azken denboraldiak zapore gazi-gozoa utzi dion arren, beste urte bat jarraitzeko asmoa du; lasterka ere ari da, eta T2T proban lehen postuetan amaitzea espero du.

Denboraldia amaitu eta atseden hartzen ari da Imanol Rojo (Tolosa, 1990) iraupen eskiatzaile tolosarra. Hiru Olinpiar Joko jokatutako kirolariak, eskiatzen jarraitu nahi du hurrengo urtean ere. Oraindik ere amets batzuk bete nahi ditu bere kirol ibilbidean.

Denboraldia amaitu zenuela jada bi hilabete igaro dira. Nola daramazu atsedenaldia?

Gustura nago. Denboraldia ez da batere erraza izan, eta, une askotan ezinean ere ibili naiz. Fisikoki ez naiz batere ondo sentitu, eta horrelakoetan denboraldia oso luze egiten da. Urteko helburu handienetako batean, jada, lehen egunean arazo batekin hasi nintzen, eta, pentsa, zortzi eguneko lasterketa bat zen! Beherakoarekin hasi nintzen, eta lasterketak iraun zituen zortzi egunetan gaizki ibili nintzen. Atsedena ondo etorriko zait berriro ere eskiak gogotsuago hartzeko.

Nola kudeatu zenuen egoera hura?

Oso ondo prestatu genuen lasterketa hura. Hasi aurreko egunetan jada oso gaizki sentitzen hasi nintzen. Pentsatzen nuen egunak aurrera joan ahala, desagertzen joango zela birusa, baina, ez zen horrela izan. Ehuneko ehunean egonda zaila izaten da sailkapen on bat lortzea, beraz, pentsa gaizki egonda. Ahal nuen moduan bukatu nuen lasterketa, baina ez nik nahiko nukeen bezala.

Asebete zaitu aurtengo denboraldiak?

Ez, batere. Iaz galdetu zidaten ea beste lau urterako indarra baneukan, eta, nik, argi esan nien urtetik urtera joango nintzela. Urte asko daramatzat kirol honetan, eta oso nekagarria da, bidaia asko, lasterketa asko... Beste urte bat probatu nahi nuen, eta probatu dut, baina nik uste baino arazo gehiago izan ditut. Oso zapore gazi-gozoa utzi dit denboraldiak, eta arantza txiki bat ere gelditu zait barrenean. Ez dut argi ikusi aurten, oraindik ere gehiago hobetzeko aukerarik badudan etorkizunean.

Oraindik ere ez duzu argi datorren urtean jarraituko duzun edo ez?

Ez daukat garbi. Nire asmoa beste urte bat jarraitzea da, baina, federazioarekin hitz egin beharra daukat lehenik. Datorren urtean zein baldintza izango ditugun ikusi beharra daukat erabaki bat hartu baino lehen.

Iaz, zure hirugarren Olinpiar Jokoak jokatu zenituen Pekinen. Nork esan behar zizun honetan hasi zinenean.

Bai. Inoiz ez nuen pentsatuko Tolosan hasita, iritsi naizen tokira iritsiko nintzenik. Amets bat baino askoz ere gehiago izan da hiru jokoetan parte hartzea. Azkenekoetan gainera, lehenengo hogeietan sartzeko aukerekin ibili nintzen, eta izugarrizko poza eman zidan hura lortzeak. Urte hauetan guztietan izugarri gozatu dut kirol honetan.

Lehen Olinpiar jokoak oso bereziak izaten omen dira kirolari batentzat. Zuk nola bizi izan zenituen 2014ko Sotxikoak (Errusia)?

Laino batean bezala nengoen. Hegan banengo bezala sentitzen nintzen. Gaur egun munduko eskiatzaile onenekin lehiatzen dut, eta, orain oso normaltzat hartzen dut egoera, baina, lehen haietan dena berria zen niretzat. Niretzat idoloak zirenekin lehiatzera nindoan, eta egun guztia haiei begira pasa nuen. 23 urte nituen orduan, eta izugarrizko esperientzia izan zen. Ez nuen batere presiorik emaitzen aldetik, inork ez zuelako ezer espero nitaz. Asko gozatu nuen. Jokatutako hiru jokoetatik haiek izan ziren onenak.

2018an Pyeongchangen (Hego Korea) izan zinen. Nola oroitzen dituzu?

Emaitza aldetik nigan aurreikuspen handiak jarrita zeuden alde guztietatik, bai federazioaren aldetik, bai babesleen aldetik, eta baita nire aldetik ere. Baina ez nituen bete, eta izugarrizko kolpea izan zen niretzat. Azkenean, lau urtetako lana hiru egunetan jokatzen da, eta dena oker atera zitzaidan. Ez nuen batere gozatu joko haietan.

Emaitza hura eta gero, 2019an dena aldatzea erabaki zenuen. Dena bertan behera uztetik, inoizko denboraldi onena egitera pasa zinen.

Bai, gauzak aldatu behar nituela konturatu nintzen. Andorrako selekzioan zebilen Irineu Esteverekin hasi nintzen entrenatzen. Bertako selekzioaren laguntza izan nuen, eta Esteverekin entrenatzeak asko lagundu ninduen. Oso talde bikaina dute, entrenatzaile onak, fisio onak, eta eskiak prestatzen dituztenak ere profesional bikainak dira. Berriro ere entrenatzeko gogoa errekuperatu nuen. Motibazioz gainezka ibili nintzen urte hartan.

Pandemiaren ondorengo urtea zure kirol ibilbideko urterik onena izan zela esan dezakegu?

Baietz esango nuke. Lehen hogeietan sartu nintzen Munduko Kopako proban, eta Europako Kopako lehen proba ere irabazi nuen. Lasterketa hura izugarria izan zen! Lasterketan zehar, ez nuen sinisten lehen postuan nindoanik! Erreferentzia guztiak onak izan ziren, eta irabazteko aukera izan nuen.

Kirol gutxituetan, Olinpiar Jokoak izaten dira askoren helburu. Zuen kirolean ere antzekoa al da?

Guk, zortez, bi urtetik behin mundialak jokatzen ditugu behintzat. Halere, egia da, hiru urtetan dena ematen dudala, eta Olinpiar Jokoen ondorengoan txakalaldi moduko bat izaten dudala. Gorputzak ere badaki zeharo hustu dela hiru urte horietan, eta, horregatik iazko jokoak amaitu ostean oso atseden luzea hartu nuen.

Udara begira, azken hilabetean korrika ere ikusi zaitugu. Kirolez aldatzea ondo etortzen da deskonektatzeko?

Bai. Arazo asko izan ditut aurtengo denboraldian Munduko Kopan, eta, azkenerako denboraldia amaitzeko desiran nengoen. Eskiak albo batera uzteko gogoa, eta deskonektatzeko beharra neukan. Denboraldia amaituta, beste modu batean eskiatzen dugu, baina, aurten, ez dugu halakorik egin. Gainera, denboraldia inoiz baino lehenago amaitu dugu, eta horregatik hasi naiz lehenago lasterketak egiten. Oso gogotsu nengoen korrika hasteko.

Iaz lasterketa pare bat jokatu zenituen korrika. Aurten ere asmo berdina daukazu?

Eskiko denboraldian arazo batzuk izan ditudanez, aurten ikusi egin nahi nuen ea korrika ere arazo horiek jarraitzen zuten. Nire fisikoa neurtu nahi nuen, eta esan dezaket sorpresa handia izan dela nola nabilen ikustea. Biriketan izandako arazoek ez zidaten arnasa ondo hartzen uzten, eta, korrika, aldiz, kilometroko lasterketan hamar segundo azkarrago ibiltzen ari naiz.

T2T lasterketan (24 kilometro, +1.600 metro) ere izango omen zara.

Bai, bertan parte hartuko dut. Gogotsu nago lasterketarako, eta lehen postuetan ibili naitekeela iruditzen zait.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!