Elkarrizketa

«Maila izugarri igo da mendi lasterketetan»

Erabiltzailearen aurpegia Unai Ugartemendia 2023ko mai. 17a, 20:00

Triatloian eta alpinismoan aritu ondoren eman zuen mendi lasterketetarako jauzia Aitziber Ibarbia zizurkildarrak; abenduan ebakuntza egin zioten eta errekuperatzen ari da, baina ez du baztertzen aurten lasterketaren batean lehiatzea.

Eskualdeko mendi lasterkaririk emankorrenetakoa izan da Aitziber Ibarbia (Zizurkil, Gipuzkoa, 1977) azken hamarraldian. Lesio bat medio, eta abenduan ebakuntza bat egin ostean osatze prozesuan dago. Bere kirol ibilbideko hastapenetan triatloian eta alpinismoan ibili ondoren egin zuen mendi lasterketetarako jauzia. Urte asko daramatzan arren, oraindik ere motibazioa soberan dauka. Ez du uzteko asmorik.

Abenduan egin zizuten juanikoteko ebakuntza. Gaur egun zer moduz zaude lesiotik?

Lesiotik hobeto nago. Hainbeste denbora ebakuntza egin edo ez pentsatzen pasa ondoren, eta zalantza asko izan arren, abenduan ebakuntza egitera ausartu nintzen. Gaur egun, errekuperazio fasean nago. Ondo geldituko denaren esperantza daukat.

Ebakuntza saihesten saiatu arren, azkenean ez duzu beste aukerarik izan.

Bai, hala izan da. Denbora luzean ibili naiz minarekin, baina, azkenerako, kirola egiteko oinetakoak ere ez zitzaizkidan sartzen, ezta bizikletarako erabiltzen ditudanak ere. Korrikarako ere merkatuan zeuden bakarrak erabiltzen nituen. Horrela ezin nuen jarraitu.

Nolakoa izaten ari da errekuperazio fasea?

Oso mantso doa dena, baina, aldez aurretik ere banekien horrela izango zela. Medikuak ere aipatu zidan, juanikoteaz aparte, oineko behatz guztien lotailuak ere kendu beharko nituela, eta halaxe egin nuen. Ebakuntza oso luzea izan zen, baina, ondorengo onurak ere jada ikusten hasita nago. Bizikletan ibiltzen hasita nago, alabarekin ere patinetan ibiltzen hasita nago aspaldiko partez, eskietako eta mendiko botak ere sartzen ditut, beraz, ongi doala esateko moduan nago.

Orain arteko balorazioa positiboa dela esateko moduan zaude?

Bai bai. Oraindik ere korrika egiten lehen bezala egiten uzten ez didan arren, ebakuntza egitearekin asmatu dudala iruditzen zait. Gutxinaka joan behar dut, baina, pausoek ziurrak behar dute.

Kirolariei beti mugimenduan egotea gustatzen zaizue. Nola eraman duzu geldialdi hau?

Juanikotearen ondoko behatza askotan apurtu izan dut, eta, beti ere estresagatik izandako haustura izan da. Haustura bakoitzean, gutxienez lau hilabete egon behar izaten nuen geldirik, eta oso gogoan ditut denak ere! Korrika ezin nuenez egin, bizikletan ibiltzen nintzen orduan sasoia mantentzeko. Oraingoan, aldiz, hiru hilabete pasa behar izan ditut ezer egin gabe. Oina ere ezin nuen ia lurrean jarri. Halere, zeregin asko neuzkan egiteko, eta horiek egiteko probestu dut denbora.

Kirola egitea faltan bota duzu?

Ba, ez pentsa! Gorputza asko alfertu zait denbora honetan, eta gaur egun ez dit hainbeste eskatzen kirola egitea [barrezka]. Azken hamar urteetan lasterketa asko jokatu ditut, eta atsedena ere ez zait gaizki etorri.

Aipatu berri duzu hamabost urte joan direla mendi lasterketei lotuta. 2011n Euskal Kopa irabaztearekin batera hasi zinen podiumak zapaltzen.

Bai, ama izan eta gutxira hasi nintzen ni mendian korrika. Ez dakit zergatik, baina, mendi lasterketekin kateatuta gelditu nintzen hasiera hasieratik. Lasterketa asko irabazi nituen denbora gutxian, eta konturatzerako euskal selekzioan nengoen. Geroztik, ia hamar urte egin nituen selekzioan.

Zure belaunaldiko emakume denak utzita duzue jada euskal selekzioa. Gaur egun nola ikusten duzu emakumeen maila Euskal Herrian?

Zortez, Euskal Herriko emakume korrikalaririk onenekin ibiltzeko aukera izan dut, esaterako, lehenik Oihana Kortazarrekin eta Maite Maiorarekin, ama izan eta gero berriro itzuli zen Oihana Azkorbebeitiarekin, Elena Calvillorekin, Maria Zorrozarekin, Uxoa Irigoienekin… Urte batzuetan bazirudien hutsunea nabarituko genuela, eta, ez dakit pandemiagatik izan den edo ez, baina, gaur egun izugarrizko emakume pila ikusten dut mendian korrika. Gazteak indartsu datoz, eta kalitateko korrikalariak dira gainera. Oso albiste ona da emakumeentzat.

Gaur egun mendian korrika dabilen jende askorentzat erreferente izan zara zu. Zuk erreferenterik izan zenuen?

Lehen lasterketak egiten hasi nintzenean, jada erreferente ziren niretzat Elena Calvillo eta Nerea Amilibia. Calvillorekin, esaterako, selekzioan ere urte asko pasa nituen, eta oso harreman ona daukagu geroztik. Aholku asko ematen zizkidan, eta oso gertuko izan dut beti. Ultra distantziara jauzia egin zuenean, hutsune handia nabaritu nuen selekzioan.

Zu mendian korrika hasi zinenetik urte batzuk pasa dira jada. Asko aldatu al dira mendi lasterketak geroztik?

Bai, asko. Halere, nik mendi lasterketak 2011n ezagutu nituen, eta ez da hainbeste denbora pasa. Orduan, jada, aurretik euskal selekzioan egondako askok aipatzen zuten gauzak aldatzen ari zirela, esaterako, materialean. Beraz, pentsa zenbat aldatu diren gauzak beste hamabi urtean! Gaur egun mendi lasterketak etxetik jarraitu daitezke, eta alde horretatik gozamena da lasterketak horrela jarraitzeko aukera izatea. Orain dela hamar urte pentsaezina zen gaur egun ikusten ditugun irudiak ikustea, bai bizikletarekin grabatutakoak, bai dronearekin… Alde horretatik aurrerakuntza asko egin dira.

Mendi lasterketen aldeko apustu garbia egin dela ikusten duzu?

Baietz esango nuke. Diru asko sartu da mendi lasterketetan, eta korrikalari dezente bizi dira mendi lasterketetatik. Lehen, bi talde besterik ez zeuden, eta gaur egun talde asko sortu dira mendi lasterketen inguruan. Publizitate asko egiten ari dira denak mendi lasterketetan.

Dirua sartzeak maila igotzea ekarri du?

Bai, zalantzarik gabe. Gaur egun, kalitate handiko korrikalariak daude, eta marka guztiak hobetzen ari dira etengabe. Lehen badirudi denbora pasara ateratzen ginela! Bere garaian, ni ere oso kontziente nintzen mendi lasterketek izango zuten garapenaz. Ez zen normala gu hain berandu hasi, eta entrenatzen genuenarekin hainbeste lasterketa irabaztea. Hor ikusten zen ez genuela izugarrizko mailarik. Ni beti oso kontziente izan naiz horretaz.

Lesioak uzten badizu, aurten ikusiko zaitugu lasterketaren batean?

Aurtengo urtea ez da joango lasterketarik jokatu gabe! Ez dut baztertzen, esaterako, T2T-Tolosaldeko Bi Tontorretan parte hartzea. Badakit ezinezkoa izango dela erditik aurrera sailkatzea, baina lasterketa amaitzearekin konformatuko nintzateke. Eta korrika ez badut egiten, Pirinioetara bidaia batzuk egiteko asmoa daukat udan. Gauza asko egin daitezke bertan korrika egin gabe. Pasa den urtean beste aktibitate batzuk egin genituen, eta naturaz gozatzeko modu asko daude.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!