Azken urteetako mendi korrikalaririk ezagunenetakoa da Iñaki Olano (Altzo, 1988). Euskal Herriko hainbat lasterketa irabazi eta gero, euskal selekzioarekin lehiatzeko aukera izan zuen nazioartean. Gaur egun, Soronea Ammma taldeko kidea da.
Egun, mendi korrikalari ezaguna zara. Baina zein kiroletan aritzen zinen gazteagoa zinenean?
Pilotan ibilitakoa naiz. Hogei urtera arte edo, Altzoko, Alegiako eta Ikaztegietako pilota eskoletan ibilitakoa naiz. Ez genuen gauza handirik egiten, baina, Euskal Herriko hainbat frontoitan ibilitakoa naiz. Hasieran, aurrean jokatzen nuen, baina, urteak aurrera joan ahala, atzean amaitu nuen. Etxean, halere, gurasoek beti izan dute mendizaletasun handia, eta nik ere hirumilako batzuk oso garaiz egin nituen.
Zergatik utzi zenuen pilota?
Eskuetako minarekin ibiltzen nintzen, eta asko sufritzen nuen. Horrez gain, ikusten genuen geure etorkizuna ez zela pilotaren inguruan izango. Astebururo partiduak izaten genituen, eta, urte horiekin badakizu, parrandarako gogoa ere izaten da [barrez]. Oso oroitzapen onak dauzkat garai hartakoak. Jende asko ezagutzeko aukera izan nuen, besteak beste, gaur egun pilotari handia den Jon Ander Albisu, Beñat Urretabizkaia, edo Mikel Artola bera. Ordurako, jada, nahiz eta gu baino gazteagoa izan, agertzen hasia zen Iñaki Artola bera ere. Txikitatik nabaritzen zitzaizkion pilotari onen itxurak. Urte ederrak izan ziren, eta guregatik lan handia egindako jende asko dago. Nola ahaztu Jexux Muruak edo Josean Urretabizkaiak urte haietan guztietan egindako lana. Aitak ere ikaragarri lagundu zidan pilotako urteetan.
Eta korrika, nolatan hasi zinen?
Apustu bat egin genuen Behobia-Donostiaren aitzakian. Sei izango ginen parte hartu behar genuenak, eta azkeneko hirurek lehen hirurei bazkaria ordaindu behar zieten. Orduan hogei minutuko korrika saioak egiten nituen! Gaur egun apustu hartaz gogoratzean, oraindik ere barrezka hasten naiz [barrez]. Lehen Behobia hura oso polita izan zen, eta, gainera, bazkaria irabazteko gai izan nintzen. Geroztik ez naiz hara itzuli, nahiz eta askotan pentsatu dudan itzultzea
Gerora etorri zen mendirako jauzia?
Mikel Senperena lagun minarekin hasi nintzen mendian korrika. Berak Zegama-Aizkorri mendi lasterketan irteteko dortsala lortu zuen, eta hari laguntzera joan nintzen lasterketa egunean. Urbiatik Zegamarako zatia egin nuen berarekin. Haren atzean joan nintzen hura animatuz. Gogoan daukat azken jaitsieran, eta zegoen lokatzarekin oinetakoa bertan gelditu zitzaidala. Jarduera hura gustatu, eta, hurrengo urtean T3T-Tolosaldeko Hiru Tontorretan (43 kilometro eta +2.900 metro) eman nuen izena. Lehen aldia zuen lasterketak, eta bertan ateratzea erabaki genuen Senperenak eta biok. Hura prestatzeko lasterketa batzuk egin nituen aurretik, esaterako, Aiako Mendi Lasterketa, eta Antzuolako 8 Miliak. Askotan esan izan dut, T3Tko lasterketarengatik eta antolatzaileengatik ez balitz, agian, ez nintzatekeela mendi lasterketetako mundu honetan murgilduko.
Urte batzuetara T2T-Tolosaldeko Bi Tontorrak (24 kilometro eta +1.600 metro) irabazteko gai izan zinen.
Bai. Ordura arte, maratoia egiten nuen, baina, urte hartan, Zegama-Aizkorri korritzeko dortsala lortu nuen lehenbizikoz. Zegama-Aizkorritik Tolosako lasterketara bi aste besterik ez zeuden, eta T2T egitea erabaki nuen. Irabazteko zortea izan nuen, eta oso oroitzapen politak ditut.
Lehen lasterketak jokatzetik lehen lasterketak irabaztera ez zen denbora asko pasa. Zer oroitzapen duzu irabazitako lehen lasterketaz?
2017an irabazi nuen lehen lasterketa. Gabirian jokatzen den Leharrei (24 kilometro eta +1.300 metro) mendi lasterketa izan zen. Izugarria izan zen. Oso oroitzapen onak ditut lasterketaz, eta azken urteetan, ahal dudan heinean, joatea gustatzen zait.
2019an euskal selekziora joateko deia jaso zenuen.
Bai, eta nola ez gogoratu! Nik, beti, selekzioa oso urruti ikusten nuen, baina, denontzako izugarria zen selekzio hura. Bertan zeuden korrikalariak, bertako giroa… Nik, orduan, etxe inguruko lasterketa batzuk irabazten nituen, baina, denbora laburrean jarraikako lasterketa batzuk irabazteko aukera izan nuen. Gutxira etorri zen deia, eta, hasieratik, errespetua eta beldurra sentitu nituen aldi berean. Elastiko urdin hura janztea izugarria zen niretzat.
Presio berezia sortzen zuen selekzioarekin jokatzeak?
Baietz esango nuke. Lasterketa askotara joan, eta askok espero dute zuk irabaztea. Baina selekzioaren elastikoarekin joatea beste kontu bat zen. Lanagatik ez nuen denbora asko izaten entrenatzeko, ordurako jada aita ere banintzen, eta askotan galdetzen nion neure buruari hura dena aurrera ateratzeko gai izango ote nintzen. Halere, argi neukan selekzioari ezin niola ezezkoa eman. Etorkizunean ez nuen aukera gehiagorik izango ziurrenik. Gogoan daukat oraindik ere Jokin Lizeaga mendi korrikalariak aipatu zidana; euskal selekzioarekin Zegama-Aizkorri bat korritzeak ez dauka preziorik, eta aukera izanez gero probesten saiatu! Bertan pasa nituen hiru urte. Ez genuen bertan ondo bukatzeko aukera izan.
Hassan Ait Chaou bezala, 2021eko abendu hartan, zu ere bertan zinen selekzioarekin lehiatzeari uko egin zenionean. Nola bizi izan zenuen hura dena?
Amorruz bizitu nuen! Nik, banekien mendi lasterketetatik ez nuela bizitza aterako, ez nintzelako korrikalaririk onenetakoa. Baina aurretik egindako lan guztiagatik sentitzen nuen amorru handiena. Egun batetik bestera dena hankaz gora bota zuten. Aurreko guztia ezabatu nahi zuten, bertan zer zegoen ikusi gabe. Izugarrizko pena sentitu nuen. Lehiaz harago, euskararen aldarria ere egiten zuen selekzio hark. Ni bertan egondako denboran, euskaraz bakarrik hitz egiten zen bertan, nahiz, eta, bertan, euskal eremutakoak ez ziren korrikalari batzuk egon. Oraindik ere whatsap talde bat badugu, eta inoiz ez dut hitz bat erdaraz irakurri.
Zuk oso argi utzi zenuen zuzendaritza honek jarraitzen zuen bitartean ez zinela euskal selekziora itzuliko. Oraindik ere berdin pentsatzen jarraitzen duzu?
Bai, ez dut iritzia aldatu, eta ez dut aldatuko. Geroztik, hautatzaile berriek, behin baino gehiagotan deitu didate berriro ere itzultzeko. Niretzat, hauek egin dutenak, ez du hitzik. Errespetu bat merezi zuen aurretik egindako lanak.
Selekzioa utzi ondoren, lehenik Camp Base taldean aritu zinen, eta aurten, berriz, Soronea-Amma taldean ariko zara.
Alex Jimenezi zor diogu dena. Lan handia egin du taldeak aurrera ateratzeko, eta alde horretatik asko diogu eskertzeko. Talde handia gara, eta oso korrikalari onak daude bertan. Lehengo euskal selekziotik batzuk ere elkartu gara berriro ere hemen, besteak beste, Hassan Ait Chaou, Ander Iñarra, Iñigo Alzola, edo Xabi Lete. Motibazio bat da korrika egiten jarraitzeko, eta laguntza batzuk izango ditugu aurrera segitzeko. Aurten egingo ditudan lasterketa guztiak haiekin jokatuko ditut.