Eneko Gurrutxagak (Amasa-Villabona, 1986) urteak daramatza korrika eta bizikleta uztartzen, eta oraindik ere gozatzen jarraitzen duela dio.
Euskal Herriko Mendi Duatloien Zirkuituko denboraldia amaitu berritan, Kataluniara egin zenuten denboraldiko azken irteera. Gustura ibili al zineten?
Urteroko hitzordua izaten da Odenakoa. Zirkuituan lehen bosten artean ibiltzen direnak joaten dira denboraldiari amaiera emateko asmoarekin, eta aurten ere bertan izan ginen. Festa moduko bat izaten da guretzat, familiarekin joaten gara eta oso ondo pasatzen dugu. Bi funtzio betetzen ditu irteerak; lehena, sari moduan, eta, bigarrena, aldarri moduan. Euskal Herriko Mendi Duatloi Zirkuitua ezagutzera emateko baliatzen dugu.
Irailetik abendura jokatzen den zirkuitua izaten da mendi duatloiena. Zer moduz joan da denboraldia?
Balantzea ona izan da, nahiz eta ni ez naizen nire punturik onenean ibili. Halere, nahiz eta oso sasoian egon, ez dakit Josu Urrestarazuri aurre egiteko gai izango nintzenik. Izugarrizko denboraldia egin du, eta atera dizkigun tarteak oso handiak izan dira. Garaiezin ibili da denboraldi guztian zehar! Indartsu egon izan banintz, agian, lasterketaren batean haren aurka lehiatzeko moduan egongo nintzateke, baina, ez dut inolako aukerarik izan.
Aurtengo denboraldia ezberdina izan al da zuretzat?
Bai, etxean ere lanak pilatu egin zaizkidalako. Bi umerekin etxean, entrenatzeko denbora oso gutxirekin ibili naiz. Aste batzuetan, ordu erdiko hiru entrenamendu eginda joan izan naiz lasterketara. Horrela oso zaila da sasoia mantentzea. Pentsa, lasterketan, denbora gehiago pasatzen nuen aste guztian entrenatzen baino! Lasterketetan maila txukuna eman dudala iruditzen zait, eta podiuma borrokatzeko gai ere izan naiz.
Sasoiaz harago, zortea ere ez duzu alde izan aurtengoan.
Ez, hori ere horrela da! Hamaikagarren urtea izan du zirkuituak aurten, eta denetan atera izan naiz. Beste urte batzuetan, oso arazo txikiak izan ditut, baina, aurtengoan, denetik pasa zait; bi aldiz zulatu dut gurpila, bi aldiz apurtu ditut erradioak, beste batean matxura bat… Zorte txarra pilatuta ibili naiz.
Gogorra al da korrika eta bizikleta uztartzea?
Gogorra da, baina, niretzat, soberan dagoena azken korrika saioa da. Errepideko duatloietan ere horrela izaten da, eta ez dakit oraindik zein den horretarako arrazoia. Zergatik ez da hasierako korrika saioa gehiago luzatzen, eta horrela uzten? Inork ez dit galdera erantzuten. Baina galderara itzulita, esan dezaket, hainbeste urte eta gero, gorputza ohitu egiten dela. Nire indarretako bat gainera, diziplina arteko aldaketa da. Erreza egiten zait. Jende asko dago bi kirolak bananduta eginda izugarrizko maila duena, baina, biak uztartzean maila izugarri jaisten duena.
Mendi duatloietan hasi aurretik, txirrindularitzan ibili zinen zu. Nola gogoratzen dituzu hastapenak?
Hamabi urte izango nituen hasi nintzenean. Halere, ordura arte edozein lekutara joateko ere, beti bizikletaren gainean joaten nintzen. Orduan Villabonako Irrintzi elkartean ibiltzen zen lagun batek aipatuta hasi nintzen taldean. Maila guztiak igaro nituen ondoren. Lehen lau urteetan, jolas moduan ikusten nuen kirola izan zen hura. Ondo pasatzera joaten ginen oro har. Ondoren, gauzak aldatzen joan ziren. Kadete mailan, aldiz, konturatu nintzen entrenatu egin behar zela. Hura ez zen bizikletan ibiltzea soilik. Jubenil mailan, Tolosara joan behar izan nuen, taldean bakarrik gelditu nintzelako. Bertan, lagun handiak egin nituen, eta, gainera, lehiakorrak ginen denok. Afizionatuetan ere oso gustura ibili nintzen, baina, izugarri sufritu behar izan nuen.
Urteak daramatzazu kirolaren munduan. Gaur egun ezinbestekoa bihurtu da kirola zeure bizitzan?
Bai. Beti egin behar dut zerbait; izerdia atera, nekatu… Nire buruari asko laguntzen dio. Egunerokotasunean sartzean, betiko kontuak izaten ditugu, umeak, lana, estresa… Askotan, ordu erdi nahikoa izaten dut guztiaz ahazteko, baina, hori beharrezkoa dut. Bi egun jarraian kirolik egin gabe ematen baditut, umorean nabari izaten dut.
Lehen, etxean bi haur dituzula ere aipatu duzu. Orain zailagoa al da entrenatzeko denbora ateratzea?
Bai. Bi haurdunaldietan egin ditut denboraldirik onenak. Entrenatzeko denbora asko izaten nuen orduan, nahiz eta etxean beti bota izan dudan esku bat. Oraindik oso txikiak dira biak, eta lan handia ematen dute. Arreta ere eskaini behar zaie une oro, baina, gauza oso onak eman dizkit aita izateak.
Entrenatzeko motibazioak oraindik ere jarraitzen du?
Bai bai! Aita izan aurretik, Jon Ergüinek esaten zidan orduan haurrak izan behar nituela, ez nuela entrenatzen-eta! Denbora gehiegi izatean, ez dela entrenatzen, ibili besterik ez dela egiten. Berak berrogei minutu izaten zituela, eta ahal zen ondoen entrenatu behar izaten zuela denbora murritz horretan. Hori, orain iritsi da gure etxera [barrezka]. Egunean zehar tarte txikiren bat ikusten badut, ez dut zalantzarik egiten, prestatu eta atera egiten naiz.
Denboraldia amaitzean atsedenerako egunak hartzen dituzu?
Bai. Normalean, sasoia amaitzean, bizikleta eta oinetakoak alboratu egiten ditut, denboraldia oso gogorra egin izan zaidalako. Baina aurten ez dut hainbesteko betealdirik izan denboraldian zehar, eta jarraitzeko asmoa daukat.
Neguan ezer berezirik lehiatzeko asmorik baduzu?
Oraindik ez dut ezer begiratu, baina, ziurrenik, neguko triatloiren bat egingo dut. Ez dakit zein motatako lasterketa izango den. Halere, azkenean ez badut lehiatzen ez da ezer pasako. Etxekoen egutegiak garrantzi handiagoa izango du lasterketenak baino [barrezka].
Eta datorren denboraldira begira, zer lehiatzea gustatuko litzaizuke?
Mendi lasterketaren bat egitea gustatuko litzaidake, eta, batez ere, Tolosaldeko Bi Tontorrak (24 kilometro, +1.600 metro) daukat begiz-jota. Sei edo zortzi kilometro korrika egitetik hogeita lau korri egitera koska handia dago, baina, entrenatzen hasi beharko dugu. Urtero nabil ateratzekotan, eta, agian, 2023a izango da urtea.
Mendiko bizikletarekin ere ibiltzea gustatuko litzaidake, baina, oraindik ez dut egutegia begiratu ere egin. Inoiz ez naiz egutegi bat egitekoa izan. Dakidan gauza bakarra zera da, irailean berriro ere mendi duatloiko zirkuituan ariko naizela.