Milaka eta milaka dira, adibidez, heldu eta gero euskara ikasteko urratsa egiten dutenak. Nagusi dira, eta gero eta nagusiago, seme-alabentzat euskarazko irakaskuntza hautatzen duten gurasoak, askotan haiek euskara menderatzen ez badute ere. Gero eta gehiago hazten ari da euskal hiztunen kopurua, gero eta gizarte elebidunagoa osatzen ari gara. Gero eta eremu gehiagotan dugu euskara ikusgai eta entzungai. Gero eta biziagoa dugu euskara, gero eta bizikidetzarako baliagarriagoa.
Euskararen Nazioarteko Eguna guztiz une egokia da euskararekin dugun konpromisoa berretsi eta lau haizetara zabaltzeko. Eta euskara bera lau haizetara zabal dadin, euskara gero eta gehiago, gero eta gauza gehiagotarako, gero eta toki gehiagotan erabiltzekoa dugu konpromisorik funtsezkoena. Euskara erabili. Berriz ere erabili. Eta behin eta berriro erabili. Horixe da gure hizkuntzari benetako arnasa emateko modurik seguru eta eraginkorrena.
Eta politikagintzaren eremutik atera gabe, guztiz garbi dugu guk ez dugula euskara sekula erabiliko abantaila politikorik ateratzeko. Izan ere, eta Mitxelena maisuak beti bezain zuhurki gaztigatu zigunez, «euskara ahulegia baita armatzat hartzeko». Aukera-berdintasuna nahi dugu guk, bai, euskararentzat. Horrela bakarrik eraiki baitaiteke, gurean, elebitasun gero eta orekatuago batean bizikidetza armoniatsuan aurrera doan gizarte bat. Eta hori da gure helburua, euskara sustatzeko politikak bultzatzerakoan. Denon artean, denok garelako ezinbestekoak euskara biziberritzeko ahaleginean. Ahalik eta adostasun zabalenean, horixe baita hizkuntza politika iraunkor edo jasangarriaren giltza. Arrakastaren eta etorkizunaren giltza. Euskararen erabilera etengabe indartzeko ezinbesteko gakoa.